Wednesday 15 January 2014

«Ez dakit zerk sortzen duen ezinegon handiagoa: milaka pertsona oihuka edo isilik»

Xabier Erkizia, audioartista.


Soinu gerra batean bizi garela eta gaurko zaratarik lasaigarriena autoek sortzen dutela azalduko du Erkizia soinuaren artistak gaur Bilbon, Txokolatea eta Bizkotxoak egitasmoaren saio batean.

Xabier Erkiziak (Lesaka, Nafarroa, 1975) soinua du adierazpide. «Zer ezkutatzen da soinuen atzean? Zenbat esaten du soinu batek?». Entzuleekin jolastuz, halako galderei erantzuten saiatuko da gaur, 19:30ean, Bilboko Zazpikaleetako Modesto tabernan, Txokolatea eta Bizkotxoak egitasmoan.





Euria grabatzen ari zarela esan didate. Zer erakutsi nahi duzu horren bidez, Txokolate eta Bizkotxoak ekitaldian?

Ez dakit zeozer erakusterik izango dudan. Izan ere, soinua grabatzera joatea berandu iristeko artea da. Gutxitan gertatu zait grabagailua martxan paratu eta espero ez nuen zeozer topatzea. Hau da, grabatzen dudanean badakit zeren bila noan, lehenago entzuna dudalako. Badakit zer den euria, baina ez dakit topatuko dudan, edo beste zeozer agertuko den. Agian agertuko da, esaterako, hainbat ikertzaileren arabera, hirietako biztanleek gaur gehien maite duten soinuetakoa: autoen gurpilek euriaren gainean egiten dutena. Gezurra badirudi ere, bakea sortzen die zarata horrek.

Mendiko errekastoaren hotsarekin edo itsasoaren uhinen soinuarekin amestea erromantikokeria zaharkitua da, beraz?

Idealizatzen ohi dugu autoak heldu aurretik ez zegoela zaratarik. Londresen XIX. mendeko idazleen etxe museoak bisitatzen badituzu, ikusiko duzu gehienek gela intsonorizatuak zituztela lan egin ahal izateko. Beraz, badirudi zarataren arazoa beti izan dela, eta agian larriagoa zen duela bi mende.

John Cage musikariak ondo ulertu zuen isiltasuna ezinezkoa dela, ganbera anekoiko hartan sartu zenean eta bere gorputzaren barruko soinuak entzuten hasi zenean.

Ni ere sartu nintzen halako batean, eta soinu piloa entzun nuen. Jende anitz ezin da halako ganberetan luzaroan egon, norbere zaratak entzutea oso deserosoa delako. Ongi erakusten digu soinu batzuk beste batzuk estaltzeko erabiltzen ditugula. Ezin ditugu belarriak itzali, baina ahalmen zoragarria dugu geure entzumena zuzentzeko, eta erabakitzeko zer entzun eta zer ez entzun. Soinu batzuk beste batzuk estaltzeko erabiltzen ditugu. Autoen zarataren prezioa ordaintzeko prest gaude, hori gabeko hiri batean jarduera ekonomikorik ez dagoela pentsatzen dugulako. Soinuen arteko gerra batean bizi gara.

Azken egunotan eztabaida egon da: larunbateko manifestazioa isila izan zen?

Ikerketa bat egin dute jakiteko zergatik dauden soinu batzuk denontzat ezerosoak direnak: azazkalekin arbela harramazka egitea, esaterako. Aurkitu zuten, alde batetik, makako tximinokumeen negarraren antz handia duela soinuak. Ez dakit noraino den serioa hartzekoa ondorioa, baina egia da soinu horren ezaugarrietako batzuk ezegonkortasuna, aldakortasuna eta irregulartasuna direla, eta horrek sentiarazten gaitu ezeroso. Manifestazio batean, ordea, nik ez dakit zerk sortzen duen ezinegon handiagoa: milaka pertsona oihuka aritzeak edo milaka pertsona isilik egoteak.

Merezi dugun musika daukagula esan zenuen aurreko batean. Merezi dugun zarata dugu?

Musika eta zarata sinonimoak dira. Soinuak eztabaida sortzeko ahalmen izugarria du, identifikatzen garelako. Ezbaiak pitz daitezke literaturari edo zinemari buruz, eztabaida gogorrak piztu ere. Baina ez dira inoiz musikari buruzkoak bezain sutsuak izango.

No comments:

Post a Comment