Thursday 20 June 2013

«Nire bizitza lehertu egin da, eta bolada batez oso zaila egin zait musika sortzea»

Dawn Landes, musikaria.

Kantugile eta abestigile estatubatuarrak ye-ye mugimenduko frantsesezko klasikoak eta hurrengo diskoko piezak abestuko ditu gaur Bilboko Kafe Antzokian, Sylvie Lewisekin batera.

Dawn Landes (Louisville, AEB, 1980) kantugilea eta abeslaria da, ekoizle eta soinu ingeniaria izateaz gain. Bilboko Kafe Antzokian arituko da gaur, 21:30ean hasiko. Sylvie Lewis Londresko musikariarekin partekatuko du agertokia.




Iaz Mal Habillée diskoarekin harritu gintuzun: Frantsesezko ye-ye kantu klasikoen bertsioak. Horiek dira aurtengo biraren oinarria?

Mal Habillée-ko kantak, orain lantzen ari naizen diskoko abestiak eta bestelakoak jotzen ditut bira honetan. Kanta berriak zuzenean lantzeko erabiltzen ari naiz kontzertu sail hau.

Harrituko gaitu horrek ere?

Diskoa grabatuta dago, baina ez dut oraindik nahastu. Oso tristea izango da. New Yorkeko Thomas Bartlett Doveman pianista eta ekoizlearekin grabatu dut. Hark ekoitziko du lana. Ederra izango da: pianoa, sokak... eta, oraingoan, ingelesez.

Zergatik ez duzu zeure kabuz ekoizten, kontuan hartuta Philip Glassen estudioan ere aritu izan zarela soinu ingeniari gisa?

Nire bizitzako une zail batean nagoelako. Ezkondu nintzen [Josh Ritter musikariarekin] eta dibortziatu naiz. Nire bizitza osoa lehertu egin da, eta oso zaila egin zait musika egitea bolada batez. Beraz, laguntza behar nuen. Doveman lagun mina dut, eta harekin guztiz fido naiz. Polita izan da niretzat beste modu batean lan egitea, beste estudio batean, beste musikarirekin. Berriz hastea izan da.

Izenburua jarri diozu?

Blue Bird. Kantetako baten izena da. Udazkenean kaleratzea espero dut. Kontrastea maite dut, era askotakoa: hitz ilunak soinu alaiarekin, kutsu gazi-gozoa. Niretzat diskoak postalak dira, leku eta denbora batekoak. Mal Habillée Frantziako nire postala da, eta Blue Bird, nire bizitzako une nahasi honetakoa.


Balleten munduan aritu zara, abeslari, Benjamin Millepieden Two Hearts lanean. Musika Nico Muhlyk egin du, eta hura ere Glassen estudioan ezagutu zenuen.

Ballet dantzaria izan nintzen, hamar urtez, gazteago nintzenean. Izugarria izan zen orkestra oso batekin abestea New Yorkeko Lincoln Centre zoragarrian, 5.000 pertsonen aurrean. Oso dibertigarria izan zen.

Europako ye-ye mugimendua AEBetako musikaren eraginez sortu zen, eta zuk, itzuliko bidaia egin duzu?

Iaz irratietan behin eta berriz galdetzen zidaten nolatan ari nintzen frantsesez abesten, mundu guztia ingelesez abesten ari den honetan. «Horrexegatik» erantzuten nien. Izan ere, izugarri gustuko dut noan lekuetan talde gazteak tokian tokiko hizkuntzan abesten entzutea. Zoragarria da edozein hizkuntzako hiztunek aukera izatea ahoa ireki eta soinua egiteko.

Zergatik maite duzu horrenbeste Françoise Hardyren Tous les garçons et les filles kanta?

Hitzak izugarri tristeak direlako. Nerabezaroko amodioa kontatzen du. Big Star taldeak Thirteen izeneko kanta argitaratu zuen 1972an. Kantugileak 13 urte zituenean sortu zuen, eta Tous les garçons et les filles abestia ekartzen dit gogora, purua, gozoa, tristea eta sinplea delako.



Lehen ere esan izan duzu, haur edo nerabe baten lengoaia erabiltzen duzula, heldu baten kezkak agertzeko zure abestietan. Zure bizitzaren aro nahasi honen ondoren, norantz joko duzun ba al dakizu?

Etorkizunak beldurra ematen du, baina egunero ezberdina da. Tour hau ere ezberdina da bakarka nabilelako, Sylvie Lewis harrigarriarekin. Bi neska errepidean, elkarrekin. Film batean bezala nago.


No comments:

Post a Comment