Wednesday 17 April 2013

«Ez dute torturatzeagatik torturatzen Espainiako Estatuan; lan metodo bat da»

Ricard Salom, dokumentalgilea.


'120 ordu: La tortura contra Euskal Herria' dokumentala erakusten dabil Ricard Salom sortzaile katalana. Tortura salatu dutenen lekukotasunekin osatu eta jendearen emariekin grabaturiko lana da.
Edu Lartzanguren
Ricard Salom (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1975) bere lehen dokumentala estreinatzen ari da egunotan: 120 ordu: La tortura contra Euskal Herria. Atzo, Gasteizen egin zuen lehen emanaldia. Gaur, 19:00etan, Iruñean aurkeztuko du lana, Kale Nagusiko 50.ean. Bihar, Donostian, 17:30ean, Bulebarreko Aske Gunean.





Tortura kasuren batek bultzatu zintuen bereziki dokumental hau egitera?

Duela bi urte pasatxo sortu zen ideia. Mikel Zabalzaren heriotzaren 25. urteurrena bete zen orduan, eta, hasieran, kasu horren inguruan egin nahi nuen. Ondoren, gaurko tortura kasuak jorratu nahi nituen. Baina ordurako ari ziren dokumental bat prestatzen Zabalzari buruz. Beraz, azken hamar urteotako kasuak lantzea erabaki nuen. Katalunian ere badira kasuak, baina atxilotuak inkomunikatzeko praktika batez ere Euskal Herriaren aurka erabili dute.

Dokumentala hamalau pertsonari eginiko elkarrizketetan oinarritu duzu. Zeren arabera aukeratu dituzu?

Elkarrizketak kateatzen muntatu dut dokumentala. Inkomunikazioa zertan den eta horren inguruan dagoen zigorgabetasuna erretratatzen dute. Gaiaz dakien jendea aukeratu dut, alde batetik, Torturaren Aurkako Taldekoak eta Behatokikoak, Matti Iturralde Jeiki Hadi taldeko sendagilea... Bestalde, torturak pairatu dituztenen artean badira hedabideetan oihartzuna izan dutenak, Unai Romano eta Martxelo Otamendi, kasu, eta beste batzuk horren ezagunak ez direnak. Leku eta urte ezberdinetakoak hartu ditut, kasu guztiak ondo ordezkatzeko.

Dokumentala egiteko diru bilketa antolatu zenuen Interneten, eta eskatu baino gehiago eskuratu duzu.

Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako jendeak eman du dirua, baina baita Herbehereetako, Suediako eta Danimarkako hainbatek ere. Estreinaldia orain egiten ari naiz, baina erakutsi dut lana talde txikitan Bartzelonan. Zuzenbide Fakultatean hainbat herrialdetako jendea zegoen, Txile, Brasil, Argentinakoa... Harrituta geratzen ziren Espainiako Estatuan hau gertatzearekin, aferak eskandalua ez sortzearekin eta horren kontra ez egitearekin.

Zer-nolako ondorioak atera dituzu?

Tortura sistematikoa da. Ez dute torturatzeagatik torturatzen Espainiako Estatuan; lan metodo bat da. Helburuak dituzte: informazioa lortzea, norberak bere burua errudun jotzea eta beste pertsonak nahastea.

Polizia eredua aldatzeko beharraz asko entzuten ari gara egunotan. Itxaropenik bai?

Indarkeria eta zapalketa berezkoak ditu Espainiako Estatuak, batez ere mugimendu independentziazalearen aurrean, nagusiki, Euskal Herrian zein Herrialde Katalanetan. Izan ere, horiek independentzia lortuz gero, Espainiaren egitasmoa, estatu gisa, ez da bideragarria. Egia da, alde batetik, faxismoaren hamarkaden ondorioa dela tortura, baina, bestalde, etorkizunerako bideragarritasun politiko eta ekonomiko falta horrek bultzatzen du independentziazaleen aurka jotzera. Atxilotuak inkomunikatzeko tresna hor daukate behar dutenean erabiltzeko, edozein disidentzia sozial edo politikoren aurka. Ez dut uste erabiltzeari uko egingo diotenik.

No comments:

Post a Comment