Tuesday 15 October 2013

«Ez dut gustuko 'fusio' hitza, gauza artifizial eta behartua iradokitzen duelako»

Joshua Edelman, musikaria.




Jazza eta Euskal Herriko musikaren arteko nahasketa grabatu du New Yorkeko piano jotzaileak 'Manhattan Bilbao Jazz-Zubia' diskoan, Xabi Aburruzagaren soinu txikia eta Ibon Goitiaren albokaren laguntzaz.

Joshua Edelman jazz piano jotzailea da (New York, AEB, 1954). Lau urte darama Bilbon bizitzen, eta Manhattan Bilbao Jazz-Zubia diskoa argitaratu berri du. Bihar aurkeztuko du, zuzenean, 20:00etan, Campos Eliseos antzokian, Bilbon.




Zergatik sortu zenuen Jazz Cultural Theatre gunea?

Bilbotar batekin ezkondu nintzen, eta hemen jaiotako bi ume ditugu. Munduan asko ibili ondoren, Bilbon finkatzea erabaki genuen, hiriak baduelako etorkizun egitasmo interesgarria, eta leku ezin egokiagoa zelako buruan genuena egiteko. Izan ere, Donostiako, Gasteizko eta Getxoko jazzaldiak dira hemen ezagunenak, eta Musikeneko goi eskola. Baina guk ikusi genuen jazz herrikoiago bat behar zela, ez soilik udako jaialdi batzuk, zeinetan musikari atzerritar ezagun batzuk egun baterako datozen. Edo oso ikasle gutxi eta aukeratuak dituen eskola bat. Erabaki genuen populazio zabalarentzako egitasmo bat sortzea. Esaterako, haurrentzako egitarau bat dugu, etorkizuneko jazzlarientzat, alegia. Denbora arrazoia ematen ari zaigu.

Jazz Basque Country diskoetxea sortu duzu, eta, bihar, lehen emaitza aurkeztuko duzu. New York eta Bilboren arteko zubi hori orain arte ez al da izan, batez ere, handik honakoa?

Mugak hausteko daude; mundua eta musika hobeak lirateke mugarik gabe, etiketarik gabe. Jazza eta euskal musika nahastea modu natural eta logikoan gertatu da nire kasuan. Hau ez da jendeak fusio deitzen duena. Ez dut gustuko fusio hitza, gauza artifizial eta behartua iradokitzen duelako. Hau ez da behartua. Konposizio onek aukera ematen dute erritmo baseak aldatzeko eta lengoaia aldatzeko, haiei kalte egin gabe. Egin dut Bach eta Chopin erritmo afro-kubatarrarrekin...

Mikel Laboaren Ihesa zilegi balitz kantaren bertsioa egin duzu, melodia ereserki bat delako juduentzat?

Emaztea eta biok erritu juduaren bidez ezkondu ginen New Yorken, eta errabinoak kanta hori abestu zigun hebreeraz: «Abesti honek zerikusi handia du zuekin», esan zigun, eta horrek piztu zidan jakin-mina. Horregatik erabaki genuen grabatzea, Lara Sagastizabalen ahots zoragarriarekin. Benito Lertxundirekin Bizkaia maite kantak, berriz, arreta piztu zidan, ederraren ederrez. Noski, guk jazz kutsua eman diogu. Diskoa bidali diot Lertxundiri; ez dakit zer esango duen bertsioaz, baina nik New Yorken eta Massachussettsen jarri dut, eta Japoniako lagunei bidali diet, eta denei gustatu zaie. Harro nago.



Zergatik grabatu duzu diskoa «molde zaharrean», hau da, musikari guztiak elkarrekin batera jotzen?

Argi dago teknologia edukita ere ez dela beti ona erabiltzea. Jazzaren urrezko aroak 1960ra arte iraun zuen. Musikariek, orduan jotzen zuten bezala grabatzen zuten pare bat orduko saio batean, edo bitan. Horrela gordetzen da musikaren magia, baldin eta badu.

Diskoan hainbat herrialdetako 25 musikarik hartu dute parte. Kontzertua txikixeagoa izango da?

Diskoan arituriko musikarietatik bizpahiru baino ez dira faltako kontzertuan. Sergei Mesropian biolontxelista armeniarra arituko da, Kubako bi perkusionista, Xabi Aburruzaga trikitiarekin, Lara eta Ana Sagastizabal abesten, eta gure ikasleak... Jai handi bat izango da. Aspaldiko adiskideak dira, eta horrek eragina handia du soinuan. Izan ere, musika tribu giroan egiten da.

No comments:

Post a Comment