Thursday 13 June 2013

«Ez badute energia eredua goitik aldatu nahi, azpitik aldatzen hasiko gara»


Monika Monteagudo, GoiEner kooperatibako kidea.


GoiEner Kooperatibako hainbat bazkide. Monteagudo, beheko lerroan, betaurrekoekin. / GOIENER

Argindarra tokian tokiko baliabideekin ekoiztea eta bazkideen artean irabazi asmorik gabe banatzea proposatzen du Monteagudok, oraingo enpresa handien «mafia eta oligopolio» egoera aldatzeko.
Monika Monteagudo (Legazpi, Gipuzkoa, 1976) GoiEner energia berriztagarriak merkaturatzeko kooperatibako kidea da. Bazkide berriak eta komunikazioa kudeatzen ditu. Kooperatibaren lanaz eta argindarraren etorkizunaz mintzatuko da gaur, 19:00etan, Legazpiko kultur etxean.



Zer motatako jendea egiten da energia kooperatiba bateko bazkide?

Jendea nekatuta dago gaurko energia ereduarekin. Konturatu egin dira zelako mafia eta oligopolioa dagoen horren atzetik, eta gizarteak ez duela ahalmena merkatu horretan eragiterik. Iberdrola, Endesa, Union Fenosa eta enpresa handi horiek ez dute nahi geuk geure argindarra sortzea, eredua aldatzeak kalte egingo dielakoan. Baina Europak errietan egin dio Espainiari, 2020rako sortzen den energiaren %20a berriztagarria izatea agindu dutelako, eta Madrilek ezingo duelako bete, berriztagarriei sariak kendu zizkietelako duela bost urte. Isunak etorriko dira, eta azkenean kontsumitzaileok ordainduko ditugu.

Zeri diote beldurra: sare deszentralizatuak sortu eta kontrola galtzeari?

Hori da. Orain, merkatu osoa dute, jaun eta jabe dira prezioak jartzeko, eta inork ez daki zeintzuk diren haien kostu errealak. Horrez gain, energiaren garraioan %10 alferrik galtzen da. Hori aldatzeko, sorkuntza banatua proposatzen dugu, tokian tokiko baliabide naturalekin ahalik eta energia gehien eta ahalik eta gertuen ekoizteko.

Euskal Herriko erreka bazterretan dagoen zentral hidrauliko abandonatu horiek guztiek milaka kilowatt pasatzen ikusten dituzte. Zuen proposamenarekin berreskura litezke?

Une honetan argindarraren merkatuaren azken hanka gara: saltzaileak, alegia. Baina gure helburua da, 1.500 bazkide izatera heltzen garenean, argindarra sortzen hastea. Eta lortuko bagenu geure bazkideek kontsumitzen duten guztia ekoiztea, bikain. Guk Kataluniako SOM Energiaren ereduari jarraitzen diogu: duela lau urte hasi ziren, eta 8.000 bazkide dituzte gaur. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba gara, ez ditugu bezeroak, bazkideak baizik. Gizarte mugimendu bat gara, behetik gorakoa. Ez badute energia eredua goitik aldatu nahi, azpitik aldatzen hasiko gara.

Poz etikoaz harago, zer mesede egiten dio familia bati energia kooperatiba bateko kide izatea?

Zer egiten du gaurko komertzializatzaileak gure etxean gaur? Faktura pasatu eta kobratu, besterik ez. Gure helburua bazkideak babestea da, ordea. Iberdrolak nahi du zure faktura ahalik eta handiena izatea. Gure helburua kontrakoa da. Aholkuak emango dizkiegu bazkideei, faktura gutxitzeko. Horrez gain, bazkideak ziurtatuta du etxean gastatzen duen kilowatt guztiak berriztagarrien bidez ekoizten direla, guk kilowatt horiek bakarrik erosiko baititugu. Komertzializatze lanarekin etxe bakoitzetik soilik 30-50 euroko etekina aterako dugu urtean, eta, irabazteko asmorik gabeko kooperatiba garenez, hori guztia enplegua sortzeko erabiliko dugu —1.000 bazkideko lanpostu bat— , eta sortzeko lanak gauzatzeko.

Argindar defizita gutxitzeko bidea izan daiteke zuena?

Agintariek ez badute nahi, oso poliki joango gara. EAEn energiaren %95ko menpekotasuna dugu. «Hemen ez dugu eguzkirik», esaten digute askok. Alemania eguzki plakaz betea dute, eta eguzki gutxiago dute. Ez da eguzki orduak ez ditugula, baizik eta ez dutela nahi, eta kito.

No comments:

Post a Comment