Tuesday 11 February 2014

«Permakulturak zabaltzeko arazo handiak ditu, hippy asko erakartzen dituelako»

Victor Barahona, ingeniaria eta permakulturazalea.


Nekazaritza iraunkorraren laburdura da 'permakultura' hitza. Naturarekin modu harmonikoan lan egiteko moduak eta 'baserriko hardware irekia' esperimentatzen ditu Barahonak.
Edu Lartzanguren

Victor Barahonak (Eibar, Gipuzkoa, 1966) 22 urte eman ditu telekomunikazio industrian lanean. Soberanía tecnológica y alimentaria hitzaldia emango du gaur, 16:00etan, Eibarko Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan.



Permakultura paisaia eta gizakientzako nekazaritza «iraunkor eta harmoniatsua» lortzen saiatzen den mugimendua da. Zertan ari zara zu horretan?

Gaztetatik ezagutzen dut permakultura, eta nire asmoa beti izan da permakultura praktikan abian ikusteko leku bat sortzea. Azken urteotan, ordea, permakulturaren mugimendutik sorturiko nekazaritza birsortzailean hartu dut interesa. Darren Doherty australiarrak asmatu du, permakultura eremu handietan eta modu serioan ezartzeko. Biak nahastu ditut nire etxaldean.

Egiten duzunaren adibide bat?

Bio-ongarriak lantzen ditut. Norberak bere ongarriak ahalik eta ondoen egitea eta zomorro kaltegarrien aurkako produktuak egitea da honen helburua. Lurra, simaurra, arrozaren azala... eta halakoak erabilita, norberak etxean eginda. Hego Amerikatik dator hau, eta indar handiz sartzen ari da hemen.

Permakultura hippyen kontuekin lotzeko joera dugu.

Permakultura guztientzat bada, nekazaritza birsortzailea 18 urtetik gorakoentzat da. Itxurazko permakulturgile asko dago: gauza polita da, utopikoa, soinu ederra du... Zabaltzeko arazo handiak ditu, hippy asko erakartzen dituelako, hau da, lanik egin behar ez dela uste duen jendea, sagarrondoaren azpian etzan eta sagar uzta izango duela uste dutenak. Horregatik, permakulturak atzera eragin die nekazariei, horiek badakitelako zenbat lan egin behar den soroan. Horrez gain, ez dago permakulturako baserri egitasmo seriorik, bertara joateko eta ikusteko. Horregatik, Australian arrakasta izan du, baina Europako hegoaldean ez.

Zu ingeniaria zara, eta nekazaritzaz gain, teknologiaz aritzen zara.

Permakultura diseinua da, azken batean, horregatik ez dago kontraesanik, eta teknologiazaleak ere erakar ditzake. Gaur, oso jende gutxik lan egiten du nekazaritzan, mekanizatuta dagoelako. Baina etorkizunean, petrolioa urritu ahala eta energiaren gaia zailtzen den heinean, agian aldatu egin beharko da ekonomiaren alor bakoitzean dabilen jendearen proportzioa.

«Baserriko hardware irekia» bultzatzen duzu. Zer da, ordea?

Bi 3D inpresora egin nituen iaz, eskuz, piezaz pieza. Baserrian behar ditudan gauzak inprimatzeko egin nituen, eta, betiere, partekatzeko filosofiarekin. Esaterako, gurean urarekin argindarra sortzeko turbina bat egin dut, plastiko biodegradagarrian. Interneten jarri dut, eta mundu osoko jendeak deskargatu du diseinua. Hori esploratzen ari naiz, baina, halere, nire asmoetako bat da teknologia maila sinplean lan egitea. Horregatik interesatzen zait bio-ongarriena, nekazari analfabetoek egunero ikasten dutelako mundu osoan.

Eta energiaren inguruko iragarpen apokaliptikoak ez badira betetzen?

Petrolioaren eskasiaren kontua egia ez balitz ere, mereziko luke honetan aritzea, argi dagoelako ez goazela ondo. Nik ez dakit zer gertatuko den, baina gustuko dut honetan lan egitea, hondamendirik ez badago ere, hau guztia erabilgarria delako garatze bidean dagoen edozein herrialdetan.

No comments:

Post a Comment