Wednesday 29 May 2013

«Ibaiek badute oinarrizko bekatua, guk bataioarekin konpontzen duguna»


Mikel Belasko, toponimian aditua.




Nola jarri izena etengabe isurtzen ari den eta harrapatzerik ez dagoen gauza bati? Erreken izenaren arazo korapilatsuari erreparatuko dio gaur Donostian Mikel Belasko filologoak, Patziku Perurenarekin.

Mikel Belasko (Iruñea, 1967) toponimian aditua da. Ura bataiatzen hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, Patziku Perurenak aurkeztu eta lagunduta. Iñigo Astiz kazetariak egunkari honetan idatzitako Ura izendatzen artikuluak eragin du gaurko hitzaldia. Kristina Enea fundazioak uraren garrantzia azaltzeko antolaturiko HidroLogikak egitasmoaren barruan egingo dute saioa.



Heraklitok ohartarazi zuen ezin duzula bitan bainua hartu erreka berean. Zertarako jarri hari izena orduan?

Hasteko, ikusi behar dugu zer den ibaia, edo, normalean, nola irudikatzen dugun ibai bat: non jaiotzen den, nola kartografiatzen dugun. Bigarrenik, filologoentzat, oro har, erreka izenak dira izan daitezkeen izenik zaharrenak. 3.000 mila urte dituzte batzuek, eta gure artean bizirik daude. Hori zergatik gertatzen den eta zein ondorio atera daitezkeen azalduko dut. Eta, azkenik, gure ibai izenekin zer gertatzen den kontatuko dut. Berri samarrak dira gure ibaien izen gehienak.

Zergatik halako kontraesana filologoen zein geografoen izenen eta herritarrek erabiltzen dituztenen artean?

Geografoek eta filologoek idatzizko izenak erabili dituzte, kultuak, erudituak. Bizkarra eman diete jendeak benetan erabiltzen zituen izenei. Oro har gertatzen da hori. Urola, esaterako, oso berria da, baita Urumea ere. Gainera, ez dira erreka izenak, baizik eta baserri izenak edo bestelakoak. Beraz, ibaiek badute oinarrizko bekatua, guk bataioarekin konpontzen duguna.

Theo Vennemann hizkuntzalariak dio Europako ibai izen asko (proto)euskarazkoak direla. Etxeko adibide horrek erakutsiko luke oker dabilela, eta ez direla horren zaharrak izango?

Vennemannen teoria ez da ofizialki onartua, baina ez dute zakarrontzira zuzenean botatzen: 'Teoria oso ausarta da, eta gehiago ikertu beharko litzateke, baina ezin da erabat baztertu', diote. Izen handia du Vennemannek. Europako ibaien izen zerrenda indoeuroparrarekin azaltzen dutenei ezetz die Vennemannek, eta hori euskara dela erantzuten die.

Ibaien izenean ideologia, hizkuntza eta botere borroka ager daiteke. Hor dago Nerbioi-Ibaizabal afera.

Argaren kasua ere bitxia da: 'ibairik nafarrena' nahi zuten sortu, ibilbide osoa Nafarroan egiten duena. Baina, horretarako, Arakil izena kendu behar izan zioten, horrek agerian uzten duelako Aizkorrin sortzen dela. Ikusten baduzu Arakil eta Arga elkartzen diren lekua, lehena askoz handiagoa da. Bitxia da nola aldatu zioten izena errekari. XIX. mendean, Argari oraindik Arakil esaten zioten Iruñerriko hainbat tokitan. Orduan finkatu zituzten gaurko ibai izenak.

Gipuzkoako ibaiak garbitzen dabilen Urgarden boluntario taldeko sortzailea alemaniarra da, eta tarte horretan esan zuen harrituta zegoela euskaldunok ibaiak utzita izatea, beti mendiari begira gaudelako.

Izenekin dagoen gorabehera gehiago dago lotuta ibaien luzerarekin, horrekin baino. Normalean, errekak hiru leku iragaten baditu, hiru izen izango ditu: Mendigoiengo erreka, Mendiarteko erreka eta Mendibarrengo erreka. Tokiari kenduko dio izena. 'Urumeara noa' esaten baduzu, ez duzu askorik esaten.

Berria.info-ko Ibilkari kanalean, mendiko toponimiari begira ibiltzen zara zu ere. Errazagoa da hori?

Bai, mendi tontorrak puntu zehatzak dira eta benetakoak izaten dira, erreka izenak ez bezala.

No comments:

Post a Comment