Friday 28 February 2014

«Musika erritu itxi bat ez dela erakutsi nahi dut, Les Luthiersen zein bestela»



Carlos Lopez Puccio, Les Luthiers taldeko kidea.





Txantxa gisa hasi ziren, baina 46 urte bete dituzte dagoeneko. Euskal Herrian bira bat abiatuko dute larunbatean musika serioaren umorista argentinarrek. Bilbon, Donostian eta Iruñean izango dira.

Carlos Lopez Puccio (Rosario, Argentina, 1946) orkestra zuzendari arketipikoaren parodia egiten du Les Luthiers taldean. Ondo egin ere, berez, orkestra zuzendari serioa baita umorea lantzen ez duenean. Talde argentinarrak bira bat egingo du Euskal Herrian asteburuan hasita. Martxoaren 1etik 3ra Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztuko dute Lutherapia! ikuskizuna, 6tik 8ra Donostiako Kursaalean arituko dira, eta 18tik 21era, Iruñeko Baluarten.





Les Luthiers taldeak 46 urte bete ditu dagoeneko. Nola iraun horrenbeste?

Guretzat enigma bat da, ezin dugu azaldu. Badakigu lan asko egin dugula, baina zorte onean sinesten dugu. Nahasketa bat da: ustekabeko arrakasta eta poliki konturatu izana taldea ezingo genuela bakoitzak geure kabuz sortu. Boston lanaren gehiketak gainditu egin du taldekide bakoitzaren ekarpena. Ikasle txantxa bat izan zen hasieran; gero, ikasten genuen bitartean, diru pixka bat irabazteko modu bat; eta, ondoren, ikusi genuen geure lanbide pribatuak baino gehiago ematen zigula. Kontu oso profesional eta arrakastatsua bihurtu zen, ia geure nahiaren kontra.

Uste duzu zuen umorea asko aldatu dela urteak pasatu ahala?

Hasierako umorea kontzertu klasikoen parodian oinarritzen zen: pieza aurkezten genuen, eta, gero, jo. Denborarekin askoz antzerki gehiago sartu dugu, nahiz eta uko ez egin hasierako soiltasunari. Beti baztertu ditugu eszenografia, atrezzoa eta jantzi aldaketak. Dena den, orain ikuskizun arinagoak egiten ditugu, mimika gehiago, antzerki gehiago azken batean, baina umorearen eboluzioa ez, ikuskizunarena da. Umorea hobetu egin da kalitatez, besterik gabe hobeto egiten dakigulako, esperientzia gehiago dugulako.

Zuek asmaturiko musika tresna bitxiak ez dira dagoeneko horren protagonista. Zergatik?

Taldearen ikur bihurtu dira, hasierako parodiaren aztarnak, baina dagoeneko umorea ez da musika tresna horietatik pasatzen. Halere, aurkeztuko dugun ikuskizunean, badago esketx bat, bolarmonio-arekin eginikoa, eta horretan bai, umorea tresnan oinarritzen da. Saskibaloi pilotez eginiko tresna jotzeko zailtasunaz. Klasikoa da, baina halako gutxi ditugu dagoeneko.



Lutherapia! ikuskizuna taularatu behar duzue. 2008koa da. Zergatik ez duzue ekarri berriagoa den ¡Chist! (2011)?

Lutherapia! ez dugu inoiz egin Euskal Herrian, eta leku batera joatean ez dugu azken ikuskizuna eramaten, baizik eta gure errepertoriotik ikusi ez duten hurrengoa. Bestela, ikusle batzuk lanen bat ikusi gabe geratuko lirateke.

Gero ez al zaizu zaila egiten musikari serio gisa orkestrak eta abesbatzak zuzentzea?

Umorea bizitzako alor guztietara eramaten saiatzen naiz, baita opera edo orkestra zuzentzen dudanean. Arranditsu jokatzeak halako sakratutasun bat ematen dio musikari, eta musika onak ez du zertan izan aspergarri serioa.

Eta zure ikasle edo entzuleei ez al zaie kostatzen zu Les Luthierseko pertsonaiatik bereiztea?

Ez. Ganbera abesbatza bat dut, eta, normalean, entzuleei hitz egiten diet, abangoardia klasikoa egin ohi dugulako. Lanak azaldu egiten ditut, eta umorez egiten saiatzen naiz, entzuleak ez urruntzeko. Les Luthiersen zein bestela, erakutsi nahi dut musika ez dela erritu itxi bat, baizik eta zerbait gizatiarra.

No comments:

Post a Comment