Saturday 13 April 2013

«Orain sartuko ginateke independentzia eta Euskal Estatua diseinatzeko fasean»


Ane Larrinaga, soziologiako irakaslea.

Huhezi

Kulturaren ikuspegitik Euskal Estatua zertarako behar dugun eztabaidatuko dute gaur hainbat alorreko sei adituk, Eibarren, Ipar Hegoa eta UEUk bultzaturiko hausnarketaren azken mintegian.
Soziologiako irakaslea da EHUn Ane Larrinaga (Mungia, Bizkaia, 1960). Zertarako Euskal Estatua kulturaren ikuspegitik eta zein da gure abiapuntua? jardunaldiak gidatuko ditu gaur, 09:30ean hasita, Eibarko Markeskoa jauregian (Gipuzkoa). Larrinagaz gain, Patxi Juaristi, Fito Rodriguez, Iñaki Martinez de Luna, Josu Amezaga eta Julen Arexolaleiba arituko dira hizlari. Sartzea libre da, eta doan.



Ipar Hegoa Fundazioak argitaraturiko Euskal Estatuari bideak zabaltzen liburu sortaren harira egingo duzue gaurko mintegia.

Euskal Estatu batek izango lukeen bidegarritasuna hainbat ikuspegitik aztertzeko adituak bildu dira sorta horretan, azterketa akademikoa egiteko, sozioekonomiko aldetik, alde juridiko-politikotik, lurraldetasunetik, herritartasunaren ikuspegitik... Gaurko mintegian kulturaren aldetik aztertuko dugu. Lan hori zabaldu nahi dugu, eta eztabaida piztu aditu eta interesatuen artean.

Zuk galdera gakoa egingo duzu hor: Estatua zertarako, kulturaren ikuspegitik?

Estatuak eskaintzen ditu kultur tresna batzuk —kultura zentzu zabalean— gizarte kohesioa lortzeko eta gizarte bat sortzeko eta birsortzeko. Tresna horiek oso garrantzitsuak dira. Estatua ez da botere politiko hutsa, gizarte eredu bat sortzeko ahalmena dauka. Botere politikotik harago, botere sinbolikoa du estatuak, kultur baliabideen bidez agertzen dena.

Ez duzu uste euskal estatugintzan —nolabait deitzearren— orain arte soilik alde sinboliko horretan jarri dela indarra?

Ez dakit orain arte benetan euskal estatugintzarik egon den. Egitasmo politiko abertzaleetan aipatzen da independentziaren ideia, edo erabakitzeko eskubidearena, baina, oraindaino, ez dute aukerarik izan diseinatzeko zer den estatu eraikuntza eta nola egin beharko litzateke. Beharbada, orain sartuko ginateke fase horretan. Adibidez, Katalunian, orain egin dituzte urrats jakin batzuk: aditu talde bat sortu dute, diseinu bat egiteko. Gurean ere heldu da estatuaren eraikuntzaren inguruko eztabaida zabaltzeko, Europako testuinguruan pil-pilean dagoelako gaia.

Estatua egitasmo sinboliko gisa aztertuko duzu. Kirol selekzioak sinbolo indartsuak dira, eta ostegunean horretaz hitz egin zuten Legebiltzarrean. Gehiengo abertzalea ez zen ados jarri, eta gutxiengo espainiazaleak barre egin zuten errukirik gabe. Ez al da sintomatikoa?

Prozesu hauetan alde batean daude egitura politikoak eta horiek ezartzen dituzten mugak, baina gizartearen borondatea izango da erabakigarria. Oraindik ez dago hainbeste garatua borondate eta presio hori, eta adierazpen politiko eskasa dauka, baina borondate demokratiko hori erabakigarria izango da.

Aski izango da Europan zabaldu den giroa Espainian ezarri duten zentralizazio dinamikari aurre egiteko?

Espainiako Estatuan erakunde krisia sakona da oso. Instituzio nagusiekin herritarrek duten mesfidantza izugarria da. Zentralizazio asmoak baino eraginkorragoa litzate haientzat euskaldunei eta katalanei soka apur bat laxatzea, eta autonomia handiagoak edo osatuagoak negoziatzea, estatuaren egiturari eusteko. Ez du ematen, halere, hortik joko dutenetik. Eta bide instituzionalak itxiak aurkitzen dituzunean, agian, irtenbideak modu erradikalagoan planteatzen dituzu, Katalunian bezala.

No comments:

Post a Comment