Tuesday 3 December 2013

«Irati aldea altxor bat da guretzat, eta historialariek ez dute aski ikertu»

Stephane Etxegarai, dokumentalgilea.



Nabarraldek saria eman dio Etxegaraik eginiko 'Orreagako Gatazka 778. urtean' dokumentalari. Historialarien agiriekin eta artzainen ezagutzarekin, gatazka non izan zen argitu nahi izan du.

Dokumentalgilea da Stephane Etxegarai (Eiheralarre, Nafarroa Beherea, 1977). Hark Kanaldude telebistarentzat eginiko Orreagako Gatazka 778. urtean dokumentalari saria eman dio Nabarralde elkarteak. Saria emateko ekitaldia egingo dute gaur, 18:00etan, Baionan, eta dokumentala erakutsiko dute. Bestela, ikusgai dago osorik, argia.com eta kanaldude.tv guneetan.


Basile Ibanez —erdian— eta Eñaut Etxamendi —eskuinean—.

















Orreagako gatazka ustez ikusi zuten mendietatik gertu hazi zinelako egin zenuen dokumentala?

Ez. Etxetik lau kilometrora ditut lekuok, baina egiteko ideia Basile Ibanez eta Eñaut Etxamendirena izan zen. Haiekin Iratiko mendietan ibiltzen bi urte neramatzan, bideo txikiak egiten, Iratiko Sekretoak izenburupean. Haiek gaia proposatu zidaten, eta fite ohartu nintzen halakoa ezin zela kontatu hamar minutuko bideo batean. Ordubeteko dokumentala egin genuen azkenean.

Ibanez-eta mendi horietako artzainak dira. Antton Kurutxarri historialariarekin jarri dituzu, liburuetan eta mendi zein leku izenetan irakurritakoak kontatzen.

Filmean profesionalak agertzen dira, Kurutxarri irakaslea, esaterako, eta ez profesional baina historiazale amorratuak direnak, bizitza osoa mendi horietan lanean eman dutenak, eta ikertzen. Bi historia daude hor: H larriz idazten dena eta euskal memoria edo gogoa osatzen duena. Filmean mendi izen batzuk ematen dira, eta izen horiek ez daude ia inon idatziak. Artzainek dakizkite izenok.

Horiei esker dakigu, esaterako, orain turista-erromesentzat «Errolan iturria» eraikitakoa ez dela benetako Errolan iturria?

Arrunt hori da. Hori da filmaren ekarpen nagusia. Mundu osoan oso ezaguna eta ikertua da gatazka, baina inor ez da ohartu aski zela lekura joatea ikusteko mendien izen horiek bazutela gatazkarekin zerikusia, eta ez direla atzo jarritakoak. Horrek frogatzen du zeozer ikertzen duzunean, bertako errealitatera jo behar duzula, bestela teorian geratzen zara. Eta gurea ere teoria dela onartuta diot hau.

Azken urteotan, gutxienez beste bi dokumental egin dira Orregako gatazkaz. Zergatik sortu da orain interes hau?

Munduko historialari guztien pasioa da gatazka. Nafarroako Erresuma suntsitu zuteneko 500. urteurrenak ere interesa berriz piztu du, Orreagako gatazka lotuta baitago Nafarroako Erresumaren sortzearekin. Abiapuntua izan zen.

Eta, halere, Europako haur ia guztiek jarraitzen dute ikasten Errolanen kontrako borroka musulmanek egin zutela.

Neronek ere, hala ikasi nuen frantses eskola publikoan. Halere, film honekin zerbait garrantzitsua gertatu da: Frantziako Hezkuntza Nazionalak ofizialki onartu egin duela irakasleek erabil dezaketela haien klaseetan. Ez da batere erraza hori lortzea.

Horrek erakusten du historia zerorrek ez baduzu kontatzen, kanpotarrek kontatuko dutela eta, gainera, balitekeela zeure historian zeu ere ez agertzea?

Horretaz ohartu gara, bai. Erreportaje txiki bat egin berri dugu Esterenzubiko gatz iturri batez, eta haren inguruan sorturiko gatazkez. Udaberrian plazaratuko dugu. Irati aldea altxor bat da guretzat, eta historialariek ez dute aski ikertu. Ahoz aho transmititu da gure historia, baina ez bada egun batez finkatzen, memoria hori galtzeko arriskuan da.

No comments:

Post a Comment