Thursday 9 May 2013

«Nafarroako egoerak zirkua gainditu du, eta komiki bat da dagoeneko»

Ainhoa Juaniz, aktorea.

Javier Esteban, Ainhoa Juaniz, Isabel Azpirotz aktoreak eta Xabier Maravi teknikaria.
'Kaka burutik behera' antzezlana taularatzen ari da Juaniz, Bildu koalizioaren enkarguz. Nafarroako politikaren, gizartearen eta ekonomiaren inguruko satira bat da, itxaropen mezu batekin.

Javier Esteban, Ainhoa Juaniz, Isabel Azpirotz aktoreak eta Xabier Maravi teknikaria. / BERRIA
Ainhoa Juaniz (Iruñea, 1970) antzezlea da, clown teknikan aditua, eta 14 urte daramatza antzokietan lanean. Kaka burutik behera antzezlana sortu du Javier Esteban eta Isabel Azpirotzekin, Nafarroan erakusteko. Soilik maiatzaren 31 arte ikusi ahalko da. Gaur taularatuko dute Iruñean, 20:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan (gazteleraz, Con la que está cayendo izenburuarekin). Bihar, Uharteko kultur etxean, 19:00etan, eta larunbatean, Berriozarko auditoriumean.

Clown bat behar da Nafarroako zirkua antzokian azaltzeko?

Bai, Nafarroakoa eta gainontzeko lekuetakoa. Baina Nafarroako egoerak zirkua gainditu du, eta komiki bat da dagoeneko. Guri eskatu egin digute antzezlan hau egiteko, baina ez dugu asko pentsatu bezeroan; gure inguruan gertatzen ari denaz pentsatu dugu, egunkarietan irakurtzen dugunaz, eta horri buruzko esketxak prestatu ditugu, etxegabetzeez, hezkuntzaz, osasun sistemaz... Langabeziaren gaiarekin ez genekien nola egin umorea, ez geniolako alde barregarririk ikusten, eta drama egin dugu.

Bilduk eskatu dizue antzezlana egiteko. Talde politiko baten enkarguz aritzeak ez dizue kontraesanik sortu?

Ez; izan ere, Nafarroako Gobernutik askotan deitu digute zerbait presta genezan, esaterako emakumeen gaiaren inguruan, edo mankomunitateetatik zaborren kontuarekin zer edo zer egiteko. Ez da ezer gertatzen halakoetan, eta honekin ere ez litzateke ezer gertatu behar. Baina, badakigu non gauden, eta Nafarroan gaude.

Egia esan, azken boladan ETBko umoregileei ere zaborren gaia lantzeko enkargatu dietela ematen du.

Hori da kontua. Askatasun osoa izan dugu, bestela ez genukeen egingo. Gainera, Bildukoek ez zuten panfletorik nahi. Hau satira bat da, eta inguruan badaukagu nahikoa eta sobera, zer gertatzen den jakiteko: denok dugu gertu langaberen bat, edo etxetik kaleratzeko zorian duten pertsonaren bat. Oso zaila izan da egoera honekin umorea egitea, eta oso erraza, arras gertu dugulako.

Nola bihurtu duzue tragedia komedia?

Saiatu gara barre egiten kaka zaparrada honen azpian. Langabeziaren inguruko esketxarekin jendea lur jota geratzen denez, erabaki dugu ikusleei kolorea ematea, etorkizun itxaropentsua dagoela erakutsi. Herriak zutik dirau, ez dakigu noiz arte, baina zutik. Egoera hau gaindituko dugula esan nahi diegu. Antzerki soziala da hau. Nire pertsonaietako batek entzuleei esaten die adierazteko zelako Nafarroa nahi duten. Ez dugu ezer berririk esaten, baina umorez esaten saiatzen gara.

Umoreak ez du haserrea indargabetzen?

Haserre gaude denbora guztian, eta ez dago gaizki egoera beste modu batez ulertzea. Ez dugu esaten «hau bukatu da», baizik eta «aldaketa behar da». Beti egon dira bufoiak egia esateko. Guri ere asko kostatu zaigu asmatzea umore puntuarekin.

Eta, poetak esan zuen bezala, esketxek errealitatearekin antza badute... ez da zuen errua.

Antzezlaneko pertsonaietako batzuek antza dute pertsonaia erreal batzuekin, keinuetan, janzkeran... Off-eko ahots batek horrela ohartarazten du: «Baina nork idatzi du kaka hau?». Lan handia eman digu errealitateak: dagoeneko amaituak behar genituen emanaldiak, baina antzezlana bukatu ezinean ibili gara, albisteekin esketxak zaharkituta geratzen zitzaizkigulako.

No comments:

Post a Comment