Wednesday 23 October 2013

«Arkitektura erabiltzen dut gizarteaz hitz egiteko, hatzarekin erakutsi gabe»

Michael Grudziecki, artista.
 


 'Sea Forts' erakusketa zabalik du Bilbon Michael Grudzieckik, Alemanian lanean diharduen margolari poloniarrak. Hala itxitzat ematen du ur gaineko egiturei eta edukiontziei eskainiriko zikloa.
Margolaria da Michael Grudziecki (Wroclaw, Polonia, 1977). Munichen (Alemania) egiten du lan, eta V8 artista taldeko kidea da. Sea Forts erakusketa jarri du Bilboko SC galerian (Gorte kalea, 4), abenduaren 13ra arte.



Itsas gotorlekuak deitu diozu erakusketari, batez ere, uraren gaineko eraikuntzak margotu dituzulako sail honetan. 2005. urte aldera, Europa gotorlekua saila margotu zenuen. Hartan bezala, Mendebaldearen politiken metafora bat dira zure eraikuntzak?

Europa gotorlekua-n immigrazioaren eta etorkinentzako arkitekturaz arduratu nintzen. Kasu honetan, bestelako sail bat da: batez ere, nire bizitzaren ingurukoa da, margolari eta artista gisa. Sortzeko leku bat edukitzeaz, bakarrik egoteko, bakean, baina, aldi berean, mundua behatzeko.




Virginia Woolfek sortzailearentzat eskatzen zuen norberaren gela da, edo bolizko dorrea?

Niretzako gela nahi nuen, baina ez nuen nahi kanpoko munduarekiko lotura guztiz moztu: konkistaturiko leku bat izan behar zuen, paisaia gainetik ikusten utziko lidakeena.



Beti erabiltzen dituzu arkitektura industrialaren egiturak. Zergatik?

Asko erabili dut arkitektura nire lanean, arkitektura oso modu ona delako gizartearen inguruan zerbait esateko, hatzarekin erakutsi gabe edo zuzenean hitz egin gabe. Gizarteak bizitzeko diseinatu eta eraikitzen dituen lekuek oso ondo deskribatzen dute gizarte hori.




Edukiontziak margotzen dituzu, esaterako. Zer diote gizarteari buruz?

Arkitekturaren espektro berean sartzen ditut edukiontziak. Baina niretzat badute beste adiera sakonago bat: bidaiaren ikur dira. Hau da, edukiontzian duzun guztia sar dezakezu, Australiara joan eta han beste bizitza eraiki dezakezu. Artista gaztearen bizimodua adierazten du: diru laguntzen menpe zaude, eta edonoiz prest egon behar duzu urte erdia auskalo non pasatzeko, Bilbon edo.



Baduzu beste egitasmo bat Containers, eta, besteak beste, Kuban margotu dituzu graffiti gisa. Zergatik Kuba?

Garrantzitsua izan da niretzat Kubari eginiko bisita. Polonian hazi nintzen han komunismoa barik sozialismoa zegoenean. Niretzat Kubara joatea iraganerako bidaia zen, nire txikitako oroitzapenetara. Kuban antzekotasun asko topatu ditut, baina, noski, eguraldia oso bestelakoa da. Gurasoek Poloniatik joatea erabaki zuten nik 11 urte nituenean. Alde batetik, ezingo nuke bidaiatzeko askatasunik gabeko mundu batean bizi. Baina, bestetik, kapitalismoarekin alderatuta, sozialismoak baditu bizitza atseginago egiten dituzten osagai asko.



Aurreko serie batean, hirietako zaintza kamerak margotu zenituen. Zaintzapeko kapitalismo horren kritika?

Bilbon hasi nintzen zaintza kamerak margotzen, gainera, Guggenheimen atzeko aldean dagoen bat. Zaintzaileei euren armekin erantzutea zen ideia. 'Nik dut kamera' esateko modu bat zen. Amodio-gorrotoa diet zaintza kamerei: teknologiak liluratzen nau, baina, aldi berean, izugarri mehatxugarriak zaizkit.



Zer egingo duzu Itsasoko gotorlekuak honen ondoren?

Normalean koadroak sailkatu egiten ditut, eta sail bakoitzak bi urte eta erdi edo hiru urte irauten du. Bilboko erakusketa ziklo honen amaiera da. Beste gai baten bila nabil. Ohi bezala, bidaiaren batean bururatuko zait.

No comments:

Post a Comment