Wednesday 22 May 2013

«Jendeak ulertu behar du informazio ona ezin dela doan izan»

Pascual Serrano, kazetaria.




Hedabide handien negozioarenak egin duela eta sinesgarritasuna galdu dutela ikusita, kazetariei egitasmo berriak abiatzeko eta irakurleei horiei laguntzeko dei egingo die Serranok gaur, Donostian.

Kazetari eta saiakeragilea da Pascual Serrano (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1964). Prentsaren egoeraz eta etorkizunaz 11 liburu argitaratu ditu 2006. urtetik. Periodismo canalla; los medios contra la información hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, San Telmo museoan, Donostian. Mariano Ferrer izango du lagun.



Zuretzat argi dago, ezta? Kazetaritzaren gainbeheraren erantzukizuna hedabideek dute, nahiz eta Interneti egotzi errua.

Kazetaritzaren etsai nagusia komunikazio enpresak dira, ez Internet, ez eta krisia ere. Kazetaritza garai historiko batean dago orain. Idatzitako prentsa ez dago krisian; komunikazio enpresa handien negozio eredua dago krisian. Krisian dago diru asko egin nahi zuten akziodun handien eredua, eta iragarle handiena. Baina ganorazko kazetaritza, hau da, kazetaritza parte hartzailea, demokratikoa eta aurrerakoia, beti ibili da gaizki: ez dituzte inoiz izan akziodun handirik, ez eta iragarle aberatsik ere. Orain, kapital handiaren kazetaritza dago jota.

Ados, baina langabeziara kazetariak doaz, ez akziodunak.

Hedabide handiok euren irakurleak kanporatu dituzte. Horiek jabetu dira dagoeneko horien kazetaritzak ez duela sinesgarritasunik. Kazetari asko hasi dira orain egitasmo onak sortzen. Kapital handiaren kazetek mozkin handiak behar zituzten, akziodun asko aberasteko, eta iragarleen inbertsioa errentagarria egiteko. Orain, 12 kazetarik sorturiko kooperatiba batek langile horiei jaten ematea besterik ez du behar. Hori bideragarriagoa da, noski.

Kazetaritza eredu berrirako, askok teknologia berrietan jarri izan dute itxaropena. Zuk, berriz, alde iluna nabarmendu duzu La comunicación jibarizada azken liburuan.

Teknologia eta formatu berriak joera kaltegarri bat ezartzen ari dira: ikuskizuna lortzen saiatzen dira, ikus-entzunezkoak erabilita, eta tratamendua azalekoa da, hutsala, zorroztasunik gabekoa eta zurrumurruz beterikoa. Horrela gertatzen ari da sare sozialetan, Twitterren laburkeriarekin eta Facebooken hutsalkeriarekin. Ez dugu horiek baztertu behar, baina kalteak salatu behar ditugu. Erabil ditzakegu teknologia berriak, baina beste jokabide bat hartu behar dugu, sakontzeko eta hausnartzeko aukera ematen duena. Baina, horretarako, kazetarien zein ikus-entzule-irakurleen nora eza borrokatu behar dugu.

Sare sozialak horizontaltasunaren eredu gisa ikusten dituztenei esan diezu Twitterren ere gizarte mailak daudela. Nola sortu dira?

Internetekin eta sare sozialekin demokraziaren eta berdintasunaren gailurrera heldu garela dio mitoak. Ez dago halakorik: baliabide horiei etekina ateratzeko ezagutza eta kultura behar da izan aurretik, ohi denez. Horren eraginez, gizarte mailak bereizten ari dira: formakuntza daukatenez, iturri onak identifikatzen ari direnak, eta aberasten ari direnak, alde batetik, eta, bestetik, formakuntza ez daukatenak eta gehiegizko informazioaren, zarataren, azalkeriaren, gezurraren eta denbora galtzearen zurrunbilo eroan erortzen ari direnak.

«Itxaropenerako ideiak» emango dituzu gaur. Zeintzuk?

Jendeak ulertu behar du informazio ona ezin dela doan izan, eta komunikazio proposamen horiei laguntza eman behar die. Ezin dute espero oparitzea informazioa, DVD bat eta maindire joko bat igandeetan. Doan soilik informazio interesatua emango dizute; ordainduz gero, interesgarria. Bada garaia kazetaritza kazetariek egiteko.

No comments:

Post a Comment