Sunday 13 October 2013

«Ulertu dut azkenean umorerik gabeko artea jasangaitza dela»


Lloyd Cole, musikaria.



Argazkilaria: Doug Seymour

The Commotions taldearekin hasi zen musikari ingelesa. 1989. urteaz geroztik, bere kabuz dabil, pop-rock kantak sortzen, nahiz eta musika elektronikoa sortzeko zaletasuna ere baduen.

Lloyd Cole musikaria (Buxton, Ingalaterra, 1961) Donostian arituko da gaur, bakarka, 19:00etan, Kursaalean.





Azken diskoari Standards jarri diozu. Plazaratu aurretik ere klasikoa izango zela pentsatu zenuen?

Gustuko nuke jendeak pentsatzea disko honekin nire soinu klasikora itzuli naizela, baina hori ez da diskoari izen hori jartzeko arrazoia. Txantxa bat egin nahi nuen izenburuarekin. Umorea zen; hala espero dut behintzat. Umorea bi ahoko ezpata da: ezin da egin beste aldean dagoen pertsona ez badago umorerako prest. Gogoratzen dut gaztetan James Joyce irakurtzen nuela eta ez nuela piperrik ere ulertzen. Antza, ez nengoen prest onartzeko umorea egon zitekeenik arte serioan. Kontrakoa uste dut orain, hau da, umorerik gabeko artea jasangaitza dela ulertu dut azkenean.

Nola bereiz daiteke zure kantetan zer diozun benetan eta zer den umorea?

Ez dut uste bereizi behar ditugunik. Abesti batek irribarrea sor diezazuke, eta horrek ez du esan nahi serioa ez denik. Horren adibiderik onena Leonard Cohenen Famous Blue Raincoat kanta da. Gai serioa da, maitasun hiruki bat, baina umorez betea. Kanta hori ia eredua izan da nire lanean. Gai ilunenez ari garenean, orduan behar dugu umorea gehien, bestela ezinezkoa baita horretaz hitz egitea.



Umorean datza helduentzako eta nerabeentzako pop-rockaren arteko aldea?

Sakontasunik gabeko musika nerabeentzat da. Eta ondo dago, nerabeek hazi egin behar dutelako musikarekin. Nik adinako zortea badute, David Bowie batekin haziko dira. Heldu zein gaztetxoentzako musika egiten zuen hark, eta sakontasuna dago haren testuetan, umore askorik ez badago ere.

Sintetizadore modular bat eraiki, eta disko elektroniko bat argitaratu duzu aurten. Zure zale klasikoek umorez hartu behar dute?

Argi dut ez dudala musika mota bakarra egin nahi. Sintetizadore modularra eraiki nuen nekatuta nengoelako ordenagailuarekin ezinbestean lan egin beharraz musika sortzeko. Bakarrik zaudenean ordenagailuari lotuta zaude grabatzeko, eta horrenbeste denbora pasa dut horrekin, non nire hirugarren beso bihurtu den. Ez nuen hori gustuko. Sintetizadore modularrak ez du ordenagailurik behar, ez du memoriarik, eta horrekin egiten duzun guztia grabatu egin behar duzu, bestela galdu egiten delako. Beraz, ordenagailuarekin lan egitearen kontrakoa da. Duela hamar urte egin nuen lehen disko elektronikoa, Plastic Wood. Roedeliusek entzun zuen, eta hark konbentzitu nau orain Selected Studies Vol. 1 egiteko.



Standards-era itzulita: zertarako grabatzen duzu disko bat musikari askorekin eta ia zuzenean, gero kontzertuetan zeuk bakarrik aritu behar baduzu?

Zertarako erosiko luke jendeak bada diskoa, neuk bakarrik joko banu? Musikagintzan hasi nintzenean, nire helburua diskoak grabatzea zen. Kontzertuak ematea diskoak promozionatzeko modu bat besterik ez da izan niretzat, betebehar bat. Musika sortzen dut lan multzo bat izateko. Hasieran, disko bilduma gisa ikusi nuen, betiko iraungo zuena. Gero ikusi dut diskoak ere haizeak eramaten dituela. Beraz, orain, idatzitako kantu multzoak osatzen du nire lana. Horregatik, kontzertuan ez dut azken diskoa aurkeztuko, baizik eta nire ibilbidearen abesti bilduma.

No comments:

Post a Comment