Wednesday 13 November 2013

«Sasiain ahaztuta egon da inork ez duelako buruko gaixoa bere egin nahi»


Xabier Urmeneta, psikologo eta historialaria.



Fernando Sasiain Donostiako alkate errepublikanoaren inguruko liburua argitaratu berri dute. Erietxe psikiatriko batean pasatu zituen azken urteak, frankisten eta Gestaporen jazarpena pairatu ondoren.

OME Osasun Mentalaren Elkartean historiaz arduratzen den ataleko kidea eta psikologoa da Xabier Urmeneta (Bartzelona, 1956). Iñaki Markezekin batera, Errepublika garaian Donostiako alkate izaniko Fernando Sasiain Brauri buruzko liburua idatzi du. Sasiani buruzko mahai ingurua egingo dute gaur, 19:00etan, Donostiako San Telmo museoan, Paco Etxeberria auzi medikuarekin eta Idoia Estornes historialariarekin.




Zuek psikologo eta historialariak izanda, Fernando Sasiain ikertzeko pertsonaia perfektua zen zuentzat?

Bai, historia, oro har, eta psikiatriaren historia biltzen dituelako. Sasiainen amaieratik heldu ginen pertsonaiarengana, erietxe psikiatriko batean hil zelako. Baina gero, ikerketa egin ahala, konturatu gara pertsonaia oso garrantzitsua eta interesgarria izan zela, eta haren inguruko ahanztura izugarrizkoa.

1935, CC BY-NC-ND-3.0-ES 2013 / KUTXATEKA / Marin / Pascual Marin

Politikoki zein garrantzia izan zuen?

Donostiako Itunaren anfitrioia izan zen, eta horretan adostu zuten II. Errepublika sortzea. Lan asko egin zituen Donostian, oraindik zutik dirautenak. Horrez gain, eginkizun handia izan zuen autonomia lortzeko. EAJren autonomia proposamenak aurrera egin ez zuenean, 18en Batzordea osatu zuten alderdien artean estatutua negoziatzeko. Sasiain batzordeko presidente izendatu zuten. Berak sortu zuen akordioa, eta euskal estatutua eraman zuen Madrilera.

Alkatetza utzi zuen 1932. urtean, depresioarengatik. Gero osatu, eta berriz aukeratu zuten alkate. Frankistek ezarri zioten zigorra zein eragin izan zuen haren gaitzan?

Zaila da hori a posteriori esan ziurtasunez. Baina argi dago frankisten eta nazien aldetik jasan zuen jazarpenak eragina izan zuela. Gestapok bi hilabetez eduki zuen preso Baionako espetxean. Zituen ondasun guztiak kendu zizkioten frankistek. Miseria gorrian izan zuten: Ramon Labaienek esan zigun berak gaztetan ikusi zuela Sasiain Donibane-Lohizuneko kaian arrantzan, zer jan izateko. Familiarekiko lotura guztiak eten zizkioten: erbestean zela, aita hil zitzaion, eta ezin Donostiara joan. Anaia hil zitzaion, eta berdin. Beste anaia eta lehengusu bat kartzelan, arreba egoera latzean... 1950eko indultuarekin itzuli zen Donostiara, baina heldu bezain pronto abiatu zuten haren kontrako gerra kontseilua. Ziur horrek depresioa larriagotu egin ziola.

Itzuli zenean, psikiatria frankistaren Mengele doktore Antonio Vallejo-Najeraren teoriak zeuden bogan: hau da, marxismoa, abertzaletasuna eta errepublikazaletasuna buruko gaitzak zirela. Nola eragin zion horrek Sasiaini?

Zorionez, urtebete eman zuen Donostiako erietxe psikiatrikoan eta, han, Luis Martin-Santosen eta Ricardo Buenoren zaintzapean egon zen, eta haiek ez zuten halako ikuspegirik. Baina orduko elektroshockak eta intsulina tratamenduak pairatu zituen, ziurrenera. Dena den, garai hartako tratamenduak aztertuta, esan dezakegu gaur ez zuela halako egoerarik pairatuko: ez zituen urteak pasatuko erietxean. Botika tratamendu bat izango zuen.

Zergatik egon da Sasiain ahaztuta?

Buruko gaitzak oraindik badira estigma bat; pentsa garai hartan. Inork ez du buruko gaixoa bere egin nahi. Horrez gain, Sasiain ez zen sozialista, ez nazionalista, ez komunista. Errepublikazalea zen, eta ez da inor geratu hari ohore egiteko prest.

Sasiain, ohorezko aurreskua dantzatzen, 1931. urtean. CC BY-NC-ND-3.0-ES 2013 / KUTXATEKA / Photocar / Martin Ricardo.  

No comments:

Post a Comment