Friday 26 April 2013

«Internetek alferrago egiten gaitu, eta sormena zapuzten digu; arazo orokorra da»

Rhosyn, musikaria.


Kieslowskiren film batean bezala, Mursegok ahizpa biki bat du Londresen. Txelo eta ahots soilarekin orkestra osoa sortuko du Rhosyn musikari ingelesak gaur Bilbon, igerileku baten azpian.
Rose Dagulek (Londres, 1988) Rhosyn izen galesa hartu zuen 2010ean, Rhoscolyn hirira (Gales) joan zenean bakardadean bere musika sortzeko. Izan ere, bakardadeak definitzen du orain egiten duen lana. Txeloarekin eta ahotsarekin, emakume orkestra baten erregistro osoa lortzen du. Bilboko Alondegiaren igerilekuaren azpian joko du gaur, 21:00etan, Urpeko musika zikloan.





1980ko Fama filmean, irakasle zahar klasiko batek esaten dio sintetizadoreekin dabilen ikasle bati: «Hori ez da musika, hori masturbazioa da!». Zurea ikusiko balu, zer ez luke esango?

Nik txeloa txelo gisa erabiltzen dut, beraz, tresna klasikoa da, ez da sintetizadore bat txeloa imitatzen saiatzen. Halere, nik dena egiten dut, talde oso baten soinuak, eta, bai, egia da, alde horretatik, egiten dudana masturbazioa da.

Mutur batetik bestera zoaz. Wap Wap Wow zeure azken taldean bederatzi musikari zineten. Zergatik orain bakarrik?

Beti idatzi dut musika neure kabuz. Taldeetan aritu naizenean, musika hori talderako moldatu izan dut, besterik gabe. Errezagoa zait bakarrik aritzea. Gustuko dut kontrola eramatea.

Musikari asko ari dira orain bakarrik jotzen eta loop pedalak erabiltzen. Ondorio soziologikoren bat atera dezakegu hortik?

Zerikusi gehiago du musikaren industriarekin. Merkeagoa eta errazagoa da bakarrik ibiltzea. Beraz, diskoetxeak bakarlariak ari dira bilatzen. Errazagoa da, errazago hori oso modu zinikoan ulertuta. Orain, gainera, aiseago idazten eta jotzen duzu musika bakarrik, software eta gailu asko daudelako horretarako.

Txelo jotzaile gisa agertzen zara, baina, zure musika entzunda, ahotsa are garrantzitsuagoa dela ikusten da berehala.

Musika sortzeko orduan eragina handia izan du niregan Meredith Monkek eta a cappella abesturiko musika klasiko askok.

Nola lortzen duzu ukitu naif hori izatea, gozoegi izan gabe?

Ez dakit, baina uste dut lekuak ematen didala hori. Galesen izan naiz musika gehiago sortzen. Hobeto sortzen dut lekuz kanpo nagoenean eta haserre nagoenean. Uste dut haserreak uxatzen duela gozokeria. Haserre nago modu lasaiean, eta musikarekin adierazten dut. Zapuztuta nago gizartearekin, Internetekin, eta, sarri, mutilekin. Gizarte sareetatik informazio gehiegi jasotzen dugu gaur. Youtube gehiegi ikusten dut, esaterako, eta sarriegi nabil Faceeboken. Internetek alfertu egiten gaitu, eta sormena zapuzten digu; arazo orokorra dela ikusten dut. Nire adinako jendeak egun osoa pasatzen du pantailaren aurrean. Maite dut jendearekin elkartzea, eta irakurtzea.

Pitchfork blogean diotenez, zure abesti Glass «klasiko bat» da dagoeneko.

Zein jatorrak. Egia esan, duela pare bat urte sortu nuen kanta, eta badirudi irauten ari dela. Egin dudan abesti indartsuenetako bat da, baina ikusiko dugu zer sortzen dudan etorkizunean. Urte amaierarako beste EP bat plazaratu nahi dut, eta, gero, beste zerbait luzeago.


Badakizu igerileku baten azpian joko duzula Bilbon?

Bai, eta ikusteko irrikan nago. Desberdinak dira nire grabazioak eta zuzenekoak. Zuzenean nahiago izaten dut kantak sinpleago egitea. Uste dut argia nire musikarekin bat etorriko dela, tarteka oso lasaia delako, eta lasaigarria.

No comments:

Post a Comment