Friday 28 February 2014

«Gaurko foraltasuna gezur hutsa da; izenean besterik ez dago»

Lartaun Egibar Urrutia, historialaria.


«Nafarroa forala eta espainiarra izango da», esan zuen herenegun Mariano Rajoik, Espainiako gobernuburuak. Baina benetan forala al da Nafarroak gaur duen erregimena? Hitzaldi sorta bat egingo dute Iruñean.

Lartaun Egibar Urrutia (Bilbo, 1968) Historian doktorea da eta Zuzenbidearen Historia ikertzen du. Los fueros entre dos guerras: de 1833 a 1876 hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Kondestablearen Jauregian, Iruñean. Nafarroa... XIX.-XX. mendeak hitzaldi zikloaren lehena izango da.

Zergatik da interesgarria karlistaldien arteko garai hori?

Lehen guda zibila —gero guda karlista deituko zutena— amaitu zenean, 1839ko urriko 25eko legea eman zuten Espainiako Gorteetan, bi artikulu ditu bakarrik: lenenak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foruak baieztatzen ditu, «batasun konstituzionalari» uko egin gabe. Bigarrenak dio foru horiek «gaurkotu» egin behar direla. Nación vascongada-z hitz egiten zen askoz lehenagotik, eta denek argi zeukaten horiek arabarrak, bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta nafarrak zirela. Historian lehen aldiz, Espainiako erakunde batek —gorteek— lege bat eman zuen euskal lurraldeetarako. Hortik aurrera hasi ziren pentsatzen Espainiak euskaldunei legeak ezartzeko eskubidea zuela. Hor hasi ziren gauzak aldatzen.

Eta hemengo liberalek horren alde egin zuten. Zergatik jokatu zuten horren etxekalte?

Uste zutelako Espainian sartzeak eremua zabaltzen ziela; esaterako, merkataritzan jarduteko eta Espainiako politikan ibiltzeko. Baina, halere, Manuel Urioste de la Herran diputatu liberalak argi ohartarazi zien Espainiako Gorteei: gerra amaitzeko, foru egitura onartu behar zuten; bestela, gerrak osagarri abertzalea hartuko zuen. Eta hala gertatu zen gero.

XIX. mendeaz ari gara, baina gaurko aferaz ari garela dirudi. Ez al gaude euskaldunak, nolabait esateko, marmotaren egunean harrapatuta?

Historia errepikatu egiten dela esan ohi da, baina nik esango nuke denbora luzeko ziklo batean sartuta gaudela. Ez dira duela 100-200 urteko gauzak behin eta berriz gertatzen ari, baina orduan hasitako aroan gaude oraindik. Lehen bi karlistaldiek eta 1936ko gerrak osagai berdintsuak dituzte.

Eta karlistak ordezkatu zituzten jeltzaleak, orain, beldurrez daude, Kataluniako aitzakiarekin Espainiak ez ote duen oraingo foru sistema aldatuko.

Bai, baina lehen karlistaldia amaitu zenean ere, hemen ez zeuden mundutik aparte, eta arreta handiz begiratzen zieten Europan zeuden ereduei eta gauzak nola konpontzen zituzten. XIX. mendean eraiki zituzten orain ezagutzen ditugun estatuak. Angel Sagaseta de Ilurdoz Nafarroako sindikoak Suedia eta Norvegiaren egoerari begiratu zion, esaterako. Orain ere, ideiak eta ereduak berdin zabaltzen dira, eta Eskoziarekin beldur dira Espainian.

Atzo bertan, UPNko Carlos Salvadorrek esan zuen Madrilgo Gorteetan abertzaleek Nafarroan irabaziz gero Espainia «hautsi» egingo dela.

Salvador ezagutzen dut pixka bat, eta hori Espainian beldurra sartzeko esan zuen, UPN ezinbestekoa zaiela eman dezan, astakeriak egin arren Barcina boterean gordetzeko. Gaurko foraltasuna gezur hutsa da; izenean besterik ez dago. Benetako foruak indarrean zeudenean, ez zen erabiltzen foru aurrizkia; orain, berriz, dena da foru errepide, foru polizia eta foru ezdakitzer. Nafarroko doktrina ofizialak ikusarazi nahi du foraltasun gaurkotuan bizi garela, baina horrek ez du esan nahi foru sistema bat denik. Engainua da: Foru aldundia izena XIX. mendearen amaieran erabiltzen hasi ziren, guztia ezeztatu zutenean. Foraltasunaren funtsa ez dira lege batzuk, baizik eta zeinek erabakitzen duen.

No comments:

Post a Comment