Friday 18 October 2013

«Gazteek 1980ko musikan interesa hartzea bitxia da, baina ez harrigarria»


Stephen McRobbie, The Pastels taldeko kidea.



Stephen McRobbie eta Katrina Mitchell dira The Pastels taldeko bihotza.


Eskoziako The Pastels taldeak 34 urte bete ditu. Hamasei urtez antzerkirako musika eta bestelako egitasmoetan murgilduta ibili ondoren, disko berria aurkezten ari dira bira batean. Gaur, Zarautzen.

Stephen McRobbie musikariak (Glasgow, Eskozia, 1972) The Pastels taldea sortu zuen 1981. urtean. Slow Summits diskoa plazaratu du taldeak aurten, eta bira bat egiten ari dira aurkezteko. Gaur Zarautzen joko dute, 22:00etan, Modelo zineman, Bassmatti & Vidaur bikotearekin.




Illumination diskoa argitaratu zenutenetik Summer Rain azken hau plazaratu arte 16 urte pasatu dira. Nolakoa da berriz errepideari ekitea horrenbeste denboraren ondoren?

Ongi pasatzen ari gara, egia esan. Ez diogu inoiz utzi jotzeari, baina egia da azken urteotan oso noizean behin aritu garela kontzertuak ematen. Ez dugu diskorik argitaratu tarte honetan, bestelako gauza batzuetan aritu garelako: antzerkirako musika egin dugu eta diskoa egin dugu elkarlanean Tenniscoats taldearekin.

Glasgown grabatu zenuten azken diskoa, eta Chicagon nahastu. Zergatik erabaki zenuten garaia zela berriz The Pastelsen bakarkako diskoa plazaratzeko eta bira batean ateratzeko?

Besterik gabe, gustuko genuen musika geneukan, eta oso gustura ari ginen elkarrekin. Beraz, logikoa iruditu zitzaigun eta garai ona zela iruditu zitzaigun beste disko bat argitaratzeko.

Taldeak 34 urte bete ditu. Zergatik iraun du horrenbeste? Gauzak poliki eta estresik gabe egiteko filosofia izan duzuelako?

Guretzat ona eta egokia den moduan lan egiten dugu: batzuetan oso geldo eta denbora asko hartuta, baina, beste batzuetan, musika oso azkar sortzen dugu. Badakigu disko gehiago grabatzea bagenuela denbora honetan, baina horrela atera da.


Agian Geographic Music zuen diskoetxea kudeatzeak denbora gehiegi jan dizue, musika sortzeko prozesuaren kaltetan?

Bai. Duela 9-10 urte denbora gehiegi kentzen zigun, eta horregatik ez genuen diskorik argitaratu. Baina orain uste dut oreka aurkitu dugula interesatzen zaizkigun gauzak eta geure musika egiteko orduan.

Lehen diskoan, garage-punk soinua eta sintetizadorez lagunduriko kanta gozoak tartekatzen zenituzten. Gero, soinua garbituz joan zineten. Eboluzio horretan non zaudete orain, eta nora zoazte?

Ziurrenik, askotarikoagoa da orain egiten duguna. Baina nik oraindik maite dut Irlandako musika eta pop zaratatsua. Ez da naturala leku berean jarraitzea eta disko bera egitea behin eta berriz. Talde askok egin dute, The Ramonesek, esaterako; baina guretzat ez litzateke normala izango. Etengabe aldatzen gabiltza. Gure asmoa ez da, dena den, musika garbia egitea. Eta hasierako talde bera gara, sentipen bera dago orain ere.

Orain 1980ko hamarkadako musika modan dago berriz. Argitu behar izan al diozue inoiz entzule gazteren bati zuek ez zaretela revival-en zaleak, zuek benetan zatoztela 1980tik?

Ez digu inork halakorik galdetu oraindik [barreak]. Ez zaigu gaizki iruditzen gazteei garai hartako moldeak interesatzea. Oso normala da: gu gazteak ginenean, 1960ko musika maite genuen, The Beatles, The Zombies... Ez naiz revival zalea, baina orain gazteek The Jesus & Mary Chain eta Primal Scream taldeetan interesa hartzea bitxia da, baina ez harrigarria.




Zer egingo duzue Glasgowra itzultzean?

Datorren urtean, ziurrenik, hasiko gara berriz disko bat elkarlanean grabatzen. Ez gaude ziur, baina litekeena da The Focus Groupeko Julian Houserekin aritzea.


No comments:

Post a Comment