Friday 7 June 2013

«Bideak bilatu behar dira jendea politikan aritu dadin, alderdi batekoa izan gabe»


Valgerdur Bjarnadottir, Islandiako legebiltzarkidea.

Argazkilaria: Olatz Estensoro

Islandiako bankuen porrotaren ondoren, Konstituzioa idazteari ekin zioten islandiarrek parte hartze zuzenaz. Kontserbadoreak berriz agintean, erreforma gelditu dutela dio politikari sozialdemokratak.

Valgerdur Bjarnadottir (Reykjavik, 1950) Islandiako Legebiltzarreko kidea da, Aliantza Sozial Demokratarekin. Herritarrekin topaketak ekitaldian parte hartzen ari da, Donostian. Gaur arituko da, 16:00etan (izena eman behar da) eta 19:30ean (libre), Kursaalean.



Islandiako bankuen porrotaren ondoren, uharteko erakundeak eraberritzeko lanean ari zara, eta, tartean, herritarrek Konstituzioa berriz idazteko ahaleginean. Zertan da?

Lan handia egin dugu: 950 pertsona bildu genituen erabakitzeko zer-nolako balioak bultzatu beharko genituzke. Konstituzioa idazteko batzorde bat osatu genuen, eta erreferendumera deitu genuen konstituzio zirriborroaz. Baina, zoritxarrez, ez ginen gauza izan hori onartzeko hauteskundeak egin aurretik. Beraz, linboan gaude. Oposizioan gaude orain, baina saiatuko gara gaia udazkenean berriz mugitzen.

Orain kontserbadoreak dira agintean. Utziko dizuete erreforma burutzen?

Erreformaren guztiz kontra egon dira orain arte. Gaur [atzo] bildu da legebiltzarra lehen aldiz bozen ondoren. Eta, egia esan, ez dakit zer gertatuko den. Ez dugu autoa gidatzen dagoeneko.

Batzuek Islandiako iraultza zibila deitu dutenaren ondoren, zergatik aukeratu dituzte islandiarrek berriz agintean jartzea herrialdea hondamendira gidatu zituzten politikariak?

Ezin dut azaldu, sentitzen dut [barre]. Argi dago jendeak ez duela pazientziarik izan. 63 urte ditut, eta, niretzat, lau urte ez dira asko ekonomia berriz abian jartzeko. Baina orain boterean diren alderdiek zorrak ordaintzea eta zergak jaistea agindu dute, eta jendeak bozkatu egin die. Ez dut uste aginduak betetzerik izango dituztenik ekonomia berriz suntsitu gabe.

Islandia-Europa Batasuna Batzordeko kide izan zara. Uhartea EBtik gertuago dago orain?

Ez. Gobernuak orain esan du EBko kide bihurtzeko negoziazioa gelditu egingo duela. Ez dakit noiz arte, baina lehen baino urrutiago gaude. Europako Eremu Ekonomikoko kideak gara, baina galdera asko daude orain: nola jarraituko dugu horrekin Europak banku erregimen berria ezartzen duenean?

Herritarrek politikagintzan eta administrazioan zuzenean parte hartzeaz mintzatuko zara Donostian. Zer duzu irakasteko?

Oso zaila dela eliteari aurre egitea. Herritarrek orokorrean ez dute interesik politikagintzan, baina badago gutxiengo handi bat sekulako interesa duena. Beraz, bideak bilatu behar ditugu jendea politikagintzan aritzeko, alderdi bateko kide egitera behartu gabe.

Islandian gutxi zarete —300.000 biztanle pasatxo—. Zuen adibideak balio al du leku populatuagoentzat?

Ez da egia Islandian denok elkar ezagutzen dugula. Baina herrialde txikietan ere gizarte banaketak daude, eta botere borrokak are latzagoak izan daitezke. Bulegoetan ere gertatzen da. Konstituzio proposamena adibide ona da, baina eliteak ez du zentimetro bat bera ere eman nahi. Egunen batean ikusiko dugu Konstituzio hori onartuta. Ez naiz etorri Euskal Herriko egoera eztabaidatzeko, baina, nire ustez, gatazka guztietan ikas dezakezu besteen esperientziaz, akatsez batez ere. Leku guztietan berdina da: nola entzunarazi jendearen ahotsa bakarrik gutxiengo txiki bat dagoenean alderdietan, eta alderdietako buruek soilik horiei entzuten dietenean?

No comments:

Post a Comment