Friday 21 March 2014

«Bilboko Guggenheimek indarkeria erabiltzen du bere inguruaren aurka

Jussi Tiainen, argazkilaria.




Arkitektura-ikuskizunaren aurkako adierazpena da Jussi Tiainen Helsinkiko argazkilariaren lana: 'Finlandiar arkitektura gizakiaren eskalan'. Iparraldeko apaltasun irakaspena Donostian dago ikusgai.
Finlandiar Arkitektura Gizakiaren Eskalan erakusketa jarri du Jussi Tiainen (Helsinki, 1954) argazkilariak EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren sarreran, Donostian. Apirilaren 16ra arte egongo da ikusgai.


Jussi Tiainen




«Gizakiaren eskalan» esamoldea da zure lan honen gakoa. Arkitektura-ikuskizunaren aurkako kritika gisa egin duzu?

Gorroto dut zarata handiena ateratzen duenak arreta bereganatzen duenean. Eta horrek berdin balio du jendearen kasuan zein arkitekturan. Artista bat telebistan edo prentsan agertzeak ez du askotan haren lanaren kalitatearekin zerikusirik, baizik eta jendea eta hedabideak manipulatzeko duen trebeziarekin. Nazioarteko arkitektura ez dago diseinatuta eraikina erabiliko duen jendearentzat, baizik eta arkitektura aldizkari eta liburu ikusgarritarako. Arkitektura argazkilarien bazka da, batez ere, diruarengatik ari diren argazkilarientzat.

Nola definituko zenuke, orduan, arkitektura ona?

Eraikina erabiliko duenarentzat diseinaturikoa eta inguruan bizi behar duenarentzat. Ez du zertan eraikinik handiena edo ikusgarriena edo bereziena izan. Halako eraikinek ez dute irauten, 5-10 urtean iraungitzen dira, eta orduan berriz hasten dira moda berrien bila. Bilboko Guggenheim museoak, esaterako, ez du zerikusirik inguruan dituen eraikinekin, eta beste zeozer izan nahi du. Indarkeria erabiltzen du bere inguruaren aurka. Ez dut esan nahi Gehry ez dela arkitekto ona eta museo eraikinek ezin dutela kontraste egin. Baina kontu handiz ibili behar dugu; eraikin guztiek ez dute zertan harritutektura izan.
Jussi Tiainen

Baina zure Helsinki ere Guggenheim efektuaren bila dabil, beste hiri asko bezala.

Guggenheimek Helsinkira etorri nahi du. Gainera, lekurik hoberenean egin nahi du museoa, Presidentearen Jauregiaren ondoan, hiriaren erdian, berez eraikitzeko ez zen gune batean. Eztabaida handia dago hemen: ez dugu arkitektura txarrik behar, eta museo on asko ditugu. Dena den, Guggenheimen kontra daudenak ekonomiaren egoera aipatzen dute: Guggenheimek etorri nahi badu, datorrela,baina diru publikoa eskatzen badu, hori ez da bidezkoa.

Helsinkin eztabaida piztu zuen Steven Hollen Kiasma museoak 1990eko hamarkadan.

Batzuek esan zuten ez zuela inguruko eraikinekin elkarrizketarik sortzen, baina, nire ustez, oso ondo egiten du, nahiz eta estilo guztiz ezberdinekoa izan. Bilboko Guggenheim beste zerbait da: gustatu zitzaidan barrutik, artelanekin ondo funtzionatzen du, baina uste dut kanpotik ez lukeela horren deigarria izan behar.

Eraikina inguruan integratzeaz ari zara beti. Horregatik maite duzu erretatatzea elurra denean?

Bai, baina bestelako eguraldiarekin egitea ere maite dut, sasoi guztietan. Eguzkia hemen, esaterako, guztiz ezberdina da. Udan, bi hilabetez, iparraldean, ez dago gaurik. Helsinkin ere oso argia da gaua. Neguan alderantziz, eta hori kontuan hartu behar duzu arkitekturan.

Jussi Tiainen


Argazkietan erakusten dituzun Finlandiako eraikinak eredu gisa aurkez daitezke Europako hegoaldean?

Ez. Adibideak dira, erakusteko oso adi entzun behar diezula zure klientei, haiek erabili behar dutelako eraikina. Irudimena erabili behar dute, baina, betiere, behar horien arabera. Ez badiete gizakiei entzuten eta ezta inguruneari ere, txunditektura egingo dute, eta norabide okerrean ibiliko dira, nire ustez.

Zer ikasi beharko lukete politikariek eta arkitektoek tokian tokiko eraikin tradizionalengandik?

Artifizialtasuna baztertzen, eta ez diseinatzen norberaren ibilbide profesionalari begira. Apaltasuna behar dugu, baita arkitekturan ere.

No comments:

Post a Comment