Friday 24 May 2013

«Brasilek jai maskara janzten du, baina egia bestelakoa da: ez dago elkarbizitzarik»

Kleber Lourenço, dantzari eta koreografoa.


Brasilgo arrazen arteko harremanez mintzo da Lourenço sortzailea, beltzen ikuspegitik. Bilbo aukeratu du 'Negro de Estimaçao' dantza eta antzerki lana Europan estreinatzeko.

Kleber Lourenço (Pernambuco, Brasil, 1980) dantzaria, koreografoa, antzerkilaria eta hezitzailea da. Pernambucoko Unibertsitate Federalean dabil irakasle. Negro de Estimaçao (Beltz maskota) dantza-antzezlana estreinatzen ari da Europan, eta Bilbo aukeratu du lehen aldiz taularatzeko. Gaur izango da, 20:00etan, Fundicion aretoan.




Arraza eta nazio nortasuna aztertzen dituzu lan horretan. Brasilen kasutik abiatuta?

Bai. Dantza eta literatura testu ikuskizuna da. Marcelino Freireren Contos negreiros liburu gogorretik lantzen dut arraza nortasunaren gaia. Izan ere, arrazaren kontua oso latza da Brasilen. Gure gizartea arrazen nahasketaren bidez sortu da, kolonizazio prozesu gogor batetik gaurdaino dirauena. Brasilgo gaurko gizarteak arazo asko ditu, arraza beltzarekiko harreman historikoagatik, esklabotzagatik, hain zuzen. Gaur egun ere, hainbat esklabotza mota pairatzen dira Brasilen: turismo sexuala, gorputz beltzaren gaineko estereotipoak, indarkeria eta arraza aurrejuzkuak.

Brasilek nahasketaren jaia handia ematen du. Irudiarekin engainatuta gaude, beraz?

Kaleko jaiak ikusita, inauteriak-eta, badirudi arraza guztiak harmonia ederrean bizi direla Brasilen. Jai maskara janzten du Brasilek, baina horren azpian dagoen egia bestelakoa da. Gizarte arazo asko ezkutatzen ditu horrek. Ez dago elkarbizitzarik. Begi bistakoak dira Brasilgo gizarteko ezberdintasunak. Beltz gehienak pobreagoak dira, herrialdearen historiagatik.

Candomble erlijioaren errituak eta dantzak erabiltzen dituzu. Zertarako?

Ikuskizunaren estetika eraikitzeko erabiltzen dut candomblea, hau da, testua, mugimendua eta musika lotzeko. Bolada batez, candomble etxeetan ibili nintzen ikertzen. Horietan egiten diren errituak berriz irakurtzen ditu nire lanean. Ez ditut sinboloak erlijio gisa erabiltzen, baizik eta Brasilgo beltzen dantza kulturaren ikur gisa. Kultur hori herritarra bihurtzeko prozesua jasan du urteetan. Ikuskizunean bi aukerak esploratzen ditut: tradizioaren memoria, gorputz garaikide batean.

Trabestitzeaz eta biluztasunaz baliatzen zara.

Beltzen gorputzaren gainean eraikitako estereotipoez mintzo da ikuskizuna. Estereotipoetako bat gorpu beltzaren erotismoaren inguruko da. Asko erabiltzen da Brasilen: sanban, capoeira-n, sexu turismoan. Ikuskizunean azalak erabiltzen ditut, ohialen bidez: candomblengo soinekoak, oihal zuriak nire azal beltzaren kontra... Janztearen eta eranztearen sinbologia erabiltzen dut. Historiaren gorputz biluzia taularatzen dut, gizartearen azalak kenduta. Genero kontua ere badago: testuetako batean [piezari izenburua ematen dion ipuinean], transexual batek esklabo beltz bat dauka etxean, maskota gisa. Emakumezko pertsonaiak daude, gizonak... nire diskurtsoarekin nahasten direnak.

Europarroi Brasilgo beltzen errealitatea azaltzeko aukera duzu datozen egunetan. Ulertuko dugu?

Erakutsi nahi dut nola bihurtu garaikide dantza tradizionalak. Nire errealitateaz hitz egin nahi dut, baina munduaren errealitatea ere bada. Moduak aldatzen dira, praktikak, baina funtsa hor dago.

No comments:

Post a Comment