Sunday 2 June 2013

«Argentinan ari dira, baina hemen ez diote inoiz diktaduraren gaiari heldu»


Eduardo Arreseygor, argazkilaria.

Ezkaba mendiko gotorlekuan (Iruñea) frankistek preso edukitakoen marrazkiak

XX. mendeko izugarrikerien inguruko argazki erakusketa paratu du artista argentinarrak Andoainen. 1936ko gerra, juduen holokaustoa eta Videlaren diktadura landu ditu, biktimen ikuspegitik.

Eduardo Arreseygor (La Plata, Argentina, 1949) argazkilaria da. Birbiraitona Irurakoa (Gipuzkoa) zuen. Aspaldi bizi da Euskal Herrian, eta hemen eman dio segida gazte-gazterik hasi zuen argazkilari ibilbideari. XX. mendeko izugarrikerien inguruko Enigma erakusketa du Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean.




Zein da gatazka hauei begira argitu nahi duzun enigma hori?

Gogoaren enigma, nolatan heltzen diren gizakiak halako muturretara. Psikoanalisiaren aldetik heldu diot gaiari. Hiru gertaera landu ditut hemen: alde batetik, 1936ko gerra, Belchiteko [Espainia] batailaren bidez, Andoainen [Gipuzkoa] fusilaturiko Miguel Urretabizkaiaren gutunarekin, eta Ezkabako espetxearen bitartez. Gotorleku horretan presoek beraiek eginiko graffitiak erretratatu nituen. Militarrek ez dute sartzen uzten, baina, zirrikitu bat ezagutzen zuen jendearekin sartu ginen. Holokaustoa eta Argentinako azken diktaduraren ingurukoa da azken gaia.

Auschwitzeko logelak eta Videlaren atxiloketa zentroak parekatu izan dituzu zure irudietan. Pareka daitezke?

Amatasuna pieza daukat hemen jarrita. Diktadurak Buenos Airesko zentroan zuen atxiloketa gune ezagunenetakoan, Armadaren ESMA eskolan, haurdun ziren emakumeak giltzapetzeko zuten gelari erretratua egin nien. Dokumentala eta ikerketa batu ditut erakusketan, hari emozional batekin josita.

Badakit argentinarra zarela, baina hau psikoanalisira murriztea ez al da izugarrikerien atzean dauden zio politikoak lausotzea?

Ez. Hau ez da, berez, erakusketa politikoa, baina, apur bat sakontzen baduzu, hor dago gaia. Galdera egiten dut, ez dut erantzunik ematen. Noski, politikak ere erantzunak ematen dizkie gogoaren enigma horiei: nola daiteke norbait boteretik halakoak egitera heltzea. Baina nik, biktimaren aldetik eta gertaeretatik landu dut gaia. Deskripzio poetikoa da, ez gaiaren ikuspegi gogorra, gai politikoak ez dira esplizituak, baina ez dira ezkutuan geratzen.

Hainbat teknika erabili dituzu; tartean, argazkiak paper latzarekin higatzea. Memoriaren erosioaren metafora da?

Pieza bakarrean erabili dut, eta ez diot sinbolismo hori eman. Bernizak eta beste teknikak erabili ditut argazkiak lantzeko. Zeramikaren gaineko argazkiak erakutsi ditut, Belchiteren inguruko sailean. Argazkigintza eta plastika lotzeko bide bat bilatu dut horretan. Marrazkiak ere erabili ditut erakusketako lanetan, baina gehienak argazkiak dira. Beste argazkilarien lanak ere erabili ditut, omenaldi gisa, lekuko lana egiten segitzeko adorea izan zutelako.

Argentinan mahai gainean jarri dituzte diktaduraren izugarrikeriak, eta erantzuleak epaitzen dituzte. Osasungarria iruditzen al zaizu hemen dagoen tabua?

Hemen ez diote inoiz gaiari heldu, eta Argentinan ari dira gauza garrantzitsuak egiten, epaiketa ugari azken boladan, nahiz eta duela askoz gutxiago gertatu. Hitz egin da gaiaren inguruan. Esaerak laburbiltzen du uste dudana: iragana gogoratzen ez duen herriak, historia errepikatzera kondenaturik dago. Gertakari hauek, historia izateaz gain, gaur-gaukoak dira, berriz gertatzeko arriskua ez baita desegin.

No comments:

Post a Comment