Saturday 22 March 2014

«Analogikoan grabatu eta biniloan sortu dut azkena, baina nostalgiarik gabe»

John Paul Keith, musikaria.

Amerikana klasikoan oinarritzen da John Paul Keithen estiloa, baina, definizio zurrunetik urrun, Memphis hiriko klubetan ordu txikietan entzun nahi izaten dutena ekarriko du gaur Donostiara.

Argazkilaria: Jim Herrington

Bi hiri izenek deskribatzen dute John Paul Keith estatubatuarraren musika: Memphis eta Nashville. AEBetako hegoaldeko Knoxvillen jaio zen. Gurasoek elizan abesten zuten, eta aitak gitarra oparitu zion semeari, 10 urte zituela. Gitarra bat eta B. B. Kingen eta Chuck Berryren kasete bana eman zizkion. «Horrek gauza asko azaltzen ditu nitaz eta nire musika gustuez», dio artistak. Nerabe zenetik bizi da musikatik, baina ez zuen hasiera erraza izan: 19 urte zituenean, The Viceroys taldea utzi zuen, haiek hartu nahi zuten bidearekin ados ez zegoelako. Nashvilleko The Nevers taldearekin disko bat grabatu zuen, baina diskoetxeak ez zuen argitaratu urte luzez. New Yorken probatu ondoren, 2005ean joan zen Memphisera, etsita, jotzeko edo musika egiteko gogorik gabe. Baina hiriaren erritmoak harrapatu zuen berriz. Donostiako Intxaurrondo kultur etxean joko du gaur, 22:00etan, Balerdi Balerdi & Petti eta Gran Yate Especial taldeekin.



Joan zen irailean, 'Memphis Circa 3 AM' diskoa argitaratu zenuen. Inoiz grabatu duzun hoberena zela esan zenuen orduan. Musikari guztiek ez al dute gauza bera esaten azken diskoaz?

Bai, hala dela uste dut. Baina beti aurrera jo behar duzu. Deprimitzekoa litzateke pentsatuko ez banu ez dudala egin graba nezakeen diskorik hoberena.

Zinta analogikoan grabatu duzu, eta biniloan argitaratu... Ez dituzu gustuko gaur jendeak musika grabatzeko eta entzuteko erabiltzen dituen beste bideak?

Nire ustez, analogikoak eta biniloak digitalak baino soinu hobea dute, zalantzarik gabe. Baina, batzuetan, musika entzuten dut telefonoaren bidez, ez badut beste modurik eskura. Garrantzitsuena musika da.

Roland Janes zena aukeratu zenuen diskoa ekoizteko. 80 urte inguru zituen, eta gutxira hil zen. Esan daiteke nolabait haren bidez bilatzen zenuen soinua galdu egin dela betiko.

Zoritxarrez, zuzen zabiltzalakoan nago. Lan egiteko moduak zituen, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan garatu zituenak, gaur ahaztuta daudenak, hein handi batean. Baina garrantzitsuena da Janes gizon zoragarri, jator eta jakintsua zela, eta haren ideiak eta iradokizunak ez direla berriz sortuko. Esan bezala, ordenagailurik gabeko estudio batean grabatu genuen, baina hasieratik argi izan genuen ez genuela iraganaren nostalgia konturik nahi, zerbait sortzaile, berri eta freskoa baizik.

Zure musikaz mintzo direnean, askotan ateratzen da denboraz gaindiko hitza. Nola lor daiteke garai bateko musikaren espiritua berriz sortzea, generoaren klixeetan erori gabe?

Entzun nahi nituzkeen kantak idazten saiatzen naiz. Lan handia egiten dut klixeak saihesteko, baina, ziurrenera, ez naiz beti oso fin ibiltzen.

Zelako taldearekin arituko zara Donostian?

Talde osoarekin, teklatuak barne, Europan lehen aldiz. Mitch Palmer teklista ekarri ahal izan dut oraingoan. New Orleanseko Michael Hurtt & Haunted Hearts taldean aritzen da normalean, John Trahey baxu jotzailea bezala. Brian Wellsek baterian lagunduko digu.

Zure amerikana nahasketaren estiloa berdin hartzen dute AEBetan eta Europan?

Europako zaleek AEBetakoek baino gogo eta grina handiagoz hartzen dute.

No comments:

Post a Comment