Thursday 17 October 2013

«Mundua oso zabala dela eta denetatik dagoela erakutsi nahi diegu haurrei»


Eneko Etxebarrieta, bidaiaria.



Telebistarik gabeko aita da Eneko Etxebarrieta. Bizikletaz munduan itzuli bat eta erdi egin ondoren, haurrei kutxa ergela itzalarazi eta irudimenarekin zein antzerkiaren bidez bidaian eraman nahi ditu.

Eneko Etxebarrietak (Gasteiz, 1967) munduko bira egin zuen, bizikletaz, 1999. urtetik 2002ra arte. Miyuki Okabe emaztearekin bigarren itzulia hasi zuen 2005ean (amaitu gabe dute). Faustinarekin munduratuz 4-7 urte arteko haurrentzako ikuskizuna sortu du, eta huraxe taularatzen dabil. Gaur arituko da, 18:30ean, Gasteizko Hegoalde gizarte zentroan.



Bidaiari eta abenturazalea izan zara orain arte; zer dela-eta hasi zara antzezle-kontalari?

Ni, berez, irakaslea naiz, lehen hezkuntzakoa. Bidaia asko egin ditut, batez ere bizikletaz, baina orain Miyuki eta biok Gasteizen bizi gara, bi ume oso gazte ditugulako: Akira eta Kenta, 4 eta 2 urtekoak, hurrenez-hurren. Etxean gaude, eta, telebista jartzen ez dugunez, gure bidaietako istorioak kontatzen aritzen gara.

Zergatik egiten diozue muzin telebistari? Ez al da modu ona umeei urruneko lurraldeak erakusteko?

Ez dugu telebista gustuko. Oso saio on gutxi daude, eta ez dira egokiak umeek ikasteko. Telebista ikustea oso zaila da umeentzat, ez dagoelako ezer onik. Nik zinema eta bideo ikasketak egin nituen Andoainen [Gipuzkoa], baina, halere, nahiago dugu umeekin jolastu eta irakurri, telebista jartzen baduzu hark bereganatzen baitu arreta guztia. Saio horietan ikusi nuen umeak istorioetan erabat eta bizi sartzen zirela. Nik hitzaldiak askotan eman ditut, baina ezer ez haurrentzat. Orduan bururatu zitzaidan bide bat aurkitu behar nuela umeei kontatzeko bizi izandako abenturak.

Helburu pedagogikorik ba al duzu?

Bai, oso garrantzitsua: erakustea gu hemen bizi garela gure Euskal Herrian, baina mundua oso handia dela eta denetatik dagoela. Nahi ditut haurrak bultzatu gauzak ezagutzera hazten direneko, egarri eta jakin-min hori haiengan txertatzeko. Antzerki bidez nahi nuen hori lortu, eta Gasteizko Teatro Paraiso konpainia indartsura jo nuen. Pilar Lopez koordinatzaileari ideia azaldu nion, eta hark Javier Fernandezekin jarri ninduen harremanetan. Bion artean egin genuen gidoia; hark erakutsi zidan nola antzeztu.

Kontatzen dituzun istorioetatik zer da benetan gertatutakoa eta zer asmatutakoa?

Nahastuta dago. Abentura asko gertatzen dira antzezlanean, eta gehienak benetakoak dira, baina, noski, dramatizatuta daude, eta umeentzat egokituta. Esaterako, nire bizikleta —Faustina— bizirik dago, eta harekin sarri mintzo naiz. Haurrak bidaian sartzea lortzen du antzerkiak. Magia hori du; gertaerak kontatzea ez da gauza bera.

Ikusita hutsune bat dagoela telebistan, zergatik ez egin umeentzako bidaia saio bat?

Ideia ona litzateke. Jende asko ez gaude telebistarekin pozik. Eta gero eta gehiagok itzaltzen dugu, beste zer edo zer bilatzeko, Interneten, liburuetan edo beste nonbait. Ez da erraza halako egitasmo bat gauzatzea, baina, agian, egunen batean ausartuko gara halako saio bat egiten.

Noiz amaituko duzue munduan bigarren itzulia egiten?

Umeak oso txikiak dira, baina bidaia txikiak egiten saiatzen gara. Duela gutxi Brasilen egon gara, Miyukiren familia bisitatzen. Asmoa dugu handitu ahala bidaia handiagoak egiteko, bizikletaz betiere. Euskal Herrian bizi-kalitate on samarra dugu: haurrentzako eskola ona, eta erietxe ona, behar badugu. Oraingoz, hemen jarraituko dugu.

No comments:

Post a Comment