Sunday 1 December 2013

«Aski dira bederatzi egun gazte normalak arrazista amorratu bihurtzeko»


Ilvy Njiokiktjien, argazkilaria.


Argazkilaria: Sebastiaan Ter Burg
Hegoafrikako eskuin muturreko talde paramilitarretako trebakuntza kanpaldiak erretratatu ditu argazkilari herbeherearrak. ‘Apartheid’-aren ondorengo belaunaldiaren eboluzioa jarraitzen ari da.

Ilvy Njiokiktjien (Utrecht, Herbehereak, 1984) argazkilaria da. Afrikaner Blood argazki saila ikusgai du Bilboko Fnac saltokian, urtarrilaren 7ra arte.







Nola lortu zenuen Hegoafrikako Kommandokorps talde arrazistan sartzea argazkiak ateratzeko?

Ikastera joan nintzen Hegoafrikara, 2004an. Hiru urte geroago, egunkari batentzat lan egitera itzuli nintzen. Eugene Terreblanche eskuindarraren hiletan nengoen, 2010ean, eta han ikusi nuen Franz Jooste zutik, uniformea jantzita. Nor ote zen galdetu nion, eta orduan hitz egin zidan bere Kommandokorps taldeko trebakuntza kanpaldien inguruan. Kanpaldia ikustea erabaki genuen, eta bederatzi egunez han izan ginen argazkiak eta bideoa egiten.
 
Jooste, ariketak zuzentzen.


Gonbidatu egin zintuzten?

Ez. Denbora luzez landu nuen Jooste. Herbehereetan nengoela, astero deitzen nion zer moduz galdetzeko. Azkenean, utzi egin zigun sartzen.

Kanpaldian parte hartutako gaztetxo batek dio hor dagoela ez duelako bere aita lotsarazi nahi. Inguruaren presioarengatik parte hartzen dute nerabeok?

Oro har, bai. Kanpaldian, hutsaren hurrengoak direla sentiarazten diete: mukizu batzuk besterik ez direla, ez direla oraindik benetako gizonak, gizonduko direla eurei entzunez gero...


Gauza bitxiak irakasten dizkie gizon honek. Esaterako: bera ez dela arrazista, ez zaiolako azalaren kolorea axola, baina beltzek «neokortex txikiagoa» dutela.

Harrituta ikusi genuen zein erraz eta azkar manipula daitekeen jendea. Bederatzi egunekin aski zuten mutil normal hauek arrazista amorratu bihurtzeko.



Eskuin muturreko mugimenduotan jarraitzen dute kanpalditik pasatzen diren mutilok?

Ez, gehienek ez dute harremanetan jarraitzen mugimenduarekin. Nagusiak saiatzen dira, baina mugimendua ez dago oso ondo antolatuta. Haiek ez dute onartuko, baina porrota da, oro har. Hegoafrikan halako erakunde asko daude, baina denak oso txikiak dira, buruzagiak izan nahi duten Joostez beterik daudelako. Denek nahi dute boterea, horregatik ari dira etengabe banantzen.

Nolako eragina dute Hegoafrikako gizartean?

Dagoeneko 11 urte daramatzate kanpaldi hauek antolatzen, eta tarteka zarata egiten dute, eta hedabideen arreta lortzen dute. Baina oso talde txikiak dira, Europako neonazien parekoak. Eragina dute ideologia arrazista zabaltzen dutelako, baina afrikaner normalen multzoa askoz handiagoa da.


Besteak beste, zuri esker lortu dute hedabideen arreta. Ez ala?

Historia asko daude Hegoafrikan, eta mundua gosez dago ikusteko nola garatzen den demokrazia han. Beraz, ni gabe ere, arreta lortuko zuten.

Gaindituko da inoiz arrazakeria Hegoafrikan?

Europan bezala, jende asko dago erdibidean, esaten duena: «Ni ez naiz arrazista, baina zergatik ari dira horiek guri lanpostuak kentzen?». Hegoafrika demokrazia gaztea da, eta arrazakeria hor egongo da, gutxienez bi edo hiru belaunalditan. Gazteei jarraitzen nabil, aberaskumeak, gangsterrak, beltzak, zuriak... Lau urte barru itzuliko naiz Kommandokorpseko gazteak nola eboluzionatu duten erretratatzera. Libre jaiotako belaunaldia esaten diete apartheid-aren ondorengoei. Ikusiko dugu libre horrek zer esan nahi duen.

No comments:

Post a Comment