Friday 7 March 2014

«Oso yankiak gara gure musika jotzen, baina geure erara egiten dugu»


AITOR CAÑIBANO. TRAVELLIN' BROTHERS TALDEKO KIDEA


Aitor Cañibano —kalparrarekin—, Travellin' Brothers taldeko beste bost kideekin.  Alex Rodriguez Cruz
Hamar urteak ospatzeko, 'Magnolia Route' diskoa plazaratu du taldeak. Leioatik (Bizkaia) mundurako bluesa egin daitekeela erakusten saiatuko dira gaur, Bilbon, 32 musikari agertokian jarrita.
Travellin' Brothers taldeko gitarrista da Aitor Cañibano (Leioa, Bizkaia, 1974). Magnolia Route diskoa plazaratu berri du taldeak, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin, eta, hura aurkezteko, emanaldi berezi bat egingo dute gaur, 21:30ean, Bilboko Kafe Antzokian. Diskoan lagundu duen La Kantoria abesbatzak eta La Maravillosa Orquesta del Alcohol taldeak ere parte hartuko dute.




Taldeak hamar urte bete du, eta seigarren lana kaleratu duzue. Ospakizun kutsua eman nahi izan diozue?

Bai, zeozer berezia egin nahi genuen urteurrenerako. Lan handia izan du diskoak, jende askok eta musikari askok parte harte dutelako. Seikote bat gara, eta abestiak seion artean egiten ditugu. Eginda ditugunean hasten gara pentsatzen zelako moldaketa behar duen kanta bakoitzak big banderako, gonbidatu berezientzako moldaketak... Hiru urte daramagu T'B Big Band taldearekin lanean, baina diskorako izan dugun osagai berezia abesbatza da.

La Kantoria abesbatza klasikoa da, ordea. Zergatik ez duzue bilatu gospel talde bat?

Nahiago izan dugu erakustea Leioatik mundurako musika egiterik badagoela, Bizkaian eta Euskal Herrian badaudela musikari onak eta Ameriketako musika egin dezakegula kalitate handiz. Lan handia izan da, normalean klasikoa egiten dutelako. Gure ustez, oso ondo geratu da.

1930-40ko jazza, bluesa, soula... Nola erabaki duzue zein estilo landu eta bakoitzeko zenbat kanta eta non sartu diskoan?

Batzuetan, berez ateratzen da; bestetan, bilatu egiten dugu. Gutako bakoitzaren gustuak nahastu egin dira hamar urteotan. Kantak hasten ditugu, baina ez dakigu nola amaituko ditugun. Maite ditugu swinga, New Orleanseko jai giroa, Chicagoko bluesa... Magnolia Route jarri diogu, errepide hori Chicagotik, Nashvilletik eta Menphisetik pasatzen delako. Estilo bidaia bat da.

Nahaspille estiloa, nolabait esateko.

Bai [barre]. Blues talde moduan hasi ginen, baina, orain, AEBetako musika beltz guztia jorratzen dugu. Estilo horiek guztiak, dena den, bluesetik jaio ziren.

Halakoak lantzen dituzten taldeek normalean estiloko standard-ak bakarrik jotzen dituzte. Zuek, ordea, 9 kanta sortu dituzue diskorako. 

Oso gogoko dugu bertsioak jotzea, baina beti saiatu gara geure abestiak sortzen. Erdia eta erdia ibili gara aurreko diskoetan, baina, honetarako, gure lana guztiz pertsonala izatea nahi genuen. Zaila da gauza berriak egitea eta, aldi berean, benetakotasuna galdu barik. Gaur, kontzertuetan, jendeak ez daki zein den gure kanta eta zein bertsioa.

Ez al dago bide horretan arrisku bat: estatubatuarrak baino estatubatuarragoak ematea, alegia?

Horregatik aukeratu dugu Leioako abesbatza klasikoa, nahiz eta AEBetatik gospel abesbatza bat ekartzeko aukera izan dugun. Ez gara beltzak, ez dugu kotoia bildu eta ez gara txaboletan bizi. Ezin dugu egin bluesa haiek egiten zuten moduan. Geure erara egiten dugu, eta harro gaude geure ibilbidearekin. Esaterako, gu oso yankiak gara gure musika jotzen, eta ez dugu oso gustuko Erresuma Batuan egiten duten blues-rocka. Menphisen munduko txapelketan finalerdira heldu ginen, eta Europako talde bakarra ginen. Exotikoak hasieran, baina ikusten dutenean errespetuz jotzen duzula hango musika, berehala onartzen zaituzte.

Gaur, 30 lagun inguru jarriko dituzue agertokian. Ez al da gehiegi?

Egia esan, 32 inguru izango gara. Lehen aldiz arituko gara formatu honekin. Hainbat formatutan gabiltza, talde akustiko gisa, seikote, metal sekzioarekin, big bandekin, eta, gaur, denak abesbatzarekin. Kafe Antzokiko agertokia ez da oso handia. Gutxitan ikusiko dituzu halakoak hemen musika modernoan.

No comments:

Post a Comment