Wednesday 7 August 2013

«Ahotsa edozein musika tresna baino konplexuagoa eta intimoagoa da»





Bettina Aragon, musikaria.


Kirkit Ensemble: Bettina Aragon, Angelika Huisgen, Elena Gorrotxategi, Oihana Lekuona eta Ane Miren Odriozola

Kirkit Ensemble taldeko kide da Aragon, eta Euskal Herriko eta Georgiako herri kantak, Neil Young zein Leonard Cohenen abestiak eta Eurovisioneko doinuak moldatu eta 'a capella' abesten ditu.

Bettina Aragon (Bielefeld, Alemania, 1962) ahotsaren pedagogoa eta musikaria da. Kirkit Ensemble taldearen sortzaileetako bat da. Gaur arituko da, lau kideekin batera, 22:00etan, Bergarako (Gipuzkoa) Espoloian, Bermuga jaialdiaren amaieran, doan.



Zure ideia izan zen Kirkit taldea sortzea. Hasieratik pentsatu zenuen emakumeen ahotsak lantzea?

Ez, berez, emakumezko talde bat zehazki. Nik a capella abesteko taldea sortu nahi izan nuen urte askotan, baina ez nuen aukera handirik izan. Baina Ohiana Lekuona eta, gero, Ane Miren Odriozola nire ikasleak izan zirenean, taldea osatzeko une eta jende egokia ikusi nuen.

Kirkit taldeko kide guztiek tresnaren bat jotzen dute. Zergatik erabili, orduan, soilik ahotsa?

Lotura handia izan dugu guztiok kantuarekin, ahotsarekin. Musikari familia batekoa naiz ni, Oihana Julen Lekuona zenaren alaba da. Denok gozamen handia hartzen dugu ahotsean. Ahotsa edozein musika tresna baino konplexuagoa eta intimoagoa da, geure gorputzaren atal bat delako.

Kirkit izenak batana adierazten du, hau da, ehungileek hariak trinkotzeko erabiltzen duten orrazi antzeko tresna. Zergatik kirkit?

Nomaden hainbat hizkuntzatan erabiltzen dute kirkit hitza. Ane Mirenek ekarri zigun izena; alfonbra denda batean lan egiten zuen, eta han ikasi zuen tresnak izen hori duela, halako hotsa ateratzen duelako hariak trinkotzean. Hitzaren soinua gustatu zitzaigun. Gainera, ongi adierazten du guk ahotsak ehuntzen ditugula, tapiz batean bezala.

Zertan aldatu du taldea Angelika Huisgen zuzendari jarri izanak?

Primerakoa izan zen Angelika agertzea, norbait behar genuelako gu kanpotik entzuteko. Nik ez nuen nahi barruan abesten aritu eta, gainera, zuzendu. Angelikak, gainera, Euskal Herriko kanten moldaketak eginak zituen. Nik Georgiako folklorea eta pop rocka ekarri nituen taldera, eta hark hemengo musika, hura ere alemaniarra bada ere. Orain, bion artean ari gara zuzentzen taldea.

Euskal Herriko eta Georgiako kantez gain, Neil Youngen bertsioak egiten dituzue, baita Eurovisioneko abestiak ere. Zein da zuen irizpidea?

Ane Mirenek eta Oihanak ekarri zuten Neil Youngen After the Gold Rush kanta, Lantz taldean aritzen zirenetik. 'Leonard Cohenen Allelujah berriz entzunez gero, hil egingo naiz' pentsa dezake norbaitek, baina Cohenen zale amorratua naiz, eta kantaren konponketak erosi nituen Ameriketako Estatu Batuetan. Beraz, handik eta hemendik hartzen dugu: 'Bat egiten al du gurearekin?', galdetzen diogu elkarri Angelikak eta biok. Bat badator, aurrera.

Bilduma eklektikoa duzue, eta abesteko tokiaz ere gauza bera: alfonbra denda batean aritu zarete, baita elizetan ere.

Gune akustikoari moldatzen gara. Azken hiru kontzertuak benetan a capella izan dira: mikrofonorik gabe, alegia. Halakoetan, noski, beste modu batean abestu behar duzu, kontsonante edo bokal zehatzagoekin, indar gehiago edo gutxiagorekin... Sekulako lana da. Orgiko hariztian [Lizaso, Nafarroa] aritu ginen aurreko batean, eta zuhaitzek akustika berezia dute. Bergaran mikrofonoekin arituko gara. Ez dugu grabatzeko presarik. Agian urte bat edo bi barru sartuko gara estudioan. Bergararako lau kanta berri samarrak ditugu. Halere, udazkenean hasten ohi gara jo eta ke abesti gehiago prestatzen.

No comments:

Post a Comment