Friday 24 January 2014

«Ekarpenen operazioa bankuen lehen erreskatea izan zen, aurrezleen lepotik»




Francisco Javier Alvarado, finantza teknikaria.


Adicae bankuen bezeroen elkarteko kideak dio BBVAk bere burua diruz berriz hornitzea bilatu nahi izan zuela produktu arriskutsuak salduz. Gaia azalduko du Bilbon, asteleheneko epaiari so.

Francisco Javier Alvarado (Logroño, Espainia, 1977) bankuen bezeroen defentsarako Adicae elkarteko koordinatzailea da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Cómo el BBVA se benefició con preferentes y otros productos tóxicos hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Bilboko Ekoetxean (Pilota kalea 5, Zazpikaleetan).



Zein lotura dago BBVAren eta Eroskiren artean ekarpenen aferan?

Eroskik ekarpenak diseinatu zituen, baina ezin zituen merkaturatu, eta horiek zabaltzeko bide bat behar zuen. Horregatik, bankuak erabili zituen. Horietako bat BBVA zen. Horixe da, azken batean, produktua saltzearen erantzulea. BBVAk engainatu egin zituen bezeroak, helarazi zielako produktu bat oso zaila dena eta batere egokia ez dena bezero mota horrentzat. Betiko produktua da; ez du epemugarik, eta aurrezleak ezin du berreskuratu dirua edozein unetan.

Orduan, bat zatoz fiskalak epaiketako asteazkeneko saioan esandakoarekin: hau da, Eroskik ez duela errurik eta ardura bankuarena dela?

Eroskik badu erantzukizunaren zati bat, produktua diseinatu zuelako eta BBVAk Eroskiri kobratu ziolako produktua merkaturatzea. Eroskik gainbegiratu egin behar zuen produktua nola ari ziren saltzen. Produktu bat diseinatzen baduzu eta jendea nahasten duten publizitate orriak argitaratzen badituzu, baduzu erantzukizuna.

«Bezeroei esan al zenien diruaren zati bat gal zezaketela?», galdetu zion saioan epaileak banku bulego bateko zuzendariari. «Horren argi, ez», erantzun zuen hark.

Jendeari ez zioten eman behar bezalako informaziorik. Horregatik erosi zuten halako produktu bat, jakin gabe halako arriskua zuela. Nola jakingo zuten, bada, zer zen, ikusita epaiketan lekuko gisa joandako BBVAko langile askok ere ez zituztela ondo ezagutzen produktuak. Hainbatetan, zalantza egiten zuten azaltzean zer diren ekarpenak, akzioak eta bizi osorako planak. Bestela, ez zen horrenbeste jende kalteturik egongo: Euskal Herrian, 40.000 baino gehiago. Biktimek etengabe jotzen dute guregana. Tarteka asanbleak egiten ditugu, jendeari taldeka informazioa emateko.

BBVAk dio erosleek bazutela prestakuntza.

Norbaitek heziketa izateak bide ematen al dizu edozein gauza saltzen saiatzeko? Ez dut uste ustezko prestakuntza horrek —bezero askok ez zutena— saltzailearen erantzukizuna txikitzen duenik.

Ardura politikorik ba al dago hemen?

Legeak behar ditugu kontsumitzailea babesteko, eta kontrolerako erakundeak lana benetan egitea. Argi dago: bankuak eta hainbat enpresa diruz berriz hornitzeko operazio bat izan da hau, kontsumitzaileen lepotik. Bankuak kapital arazoak izaten hasi zirenean ekin zieten ekarpenak saltzeari. Bankuen lehen erreskatea izan zen, aurrezleen lepotik. Izan ere, biktimak aurrezleak ziren, ez inbertsoreak. Aurrezkiak kendu dizkiete, bankuak berriz kapitalizatzeko.

Astelehenean emango dute epaia. Zer espero duzue?

Baikor gaude, epaiketaren asteazkeneko saioan fiskalaren txostena gure eskaeraren aldekoa izan zelako. Erabakiak erakutsiko digu justiziak nondik joko duen menpeko ekarpenen aferan. Legedia dago, eta bete egin beharko dute horrenbeste botere duten diru erakunde horiek. Espero dugu BBVA dirua itzultzera zigortzea.

No comments:

Post a Comment