Saturday 20 April 2013

«Suizidioa erabiltzen dut amaieren eta hausturen inguruan hitz egiteko»

Maria Cabeza de Vaca, koreografoa.





Nork bere burua hiltzeko zazpi modu zerrendatu zituen Louise Bourgeois artistak, eta zerrenda horretan oinarritu du Cabeza de Vaca dantzariak bere lana; asteburu honetan Bilbon taularatuko du.
Edu Lartzanguren

Dantzari eta koreografoa da Maria Cabeza de Vaca (Kordoba, Espainia, 1969), eta Una forma fácil de acabar con todo lana aurkezten ari da Bilboko Fundicion aretoan. Gaur, 20:00etan taularatuko du bakarkako lana. Bihar, 19:00etan.



Suzidioaren inguruko lan bat egitea ez al da arriskutsua etxegabetzeek eta krisiak jendea bere burua hiltzera bultzatzen duen garai batean?

Pieza lantzen hasi eta berehala konturatu nintzen horretaz. Non sartzen ari naizen esan nion neure buruari. Baina, ez, zergatik bada? Sortzaileak edozein iturri erabil dezake gaiari edozein aldetik heltzeko. Piezak ez du suizidioaz hitz egiten, izateaz hausnartzen du. Suizidioa erabiltzen dut amaieren inguruan hitz egiteko, zeure burua berriz asmatzeaz, borrokan jarraitzeko beharraz. Beraz, guztiz kontrakoa da: kemenaz ari naiz, aurrera jarraitzeko indarrak biltzeaz. Heriotza, nire agertokian, norbera berriz sortzea da. Suizidioak beste tratamendu sakonago bat beharko luke, eta beste tonu bat.

Louise Bourgeois artistak idatzitako 7 Easy Ways to End it All testua erabili duzu. Nork bere burua hiltzeko zazpi modu zerrendatu zituen. Eta lan «optimista» dela diozu?

Louis Bourgeoisen testua aurkitu nuenean, harrituta utzi ninduen azala eta mamiaren arteko kontrasteak: hiltzeko moduak era xalo batean idatzita, erosketetarako zerrenda bat balitz bezala. Testua gorde egin nuen, ariketaren bat egiteko, baina, azkenean, bakarkako lan bat egiteko ideia eman zidan. Optimista da, heriotzaz ez ezik, amaieraz eta apurketaz ari delako, berriz sortze aldera. Nik tonu hori eman nahi diot.

Nola sortu zenuen?

Lanean hasten zarenean konturatzen zara ideia batek urrutira eramango zaituen. Nork bere burua hiltzeko modu bakoitzari buelta bat ematen diot, eta neuk nola egingo nukeen aztertzen dut. Hasieran, ia performance bat zen, baina ikusi nuenean horretan lan egiten jarraitu nahi nuela, eskeleto hori dantzarekin janzten jarraitu nuen.

Esan duzunez, «ergeltasuna» erabiltzen duzu gaiari aurre egiteko. Zer esan nahi du horrek?

Nire beste hainbat lanetan ere erabili dut ergeltasuna. Umorea ez dut errealitateari ihes egiteko modu gisa baliatzen, baizik eta bizirik irauteko era moduan. Nire agertokiko izaerarekin du horrek zerikusia, ziurrenera. Ergeltasuna clown hizkuntzarekin lotzen dut, umorearekin eta baikortasunarekin.

Louise Bourgoisek Guggenheim museoaren aurrean duen armiarmatik ez oso urrun taularatuko duzu lana. Eskultura handi horren azpian egitea bururatu al zaizu?

Proposatzeko modukoa da ideia, bai. Artista askok inspiratu naute, baina nire lehenengo bakarkako lana He Disappeared into Complete Silence izan zen, eta hori ere Bourgeoisen lanean oinarrituta dago, marrazki sail batean. Ez naiz hura bezalakoa, baina, ez dakit zergatik, haren lanek eraman naute nireak sortzera.

Ikusleak euren burua hiltzeko gogoz ateratzen dira zure lana ikusi ondoren?

Modu askotan hartu izan dute: batzuri jostagarria iruditzen zaie; beste batzuri, gogorra. Normalean, harriduraz hartzen du jendeak. Zarata asko dago, kolpe asko; zikintzen naiz, eta apurtu egiten dut. Horren eraginez, jendea adi egoten da, lanaren barruan.

No comments:

Post a Comment