Thursday 24 October 2013

«'Disidente' deiturikoak klinex gisa erabiltzen dituzte AEBk Kuban»

Iroel Sanchez, Kubako Ecured sareko koordinatzailea.


'Cuba: mentiras y disidencias' hitzaldia emango du Sanchez idazle eta blogariak gaur Leioan eta Bilbon. Uhartearen gaineko «informazio manipulazioa» nola egiten duten azalduko du, besteak beste.

Iroel Sanchez (Santa Clara, Kuba, 1964) idazlea, blogaria eta Ecured sarearen koordinatzailea da. La Pupila Insomne bloga sortu zuen, eta Sospechas y disidencias liburua argitaratu du. Kubaren aurkako «gerra mediatikoa» salatzera etorri da Euskal Herrira. Gaur, 10:30ean, EHUko Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultateko aditoriumean mintzatuko da, Leioan (Bizkaia). Arratsaldean, 19:30ean, Zirika elkartearen aretoan arituko da (Zazpikaleak).



Zure blogean eta liburuan Eduardo Galeanoren ideia bat erabiltzen duzu: Kubaren gainean lupa erraldoi bat dagoela, gauza txarrak handitzeko eta onak ezkutatzeko. Nola eragiten dio horrek uharteaz munduan dagoen ideiari?

Begi bistako oker horrek handitu egiten ditu AEBk Kubaren aurka ezarritako politikaren ondorioak. Esaterako, beste lekuetan emigratzea dena, gure kasuan «Kubatik ihes egitea» bihurtzen dute. Ez dute esaten, blokeo bat dagoela legez kanpoko emigrazioa sustatzeko. Horrez gain, joera horrek lagundu egiten dio AEBetako politikari, kubatarren %99ren iritziari muzin egiten eta Washingtonen dirua jasotzen duten pertsona batzuk kubatar guztien izenean jartzen.

Zure bloga Yoani Sanchezi erantzuteko sortu zenuen?

Kubaz hitz egiterakoan, kubatarrak kontuan hartzeko beharrari erantzuten dio nire blogak. Aipatu duzun pertsona horren gisakoak tresnak dira, eta disidente deiturikoak klinex gisa erabiltzen dituzte AEBk, bolada batez, gastatzen diren arte. Gero beste bat jartzen dute.

Europako eta AEBetako hedabideen artean alderik sumatzen duzu Kubarekiko enfokeari dagokionez?


Ez da egon Kubaren aurkako manipulazio edo kanpainarik El País-ek eta Prisak zuzenean parte hartu gabe. Bitartean, ezkutatu diete irakurleei El País-ek berak giza eskubideen aldeko borrokalari gisa aurkezten duen horietako batek [Guillermo Fariñas] hegazkin bat lehertu eta 76 pertsona hil zituena [Luis Posada Carrilesez ari da] besarkatu zuela duela bi aste.

Cubainformacion.tv guneak Mendebaldeko hedabideetan Kubari buruz zabaldurikoak aztertzen dituzte. Haiekin lan egiten al duzu?


Ia astero bideoak egiten dituzte nik blogean argitaratzen ditudanak gidoi gisa erabilita. Dagoeneko 300 inguru egin dituzte. Nik ere blogean jasotzen ditut haiek informazio manipulazio ariketak agerian uzteko egiten duten lan argia eta dokumentatua. Erakusten dute asko egin daitekeela diru barik, baina nagusirik gabe.

Ecured koordinatzen duzu, Kubako Wikipedia deiturikoa. Zergatik bereizi Wikipediatik?


Askotan gertatu da kubatar asko blokeatu dituztela uhartearen gertakari historikoez inguruan idatzi nahi izan dutenean. Ecuredek 14.000 laguntzaile baino gehiago ditu. Ez dugu Wikipedia etsai gisa ikusten, baina Ecuredek baino askatasun txikiagoa eskaintzen digu.

Eta Internet, oro har?


Internet mundu errealaren luzapen bat da, eta honetako hegemoniak berriz agertzen dira han. Ikusten badituzu lehen 100 hedabideak, horietako bat bera ere ez da Latinoamerikakoa. Eta, dena den, Internetek aukera handia ematen du herritarrek parte hartzeko. Kuban ere ehunka blog daude, ikasleek, intelektualek eta gizarte erakundeek eginikoak. AEBk diru asko erabiltzen du espazio horiek bere propagandarekin kutsatzen. Horregatik gero eta kubatar gehiago Interneten ibili, orduan eta hobeto Kubarentzat eta kazetaritzaren kalitatearentzat.

No comments:

Post a Comment