Thursday 6 February 2014

«Hiri forma asko dago, eta besteen begien bitartez erakutsi nahi dugu»

Ainhoa Ezeiza, irakasle eta ikertzailea.

Ainhoa Ezeiza
Geolokalizazio aktiboaren inguruko tailer bat antolatu du EHUko irakasle Ezeizak. Tresna errezekin, hiria berriz askotariko jendearen topaleku bihurtzea eta, bide batez, mapak euskaratzea du helburu.

Ainhoa Ezeizak irakasleak trebatzen ditu EHUn. Horrez gain, irakaskuntza elektronikoa eta komunikazio gaitasuna ingurune birtualetan ari da ikertzen. Geolokalizazio aktiboko tailerra antolatu du datorren larunbaterako, 16:00etatik, 20:00etara, Donostiako Hirikilabsen (Easo 41-43). Izena emateko: www.ikaskidetza.org/events/geo/ gunean.



Zertan bereizten dira geolokalizazio aktiboa eta pasiboa?

Jendeak, normalean, GPSa erabiltzen du besteek emaniko jarraibideei segitzeko. Hori geolokalizazio pasiboa da. Aktiboan, buelta ematen diozu; zuk zeuk markatzen duzu bidea: nora joan, besteei lekuetara nola heldu azaldu... Blog bat egiteak lan intelektual handia eskatzen du, eta ez dago edonoren esku. Gaur, ordea, badaude forma txikiagoak, errazagoak —beldurra ematen dit demokratikoagoak esateak—. Tabletek eta sakelako telefonoek aukera ematen diote edonori errazago, arinago eta elkareragin handiagoz parte hartzeko.

Zertarako erabili geolokalizazioa?

Geolokalizazioa hirian ere beste pertsonak ezagutzeko eta ideiak partekatzeko modu bat dela iruditzen zaigu, blog bat izatea edo Facebooken talde bat izatea bezala. Normalean, mapetan dendak eta erakunde publikoak agertzen dira, eta, agian, ez dakizu hor aldamenean elkarte bat dagoela, edo ekintzak antolatzen dituen txoko bat. Esaterako, gustuko dut leku hau, gustura egoten naiz eserleku honetan, eta liburuak trukatzeko erabili nahi dut; beraz, geolokalizatu egingo dut. Jendea teknologikoki trebatu nahi dugu horretarako, eta denon artean gauzak ikusgarri egin.

Gaur ez da aski lurraldea okupatzea, eta mapa ere okupatu behar da?

Mapa asko dagoela erakutsi nahi dugu. Norberak bere mapa egin dezake, inoiz baino errazago, eta gero denekin partekatu, elkarlanean. Hiri forma asko dago, eta besteen begien bitartez erakutsi nahi dugu. Hiria ez du berdin ikusten txirrindulari batek, edo kirol bereziren bat egiten duen batek. Mendi ibilbideak egiteko ohitura badago, baina horiek soilik mendizaleentzat dira. Zergatik ez sortu hiri ibilbideak? Nik neure auzokoak ezagutzen ditut.

Ez soilik komertzialak ez diren lekuak lokalizatzea; euskaraz izendatzea ere bada zuen asmoa.

Google Maps zer den azalduko dugu, eta baita Googleren menpe ez dagoen OpenStreetMap librea ere. Nik asko erabiltzen dut Foursquare, eta Donostiako leku izen gehienak gazteleraz edo beste hizkuntzatan daude, normalean turistek egiten dituztelako. Gainera, euskarazko izena eman nahi badiozu, esaten dizu leku hori mapan badagoela, eta ez dizu uzten. Aplikazio ezagunetan euskararen presentzia areagotu nahi dugu, eta aplikazio ez-komertzialen espiritua ezagutarazi.

Interneten aurretik, jende askorentzat zaila zen antzeko jendea ezagutzea. Orain, berriz, hiria piztu beharko dugu denetariko jendearekin harremanetan jartzeko?

Inoiz baino errazagoa da zeure gustu berak dituen jendea topatzea. Baina leihotik begiratu: badago jendea ez dituena zehazki zure gustu berak. Badago beste errealitate bat. Horri ez badiozu arretarik jartzen, arriskua dago burbuila batean sartzeko eta zure ingurua gero eta txikiagoa bihurtzeko. Belaunaldien arteko harremanak kezkatu egiten gaitu. Uste dugu tresna hauen bidez jendeak lekuak parteka ditzakeela; izan ere, eremua askoz txikiagoa denez, askoz errazagoa da besteen berri izatea.

No comments:

Post a Comment