Monday 24 June 2013

"Katalunian ez da kontsultarik egingo, ez behintzat baimendutakoa"




Jaume Renyer, analista politikoa.

Argazkilaria: Saül Gordillo



ETAko zuzendaritzarekin bildu zen Renyer 2004ean, Penpinyan, ERCko kide zenean.Legelari eta analistak independentziarako prozesua eta Euskal Herriarekiko harremanak aztertzen ditu.


Jaume Renyer i Alimbau (Villaseca, Katalunia, 1958) legelaria da eta Kataluniako egoera politikoaren analista: Catalunya, qüestió d’Estat, L’estat contra els pobles eta L’esquerra de la libertat lanak argitaratu ditu, besteak beste. Presente y futuro de Catalunya hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Condestableren jauregian, Iruñean. Berriako papereko edizioan argitaraturiko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.




ERCko kidea izan zinen 2009. urtera arte. Aste honetan galdeketa argitaratu du Kataluniako Generalitateak, eta, horren arabera, ERCk irabaziko lituzke bozak.

Katalunian azken urtean gertatu den aldaketa politikoak indar harremanak aldatzea ekarri du, independentziaren eskaera lehentasun bihurtu delako. Beraz, logikoa da euren buruak independentziazale gisa argi definitzen duten indarrek sostengu gehiago izatea bozetan. Hala da prozesua Artur Mas presidenteak bideratzen badu ere, eta honek ERCren kanpoko laguntza duen, hau da, oraindik independentziaz argi hitz egin beharrean, erabakitzeko eskubideaz mintzo den alderdiarena. Afera nazionala lehentasun bihurtzeak mapa politikoa aldatu du: alderdi federalistek eta bestelakoek pisua galdu dute, PSC kasu.

Galdeketaren beste emaitza: independentziaren alde bozkatuko dutenak %55,6 dira dagoeneko, iaz baino lau puntu eta erdi gehiago. Noiz arte jarraituko du joerak?

Krisia oso nabarmena da Katalunian, eta horren kausa nagusienetako bat da Generalitateak ez duela tresnarik egoerari aurre egiteko, Espainiaren ekonomia politikarekiko menpekotasuna eta Kataluniako gizarteak pairatzen duen lapurreta. Gizarteari begi bistakoa egiten zaio botere propiorik gabe ez dagoela krisitik ateratzerik. Beraz, krisia sakondu ahala, gero eta sostengu handiagoa du independentziak. Izan ere, beste irtenbidea Espainiaren egitasmoari asimilatzea da, eta honek megalopolis bat du, Madril, eta egitura arazo izugarriak: urte askotarako defizita, kasu. Honek Kataluniari ez dio inongo irtenbiderik uzten.

Eta, bitartean, PSCko Pere Navarrok Euskal Herriko foru sistema kentzeko eskatu du. Arreta desbideratzeko da?

Ez nioke kasu handirik egingo, PSCk Katalunian duen pisua gero eta txikiagoa baita, eta berdintasun espainiarra eskatzeak Euskal Herriko kontzertuak kentzeko proposatuz ez du erantzun positiborik jasoko inon. PSCk Kataluniarako egitasmo propioa eskaintzeko ezintasuna agerian uzten du, besterik gabe. PSCk Katalantasun erreferentea galtzen ari da, PSOEren sukurtsal hutsa bihurtzeko.

Eta, halere, Navarrok ez al dio, hein handi batean, Urkullu lehendakariak Kataluniari kontzertua ematearen aurka eginiko adierazpenei erantzun nahi izan?

Urkulluren adierazpenek EAJren planteamendua islatzen dute: kontzertu ekonomikoa gorde —PSOEk eta PPk parteka dezaketena— eta ez planteatu inongo etorkizun egitasmorik Euskadirentzat. Beraz, Urkulluren adierazpenak, Kataluniaren aurkakoak barik, Euskal Herriari begirakoak direla ulertu behar da. Statu quo-a gordetzeko asmoa dago horien atzetik.

Ohiko irudia erabiltzeko, zuek meloia ireki nahi duzue, baina EAJk beldur dio aldaketari. Eragingo dio horrek Kataluniako prozesuari?

Ez dut uste eragingo duenik modu erabakigarrian. Zoritxarrez, argi uzten du EAJk ez diola kanpotik lagunduko Kataluniako aldaketa egitasmoari.

Trantsizioa deiturikoan kurrikarena egin zitzaion Madrili Euskal Herritik eta Kataluniatik. Ez al da arriskutsua bi herrialdeentzat indarrak batzeari uko egitea?

Euskal Herriko egoeraz dakidanarengatik, ez dago hor, epe motzean, prozesu independentziazalea azkartzeko perspektibarik. Beste lehentasunak daude, eta, EAJren eta bloke abertzalearen arteko kontrakotasunak egoera blokeatuta du. Ez bada beste norbait etortzen, gizarte mugimenduren bat edo, ez da sortuko antzeko dinamikarik. Gainera, krisia ez da hor hemen bezain larria, eta ez du azeleragailuarena egiten hemen bezala.

Halere, eskuin eta ezker nazionalisten arteko hegemonia-lehia ere bada Katalunian. Zergatik ez du halako blokeorik eragiten hor?

Ezker-eskuin ardatza lausotu egin da. Ez da galdu, baina Katalunia-Espainia ardatzaren azpian geratu da. Ardatz nazionalak, Katalunian, egitasmo soziala hartzen du barruan. Independentziaren alde daudenak, gizarte aldaketaren alde daude, hobera joan nahi dutelako: “Gaizki jarraitzeko, Espainian gaude dagoeneko”, diote.

2004ean Josep-Lluis Carod-Rovirarekin batera, ETAren zuzendaritzarekin bildu zinen Perpinyan. Nolako eragina izan duzu Euskal Herriko prozesuan?

Zeharkako eragina, betiere. Aspaldi izan zen, eta bestelako testuinguru politikoan. Orain beste modu batean aztertu beharko litzateke. ERCren ordezkari gisa hartu nuen parte bilera hartan, eta, Kataluniako ikuspegitik, alderdiak erabaki zuen esku-hartzea orduan pairatzen genuen indarkeria egoerarengatik, eta uste dut onerako izan zela hura egitea. Euskal politikagintzan eragina izan zuen bilerak, baina ordurako ikusten zelako mundu abertzalean aldaketa orokor bat zetorrela.

Espainia-Katalunia tentsioa pilatzen, eta Madrilen aldetik zurruntasun erabatekoa. Nondik hautsiko da soka?

Berehalako etorkizunean, kontraste hau izango da gakoa: alde batetik gizartean gero eta argiago ikusten da independentziaren gaian herritarrei galdetu behar zaiela, eta, bestalde, ez dagoela mekanismo bidegarririk galdeketa hori epe motzean egiteko. Espainiako Gobernuak esan du ahal duen guztia egingo duela galdeketarik egin ez dadin, eta Kataluniakoak ez du argitu oraindik noiz eta nola. Herritarrak zain daude, eta datozen hilabeteotan modu batean edo bestean planteatu beharko da. Nire ustez, ez da galdeketarik egingo Katalunian, ez behintzat baimendutakoa.

Zein irtenbide, orduan: alde bakarreko independentzia deklarazioa Legebiltzarrean?

Zer egingo dute orduan Kataluniako indar politikoek, ikusita dagoeneko gehiengoa direla Legebiltzarrean? Alde bakarreko aldarrikapena, edo ez? Ez da horren erraza: kontsultarik ez dagoenez, zaila da urratsa ematea Legebiltzarrean.

Eskoziako erreferendumak zein eragin izango du?

Aurrekaria ezarri du dagoeneko, garrantzitsuena ez baita erreferenduma egitea baizik eta erreferendumera deitu izana. Erreferentea da Eskoziakoa, arazo politiko sakon bat era demokratikoan konpontzeko bidean. Egoera berria sortuko du Europako Batasunaren barruan, eta zuzenean ezarri ahalko zaie adibidea Kataluniari, Euskal Herriari, edo Flandriari. Beraz, Europako agenda politikoan jarriko du Europako estatuak berriz antolatzeko kasuak, estatu berriekin. Espainiako kasua da zailena, Madrilgo Gobernuak ezetza ematen diolako konponbide demokratikoari, eta are gehiago PP, PSOEren laguntzarekin hizkuntza eta kulturaren aurkako eraso itsuan dabil.

Baikorra zara, halere?

Baikorra naiz, gatazka politiko bat dagoelako, legediak uka ezin dezakeena. Egoerek eboluzionatu egiten dute gizartearen presioarengatik. Litekeena da Katalunian egoera ekonomikoa are gehiago hondatzea, eta horrek asko zail dezake herritarren normaltasuna. Honek ezin du urte asko iraun. Era demokratikoan konpondu beharko da. Independentzia prozesuak ez du atzerabiderik, ez dudalako ikusten Madrilek proposamen erakargarririk duenik Kataluniako herritarrak konbentzitzeko independentziaren alde egoteari uzteko.

No comments:

Post a Comment