Tuesday 14 January 2014

«Liburu elektronikoen salmenta kopurua barregarria da oraindik»

Ignacio Latasa, editorea eta liburu saltzailea.


Irakurgailu elektronikoetan irakurtzen den ia guztia Interneten doan lorturikoa dela azaldu du Latasak. Zortzi urte daramatza liburuak saltzen, eta merkatuaren inguruan mintzatuko da gaur Barañainen.

Ignacio Latasak (Iruñea, 1969) Leer-e enpresa sortu zuen duela zortzi urte pasatxo. Liburu elektronikoa zertan den azalduko du gaur 20:00etan Barañaingo (Nafarroa) liburutegian, El libro electrónico: cómo utilizarlo hitzaldian.



Liburu elektronikoa naturaltasun osoz ari da zabaltzen gizartean, eta, halere, liburugintzako profesionalak beste inor baino galduago daudela ematen du. Nola azaldu hori?

Inor ez da ezertaz jabetzen ari, liburutegietatik hasita erakunde publikoetara. Liburu elektronikoen irakurketa klub batean parte hartu nuen aurreko batean. Lehenengo egunean lau liburu proposatu zizkiguten, hil horretan bat aukeratu eta irakurtzeko. Etxera itzuli nintzenean, liburu horien bila hasi nintzen, eta ikusi nuen bakar bat bera ere ez zegoela legez argitaraturik formatu digitalean. Ez da inoren errua, edonola ere.

Orduan, irakurgailu elektronikoarekin ikusten dugun jende horrek, nondik atera ditu liburuak?

Nire ustez, %80-90 legez kanpo lortutako liburuak dira, elkarri pasaturikoak, eta multzo handitan. Eta, agian, motz geratu naiz. Irakurgailu elektronikoen arrakastaren arrazoietako bat hori da, zalantzarik gabe. Kopiaren kontrako sistema duten liburuak irakur ditzakete gailuok, baina baita kopiaren kontra babestu gabekoak ere. Logikoa da; bestela, ezingo zenituzke zeuk sorturiko testuak irakurri zeure tresnan, eta ekoizleek ez dute merkatuan jarriko aukera hori ematen ez dizun gailurik.

Ez dela inoren errua diozu. Baina ez al da askoz errazagoa liburuak ordaindu gabe lortzea argitaletxeen Interneteko guneen bitartez baino?

Gero eta errazago jartzen ari dira erostea, eta, horri esker, jendea gehiago erosten ari da. Horrez gain, hasi dira liburu berriak formatu elektronikoan salgai jartzen; duela urtebete ez zuten egiten. Denon lana da. Nik ez diot errurik botako jendeari. Guk irakurgailu elektronikoak saltzen hasi ginen eta, orduan, erosteko modurik ez zegoen ia. Denon lana izango da. Editoreek liburuak eskuragarri jarri beharko dituzte, eta salneurri egoki batean.

Amazonen Kindle gailua da gehien saltzen dena. Zuk uste duzu erosleek badakitela Amazonek horren bidez dakiela zer irakurtzen ari zaren, zein orritan, zer nabarmendu duzun eta zer ohar idatzi dituzun, eta haien esku dagoela gailuan dituzun liburuak ezabatzea?

Jakin beharko nuke pribatutasunaz kezkatuta dagoenak Facebook edo beste sare sozialetan ote dabilen. Ez badago, ulertuko nuke kezka. Jende askok ez daki beste liburu dendetan erositako liburuak ezin dituela Kindlen irakurri, bakarrik Amazonen erositakoak irakur ditzakeela. Amazonek, azken batean, badaki zer erosi duzun. Beste gailu eta tabletekin berdin gertatzen da, eta konturatzen ez bagara ere, denok bide berean doaz, eta berdin jokatzen dute.

Duela bi urte esaten zenuen argitaraturiko guztiaren %80 digitalean beharko lukeela. Hobetu da egoera?

Azken urtean jauzi handia eman da. Editore handiak jabetu egin dira azkenean digitala dela etorkizuna, eta paperarekin bateragarria. %40-50ean gaudela esango nuke. Salmenta kopurua barregarria da oraindik: iaz 20.000 ale inguru saldu zuen liburu batek 150 kopia digital saldu zituen. Editoreei ez diegu gogo handirik ematen formatu digitalean saltzeko. Gurpil zoro bat da. Baina ekonomikoki errentagarria ez bada ere, formatu digitalean ez egotea arazo bat da.

No comments:

Post a Comment