Thursday 30 January 2014

«Etxegintzaren burbuila joko piramidal bat izan da: hurrengoari saldu eta ospa»





Julia Schulz-Dornburg, arkitekto eta argazkilaria.


Azken 20 urteotako eromen eraikitzaileak paisaian utziriko orbanak eta porlanezko eskeletoak erretatatzen bi urte eman ditu Schulz-Dornburg sortzaile alemaniarrak, Espainian. Erakusketa zabalduko du gaur Bilbon.

Ruinas modernas argazki erakusketa (Hondakin modernoak) zabalduko du gaur Julia Schulz-Dornburgek (Munich, Alemania 1962), 19:30ean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoan, Bilbon.

Lorategi zabalak eta aisialdi guneak zure umeentzat leloarekin iragarri zuten urbanizazio hau, Guillenan (Sevilla, Espainia).Julia Schulz-Dornburg





Zergatik erabaki zenuen Espainiako eraikuntza burbuilaren hondamendiak erretratatzea?

Monegrosen Las Vegas antzeko bat egin asmo zutela hasi ziren zabaltzen hedabideetan 2009an. Neure buruari esaten nion: 32 kasino, bi milioi bisitari urtean...? Baina zeinek sinets dezake halakorik? Castellon [Herrialde Katalanak], Marina D'Orrera joan nintzen bisitan. Kimera horiek Disneyren filmetakoak ematen dute, baina eragileek serio hartzen dituzte eta dirua jartzen dute, eta eraikitzeko baimenak ere lortzen dituzte... Liluratua ninduen horrek.

Julia Schulz-Dornburg


Eta, bidean, bestelako mirariak ikusi zenituen?

Horren ikusgarri ez diren urbanizazio txikiagoak ikusi nituen, baina fantasia zentzugabe berean oinarriturikoak: golf zelaiak basamortuaren erdian, ur iturririk gabe... Las Vegas zuzenean ezartzen saiatu ziren, itzulpenik gabe. Egitasmo horien propaganda leloek erakusten dute jendea edozein gauza sinesteko gai dela, sinistu egin nahi duenean. Eta oso urrun hel daiteke ameskeria horretan: eraikitzeraino.

Valladoliden Meseta Eski gunea eraiki zuten «eski lehorreko» pista batekin.

Eta amaituta dago, zabalik egon ez arren. Plastikozko alfonbra antzeko bat da, mendiaren maldan, futbol estadio baterako moduko argiztapenarekin. Dozena pare bat biztanleko herri batera, milaka pertsona ziren joatekoak, lehorrean eskiatzera.

Meseta Eski, Villavieja del Cerron (Valladolid, Espainia)


Nola bihurtu ziren zentzugabeko egitasmook posible, desiragarri eta porlanezko?

Egitasmootako askoren tramiteak 1995-7 aldera hasi ziren administrazioan. Ez da izan aspaldi bezala, norbaitek apustua egin eta gauzatu egiten zuela. Burbuila hori joko piramidal bat bezalakoa izan da: lehen ideia izan duenak udalari saltzen dio, aberastu, hurrengoari saldu, eta ospa egiten du. Hurrengoak puska bat egiten du, eta hurrengoari pasatzen dio. Gauzatu ahala, ikusten da kontua ez doala ongi, eta gero eta azkarrago saltzen dute. Inork ez du hasieratik bukaeraraino jarraitzen egitasmoan.

Nortzuk dira galtzaileak joko horretan?

Etxea erosi dutenak; han bizi direnak, suntsituriko paisaia baten erdian; udalak, zorretan daudelako eta eskola edo igerilekua egiteko diru hori espero zutelako; eta azken sustatzailea, hatzak harrapatu dituelako. Zeresanik ez, berme bat ordaindu zutenak, eta sinaturiko kontratuaren arabera ordaintzen jarraitu behar dutenak, egitasmoa eraiki zein ez.

Jean Baudrillard filosofoak, Disneylanden egon zenean, esan zuen estatubatuarrek hura eraiki zutela ezkutatzeko AEBak osorik fikziozko herrialdea zirela. Zuk erretrataturikoak zer adierazten digu?

Irlandan arinago ibili dira amaiera kudeatzen eta merke saldu, oparitu edo bota egin dituzte. AEBetan zurez eraikitzen dutenez, errazago botatzen dituzte. Txinan hiri osoak daude hutsik. Inork ez du ikasten. Alemanian ezinezkoa litzateke, ez dagoelako espaziorik. Kontrol mekanismo guztiek huts egin dute, politikoek, legalek eta demokratikoek. Inork eman al du dimisioa? Eskatu al dugu guk?

Abiadura handiko eta ibilbide laburreko tren edo lasterketa zirkuituak egiteko asmoek utziko dituzten hondakinak erretratatuko dituzu?

Oso tentagarriak dira. Azpiegitura handi horiek guztiak bisitatu ditut, baina ezin nuen dena egin, aukeratu behar nuen, eta horiek berez saltzen dira, ikusgarriak direlako. Baina etxe itsusiok erretratatzea erabaki nuen ez dutelako halako glamour-ik. Inork ez ditu ikusten, inork ez dituelako ikusi nahi, eta ez dira inoiz aldizkari batean aterako.

Etorkizuneko arkeologoek guk Nazcako lerroei (Peru) bezala begiratuko diete hondakin horiei?

Nazcako lerroak askoz kulturalagoak dira, eta mami handiagoa dute. Zaila izango zaie hau ulertzea. Nola ulertu fantasia bat genuela, denok spa batean bizi nahi genuela. Zein aspergarri.

Julia Schulz-Dornburg


No comments:

Post a Comment