Thursday 12 December 2013

«Uruguai oso ausarta izan da, eta sareei kendu egin die kalamuaren negozioa»

David Pere, soziologoa.



Gaurko nerabeen gurasoak kalamua erre izana familia barneko prebentziorako abantaila gisa ikusten du Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakasleak, kontsumo onargarria zertan den badakitelako.

Drogen soziologian aditua da David Pere (Lleida, Katalunia, 1981). Irakaslea da Katalunia Unibertsitate Irekian eta Bartzelonako Autonomoan. De riesgos y placeres: Manual para entender las drogas liburua aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Gasteizko Parral tabernan. Ondoren, mahai ingurua gidatuko du, Ai Laket elkarteko Unai Perez de San Romanekin, Pannagh elkarteko Martin Barriusorekin eta Kriminologiarako Euskal Institutuko Xabier Aranarekin.



Uruguaik legeztatu egin du kalamua haztea eta saltzea. Zer deritzozu albisteari?

Albiste zoragarria da. Uruguai herrialde txikia da, baina oso ausarta izan da, drogak kontrolatzeko nazioarteko itunei aurre egin dielako. Nazio Batuen Erakundeko kide diren herrialde guztiek sinatu dituzte itun horiek, eta hortik ateratzea gatazka diplomatikoan sartzea da. Espainiak ezingo luke egin, dagoeneko fronte asko irekita dauzkalako. Mujica presidentea oso ausarta izan da narkotrafikoaren aurkako borrokan, kalamuaren negozioa kendu egin dielako botere demokratikoari azpia jaten dieten sareei.

Zabal daiteke beste herrialdetara?


Zabal daiteke eta zabaldu beharko litzateke. Baina errealitate politikoa gogorra da. Igenus Fundaziotik egin ditugun ikerketen bidez ondorioztatu dugu azken urteotan gero eta jende gehiago dagoela harremanetan kalamuarekin baina gero eta jende gutxiagok duela arazoa. Normaltzen ari da kalamua gure artean eta, orain, ia inork ez du kontsumitzailea estigmatizatzen. Noski, beti egongo da erabilera txarra egiten duen jendea, autoarekin erokeriak egiten dituztenak dauden bezala. Eta, halere, legedia eta kontsumitzaileen aurkako zigorrak gogortzen ari dira. Paradoxa handi bat dugu: gizartean normaltzen, eta legeak kontrako norabidean. Uruguai da jarraitu beharreko eredua.

Doktore tesia drogak kontsumitu eta arazorik ez duen jendeaz egin zenuen, eta, orain, drogen kontsumoa familia giroan aztertzen ari zara.

1990eko hamarkadan drogak erabili zituzten pertsonak nerabeen guraso bihurtzen ari dira. Horrek familia eredua aldatzeaz gain, drogen inguruko diskurtsoa eraldatzen ari da. Apirilean, nerabeen alkoholarekiko arazoak aurreikustearen inguruko liburua atera genuen, eta orain kalamuari buruzkoa argitaratuko dugu.

Zertan aldatzen da kalamua kontsumitzen duten gurasoen jarrera nerabeekiko, aurreko belaunaldiarekin parekatuta?


Hau berria da gizartean, oraintxe sortzen ari den fenomenoa da. Gaur 40-30 urte ditugunon gurasoak ez ziren ezertaz jabetzen. Noski, beti zegoen gutxiengo txiki bat, 1970eko kontrakultura mugimenduan ibilitako gurasoak. Baina oso gutxi ziren. Orain, berriz, gurasoen gehiengoa dira. Hauek badakite ez dela gauza bera larunbat arratsaldean txirri bat erretzea lagunekin, edo 17 erretzea. Irizpidea dute, eta kontsumo onargarria eta arazotsua bereizten dituzte.

Beraz, abantaila gisa ikusten duzu gurasoen esperientzia?

Aurreko belaunaldiko gurasoek nerabeek kalamua erretzen zutela jakitean jartzen zituzten zigorrek kalamuak baino askoz kalte handiagoa egiten zuten, familia barneko komunikazioa hausten zutelako. Noski, badira familiak non gurasoak seme-alabak baino porruzaleagoak diren, baina gutxiengoa dira. Drogekin nola bizi ikasi behar dugu, drogak beti egongo direlako hor gazteen artean eta gero eta gehiago familian.

No comments:

Post a Comment