Friday 10 May 2013

«Espainiako Gobernuak PSOErekin itundu zuen Cubilloren aurkako estatu krimena»

Eduardo Cubillo, dokumentalgilea.

Kanarietako Artxipelagoaren Autodeterminazioaren eta Independentziaren aldeko Mugimendu MPAIACen buru Antonio Cubillo elbarri utzi zuten 1978. urtean. Haren ilobak afera azaltzen duen dokumentala aurkeztuko du gaur Ordizian.

Eduardo Cubillo (Santa Cruz de Tenerife, Kanariar Uharteak, 1981) dokumentalgilea da. Antonio Cubillo independentista kanariarraren iloba da, eta haren inguruko Historia de un crimen de estado dokumentala aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Ordiziako (Gipuzkoa) Herri Antzokian.


Osabaren kasua kontatu beharrak egin zintuen dokumentalgile?

Ikus-entzunezkoetan ari nintzen lanean, eta dokumental bat egiteko gogoa nuen. Familian halako historia ikusgarria izanda, nola ez heldu. Baina ekoizleek, telebistek eta gobernuek ez zuten gogorik, pertsonaiarengatik eta ni haren iloba nintzelako. Bost urte lan egin behar izan nuen lortzeko. Kostatu egin zitzaidan espioiak eta bestelako pertsonaiak topatzea, hiltzaile zapuztua tartean.

Antonio Cubillo eta ustez Espainiako Gobernuaren enkarguz hura hiltzen saiatu zena aurrez-aurre jarri zenituen. Zaila izan al zen?

Azken unean aurkitu genuen Cubillo labankatu zuena. Baina biek berehala esan zuten baietz aurrez aurre esertzeari. Hitz egiteko gogoa zuten. Erasotzaileak barkamena eskatu nahi zuen, eta zama gainetik kendu. Negar egin zuen uneren batean. Antoniok gertaerak argitu nahi zituen, eta erasotzaileari galderak egin.

Cubillo eta haren erasotzaile Juan Antonio Alfonso, dokumentalerako antolaturiko aurrez aurrekoan.

Izugarria da dokumentalak historia bakar batean nola biltzen dituen frankismoa, Guerra Hotza, Trantsizioa, Mendebaldeko Sahararen inbasioa eta Alemaniaren enpresen konkista. Dena Kanarietatik.

Historia zaila zen. 30 urte ditut eta historiaz gutxi dakien nire belaunaldiari azaldu nahi izan diot gertaturikoa, erraz ulertzeko moduan. Kanariak leku estrategikoa izan ziren, eta horrek azaltzen du nola horrenbeste gai potolo ibil zitezkeen Tenerifeko pertsona arrunt horren inguruan, hark egoera kolokan jarri zuelako. Hori azaltzeko, testuingurua kontatu behar zen.

Herenegun, bertan behera utzi zituzten Madrilen Frankismoaren krimenen inguruko deklarazioak. Rodolfo Martin Villa da auzian akusaturiko bat, eta baita Antonio Cubilloren aurkako erasoan. Itxi gabeko zauri gehiegi?

Zigorrik gabe atera da afera guztietatik. Dokumentalean elkarrizketaturiko guztiek, kazetariek zein politikariek, Martin Villa salatzen dute zuzenean. Ezin izan genuen frogatu hark eman zuela agindua, baina bai estatu krimena izan zela. Antoniok ere ezin izan zuen frogatu epaiketan. Halako erasoa antolatzeko dirua behar da, eta Barne Ministroak eman dezake. Zigorturiko Jose Luis Espinosa gizajo ia analfabeto bat da, eta ez zuen ahalmenik atzerrian halakorik antolatzeko. Madrilgo auzitegiak ere esan zuen «gizon gehiago daude atzean, haren gainetik». Estatu krimena da, eta, horregatik soilik, Martin Villa da erantzule politikoa.

Suarezen Presidentzia ministro Jose Manuel Otero Novasek berak ere aitortzen du, zeharka, hori dela «irakurketa posible bakarra», hau da, estatu krimenak Espainiako Barne Ministerioak antolatu zuela.

Otero Novasek hasieran ez zuen hitz egin nahi. Bere buruaren beldur zela esaten zuen, hitz egiten hasiz gero esan beharko ez lituzkeenak botatzen dituelako. Uneoro, esan gabe adierazten ditu gauzak. Dokumentalean agertzen ez diren unetan, zirrara eragiten duten gauzak adierazten ditu: Antonio Cubillo hiltzea agindu izana ongi ote deritzon galdetu nion, eta ez zuen erantzun nahi izan.

Lorenzo Olarte Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidentearen aholkularia izan zen eta, gero, Kanarietako presidentea. Dokumentalean esaten duenez, MPAIACen ekintzetatik onurak atera zituzten kanariarrek.

Esaten zuenez, Suarezek Kanariei zerbait eman nahi zienean, ministroek ezetz esaten zioten. Orduan, mugimendu independentziazalea aipatzen zien, eta MPAIACen arriskua puzten zuen: “Kanariak gal ditzakegu”. Horrez gain, Poliziaren aurrekontuak zeuden MPAIAC desegiteko: 130 milioi pezeta inguru zituzten urtero. Nahi zutenean desegin zezaketen mugimendua, uharteen barruko muin armatua oso ahula zelako: esperientziarik gabeko jendea zen, iragan iraultzailerik gabekoa. Ez zuten desegin nahi izan, diruarekin geratzen zirelako. Izan ere, egoera gordin jarri zenean, MPAIAC hilabete batean desegin zuten. Beldurra ez zioten horri, baizik eta Antonio Cubilloren lan diplomatikoari Afrikan.

Espainiak mugimenduan infiltratuta zuen Espinosak proposatu zuen MPAIACek Madrilen bonbak jartzea eta berak antolatu zituen erasoak. Halako kasu gehiago egon ziren, lehen ere, DRIL taldean esaterako.

Espinosak kontatu zigun garaiko talde iraultzaile eta independentista gehienak berehala desegiteko ahalmena zuela Espainiako Gobernuak. Sortu bezain pronto infiltratzen zituen, kontrolpean izan eta eta gero elikatu komeni zitzaienean. Espinosa 1964. urtetik zegoen infiltratuta, mugimendua ezer ez zenean. Orduan suntsitzea zeukan Espainiako Gobernuak, baina ez zuten egin, nahi zutelako bonba gehiago jartzea eta hor egotea. Zerbitzu sekretuen ohiko jokabidea da, herriak matxinatzen direnean

Dokumentalean ez da guztiz argitzen PSOEren eginkizuna, nahiz eta tartean zegoela ziurtzat ematen den.

Ikerketak aurrera egin ahala, Felipe Gonzalezen inplikazioaren zantzu argiak topatu genituen. Zigortuek esan ziguten hark bazuela erasoa egiteko planaren berri. Izan ere, hark estutu zuen Aljerko Gobernua, honek Cubilloren La Voz de Canarias Libre irratia itxi zezan. Argi zegoen orduan PSOE laster agintera helduko zela, eta Espainiako Gobernuak oposizioarekin itundu zuen Cubilloren aurkako estatu krimena, gero eraso egin ez ziezaion.

Gas naturala behar baino garestiago erosita ordaindu zion Espainiak Aljeriari?

Bai. Gonzalezek erasotzaileak salbatzea erabaki zuen, ez dakigu zergatik, eta, haiek kartzelatik atera ezean, gasaren zorra ordainduko ez ziola esan zion Aljeriako presidenteari. Espinosak zuzenean hitz egiten zuen PSOEk Aljerian zuen gizonarekin. Bi hiltzaile zapuztuen mesedetan aritu izanak pentsarazten du PSOEren erantzukizuna hor dagoela, eta hari muturrak ongi ezkutatu nahi izan zituztela.

Alemaniaren interesak zein gogor defendatzen diren argi ikusten dugu orain. Cubillo kasuak iragarri zuen zer etorriko zen gero?

Alemanek Espainiako zerbitzu sekretuekin harremanetan jarri ziren, eurei ere Cubillo hiltzea interesatzen zitzaielako, borroka armatuak kalte egiten zielako Alemaniako turismo agentziei Kanarietan. Werner Mauss alemanak Roberto Conesa poliziarekin antolatu zituen Cubilloren aurkako erasoaren xehetasunak. Espinosaren arabera, alemaniarrek Espainiako Gobernuari mehatxu egin zioten, mugimendu independentziazalea desegin ezean, inbertsioak eta maileguak aterako zituztela Kanarietatik eta Espainiatik.

Epaitegiek onartu dute estatu krimena izan zela, baina zigortu bakarra gizajo bat da. Nola ulertu?

Ministro bat kartzelan hilketa ahaleginarengatik sartu... hori ez du Espainiako Gobernuak inoiz egingo. Hor gelditu zen dena. Peoiek ordaindu zuten, engainatuek: Alfonso zazpi urtez egon zen espetxean Aljerian, Espinosa beste-horrenbeste Carabanchelen [Espainia]. Eta erruduntzat jotako Conesa berak ere ez zuen ordaindu. Boterea halakoa da.

Gaizkia garaile, beraz?

Boterearen goiko solairuetakoek, egiten dutena egiten dutela, beti ihes egiten dute, irtenbide asko dituztelako.

MPAIACen borroka armatuaren urteetan, Cubillo heroi gisa zuten Kanarietan. Gero, biktima izan arren, ez zuen sostengu handirik jaso hauteskundeetan. Zergatik?

Nire ustez, Cubillo asko maite zuten hemen uharteetan Los Rodeos aireportuko istripua gertatu arte [1977]. Hura izan zen haren hilobi politiko eta soziala. Hildako asko izan ziren [583]. Garaiko egunkariek zuzenean jo zuten Cubilloren aurka, eta batzuk gezurra esan zuten, istripua MPAIACen bonba batek eragin zuela, alegia. Heroi urteetan, herritarren alde egin zuen mugimenduak: ugazabak soldata ordaintzen ez bazizun, irratian salatzen zuten, eta pintada bat egiten zioten. Eta nagusiak ordaindu egiten zuen. Jendeak maite zuen. Hildakoek jendearen sostengua uxatu zuten. Hemen ez da matxinada tradiziorik, eta 1980ko hamarkadan jendeak ez zuen ordurako halako grina iraultzailerik. Antonio Cubillok ez zuen aurrera egin.

No comments:

Post a Comment