Saturday 11 May 2013

«Zale gehiegi ditugu interesgarriak izateko; beraz, ezin 'cool' izan»


Gorka Urbizu, Berri Txarrak taldeko abeslaria.


Bermeoko Kafe Antzokian joko du gaur Gorka Urbizuren, David Gonzalezen eta Galder Izagirreren taldeak. Kontzertuan, BERRIAren 10. urteurrena ospatuko dute.

Gorka Urbizu ( Iruñea, 1977) Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarra jotzailea da. Apirilaren 20an Donostiako Kursaal auditoriuma bete zuten, eta entzuleek ahaztuko ez duten kontzertu bat eman. Ekainaren 1ean, Atarrabiako (Nafarroa) Hatortxu Rock jaialdian joko dute. Gaur, Bermeoko (Bizkaia) Kafe Antzokian joko dute, ON taldearekin batera. BERRIAren 10. urteurrena ospatuko dute emanaldian. 



'FAQ' kantaren bideoklipa estreinatu berri duzue. Nola erabakitzen duzue zein kantari egin bideoa, hitzei begira, edo musikari begira?

Disko bat atera ondoren, kantu bakoitzak bere bidea egiten du, eta orduan ikusten duzu zeini doakion ondo irudiak txertatzea eta zeini audio hutsean uztea. Halere, aitortu behar dut audio huts horretan erosoago gabiltzala.

Oso Europa iparraldekoa geratu zaizue, eta etxetik atera gabe. Zuen atzerriko zaleak gehiago nahasteko?

Negu elurtsua izan dugu —ari gara izaten!—, eta pentsatu genuen atrezzo polita izan zitekeela bideo baterako. FAQ galdera bilduma bat da, eta basoan galduta egotearen irudiak indarra zuela iruditu zitzaigun. San Migelera igo, eta bi egunetan egin genuen. Aktore gehienak herriko jendea da, eta hori eskertzekoa da.

Kursaaleko protokolorik gabeko esperimentuaz zer ondorio atera duzue?

Kursaalekoa oholtza baten gainean izan dugun esperientziarik hunkigarrienetakoa izan da ezbairik gabe. Zalantza asko genituen, baina gau gogoangarria atera zela uste dut.

Parisera ekainean, Sick Of it All taldearekin jotzera. Aurretik, Bad Religionekin. Folklorearen hesia hausten jarraitzen duzuela ematen du. Euskarazko musika munduan zabaltzeko exotismoa gainditu beharreko gauza dela esan ohi dugu euskaldunok, baina musikari islandiarrek, esaterako, ez al dute oso ondo erabiltzen?

Kuriosoa da exotismoarena. Begira, adibidez, Vampire Weekend taldea, exotismoarekin tematuta dirudite, nahiz New Yorkekoak izan. Beharbada, Islandia berezia da izotzezko irla bat delako; zaila dirudi topikotik ihes egitea, baina nik kantuetan sinesten dut exotismoan baino gehiago. Ez dut uste Sigur Ros edo Olafur Arnalds maiteko genituzkeenik musika eskasa egingo balute. Begira Dominique A edo Kvelertak, frantsesez edo norvegiarrez, ez dut uste exotismoa bilatzen dutenik; onak dira, eta kito. Noski, horiek hizkuntza ofizialak dira, eta geurea, ez. Askorentzat, pintaketa hartan ageri bezala, nazio bat ez, baizik eta nozio bat gara, besterik ez.

Beñat Sarasolak Euscool Herrian Euskaraz leloa asmatu du. Zuk euskaldunak autoestimu baxuz dabiltzala ikusten duzu, edo kontrakoa?

Guk zale gehiegi dauzkagu interesgarriak izateko; beraz, ezin cool izan. Eta, beharbada, endogamia hori dibertigarria izan daiteke, baina beste kezka batzuk dauzkat. Askotan uste dut ahaztu egiten dugula, nahita edo nahi gabe, euskal eszenak itsatsita daraman itsasgarri hori: txikiegia naiz. Gure mainstream-a denik eta ezdeusena da, konbentzio asko ditugu oraindik astindu beharrekoak, eta, halere, pitokeria asko entzuten da han eta hemen. Nire herrian, %80k ez dakite Ruperren kantarik, eta hori ez da batere cool.

Payola diskotik Haria argitaratu arte bi urte joan ziren. Dagoeneko bi urte dira Harian-etik. Zer edo zer prestatzen ari al zarete?

2011tik hona ez gara geldirik egon, baina ez dugu ezer idatzi.

BERRIAren 10. urteurrenari eskainiko diozue larunbateko kontzertua. Zergatik?

Herri honek BERRIA behar du, eta alderantziz. Gure alea jartzen saiatuko gara, ez da besterik.

No comments:

Post a Comment