Wednesday 3 July 2013

«Batzuetan bakeak, zoritxarrez, beste gerra mota batzuk ditu barruan»

Pedro Garcia Romero, arte komisarioa.

Argazkilaria: Ricardo Iriarte
'Bake ituna' erakusketaren arduraduna da Garcia Romero arte historialaria. Historia «burgesia akademikoak bere eginiko kontakizuna» baino ez dela erakusten du iraganaren bidez orainaz mintzo den egitasmoan.

Pedro Garcia Romero (Huelva, Espainia, 1964) artista, kritikaria, historialaria eta erakusketa komisarioa da. Donostian joan zen astean zabalduriko Bake Ituna erakusketaren arduradun nagusia da. Lehen atalean, 1813 Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea izenburupean, hiriko hainbat gunetan gaiarekin loturiko objektuak jarri dituzte ikusgai.



Zergatik hasi duzue Bake Ituna erakusketa egitasmoa Donostiako 1813ko bortxaketarekin?

Oraingoa gero etorriko diren erakusketa zabalagoen aurrerapen bat da. Bakea irudikatzeko moduen inguruko ikerketa bat da, artea eta zuzenbidea elkartzen dituena, elkar argi dezaten. Bakea prozesu historiko bat da: Francisco de Vitoriarekin hasi zen, nazioarteko zuzenbidea sortu zuenean, XVI. mendean. Donostiako 1813. gertaeran Napoleonen gerrak, ilustrazioaren teoria filosofikoak, askatasuna ezartzeko ahalegina elkartzen dira, eta horren mapa egin dugu.

Legea eta Historia garaileek idazten badute, gauza bera gertatzen da artearekin?

Gaur begi bistakoa iruditzen zaigu Historia kontzeptua, baina horrek ere badu bere historia, eta, hain zuzen, urte haietan finkatu zen, Frantziako Iraultza eta Napoleonen gerren garaian: «Garaiaren izpiritua ikusi dut zaldigainean» esan zuen Hegelek Napoleonekin elkartu zenean, Jenan [Alemania]. Horrek azaltzen du Historia ez dela zientzia objektiboa eta, are gutxiago, adostua: kontakizun bat da, burgesia akademikoak bere egin duena, beste kontakizunen gainean. Erakusketan, errelato hori zalantzan jartzen dugu.

Nola?

Esaterako: Baionako Euskal Museoan dagoen pastoral baten maketa dago. Napoleon I.aren kontrako eraso bat antzezten du. Napoleonen koroatzea koadroaren parodia egiten da. Ez zen halakorik gertatu, baina badu egia historiko mota bat, eta harremana du gertaera errealekin. Askotan propaganda hutsarekin lan egiten dugu, eta saiatu jendeari tresnak ematen iritzi propioa izan dezan.

Gaur, hemen, eta kantak dioen moduan, ez dakigu ongi zer dugun, bakea edo gerra.

Ez dugu hitz egin nahi bakea-gerra binomioaz, dialektikoki oso ondo funtzionatzen badu ere, eta guztiz kontrakoak direla eman arren, batzuetan, bakeak, zoritxarrez, beste gerra mota batzuk ditu barruan. Bake egoera perfekturik ez dago. Brueghelen [Pieter Brueghel nagusia] Mika urkamendian margoa erabiltzen dugu hori ilustratzeko: jai bat erakusten du, jendea jaten, dantzan, kaka egiten... Baina lehen planoan urkamendi bat dago, eta gainean mika bat du. Gizakien eta paisaiaren arteko idilioan nagusi da indarkeria ezartzen duen ordenu bat. Kontraesana da, ziurrenera, baina halako irudikapenak esploratzea da, hain zuzen, Bake Ituna erakusketaren helburua.

Pieter Brueghel nagusia: Mika urkamendian


Erakusketa egitasmoko hurrengo ataletan landuko al duzue Euskal Herriko bake prozesua?

Ibon Aranberrirekin eta Asier Mendizabalekin lan egin nahi dugu, eta haiek askoz ahalmen handiagoa dute gaiaz hitz egiteko, guk bulego batetik baino. Halere, ahalmen handiagoa dugu iraganaren inguruko irudiak interpretatzeko, eta horietan ados jartzeko, orainaldikoekin baino gehiago. Egiten duguna egiten dugula, beti ari gara orainalditik hitz egiten. Artistak eta historialariak iraganaz ari direnean ere, orainaz ari dira. Beraz, gaur herrialdean bizi den prozesua hor dago, begi bistan.

No comments:

Post a Comment