Tuesday 12 November 2013

«Egiturak berdin segituz gero, alferrik ari gara: aldaketa instituzionala behar dugu»

Ricardo Feliu, soziologia irakaslea.


NUP

La Navarra eterna: ¿Quién manda aquí? mahai inguruan parte hartuko du bihar Ricardo Feliu irakasleak, NUPeko unibertsitatean, Ignazio Aiestaran Filosofia irakaslearekin eta Patxi Zamora kazetariarekin.


Ricardo Feliu (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1972) Soziologia irakasten du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. La Navarra eterna: ¿Quién manda de verdad aquí? mahai inguruan parte hartuko du, bihar, 11:30ean, NUPeko 222. gelan. Aldamenean izango ditu Ignazio Aiestaran Filosofia irakaslea eta Kontuz taldeko Patxi Zamora kazetaria.



2009an tesi bat aurkeztu zenuen Nafarroa kontrolpean duen 90 pertsoneko elitearen inguruan. Asko aldatuko zenuke analisia lau urteren buruan?

Bai. Tesia urrezko aroaren argazkia zen: 1995etik 2008rako tartekoa. Horretan UPNk eta PSNk eta sindikatu batzuek kontsentsu orokorra zuten. Orain egoera guztiz bestelakoa da, Nafarroa liluragarri hura guztiz lehertu egin delako. Eta ez da soilik lehertu krisia. Barne gatazkak sortu dira elite horren barruan. Nafarroako kutxa, esaterako, harremangune handia zen elite horrentzat, eta, galdu denez, orain ezinezkoa da hango lanpostu batzuk erabiltzea mesedeak ordaintzeko eta ekonomia zein politika alorren arteko harremanak sendotzeko.

Zein eginkizun izan du elite horrek krisiaren tamainan Nafarroan?


Elite ekonomikoa administrazio publikoaren inguruan sortu da. Nafarroako eliteak liberalismoaz mintzo da asko, baina frankismoaren eredu ekonomiko klasikoa dute, administrazioaren menpe daude euren negozioak egiteko, eta ezinezkoa zaie beste ereduren bat asmatzeko: estatuak sostengua ematen dit nire negozioa egiteko, eta gaizki badoakit, hark ordainduko du. Krisiak hori begi bistan utzi du.

Azken boladan elite estraktiboa esamoldea erabiltzen ari dira. Egokia iruditzen al zaizu?

Ez da egokia, eta kontzeptuak berak urduri jartzen nau. Cesar Molinak asmatu zuen ideia, eta oso makurra da: erabiltzen du erantzukizuna elite politikoei egozteko eta elite ekonomikoak errugabetzeko. Molinak ahaztu du hemen elite estraktiboak, batez ere elite ekonomikak, izan direla, trantsizioaren ondoren ere oinarritu direlako lehen aipatu dudan eredu frankista horretan. Ezkerrak irentsi egin du elite estraktiboen kontzeptua, eta izugarri beldurgarria iruditzen zait.

Administrazio foralaren kontrola galtzeko beldurrez dago elitea?

Bai. Esan bezala, jada ez dago kargurik jendeari sariak emateko. Horrez gain, UPNn labankadaka dabiltza. Miguel Sanzek kontsentsua nahi zuen, baina Yolanda Barcina hautsizalea da. Barcinak hainbat korronteren haserrea sortzen ari da UPNren barruan. Gotortzen ari dira badatoz euskaldunak! diskurtsoarekin, muturrera eramanda. Ez dute besterik, izan ere, Nafarroan alderdien sapaiak argi daude, eta beldurra ez da izaten beste alderdiek boto gehiago biltzeko, baizik eta norbere jendeak ez bozkatzea. Normalean PSNren jendeak jotzen zuen abstentziora, baina, orain, litekeena da UPNrenak izatea, eta hori ez dute inoiz irudikatu.

Gobernua eskuz aldatzen bada ere, eliteak berdin iraungo du?


Aldaketa egongo al da? Hori PSNren egoitzan erantzungo dizute. Baina PSNren zati batek sistema horretan parte hartu du. Alferrik ari gara alderdi politikoak aldatzen baditugu eta egiturak berdin jarraitzen badu. Egoerak aldaketa instituzionala behar du: hau da, parte hartze demokratikoa ulertzeko modua, erakundeak, diputazioa, gobernua, gardentasuna... Hori da kontua, eta ez hurrengo bozetan NaBaiko, Bilduko edo PSNko presidentea dugun.

No comments:

Post a Comment