Tuesday 11 March 2014

«LOMCE legea otsoa da, eta litekeena da horrekin guk atzera egitea 30 urte»

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia.


'Wert legea' esaten zaion erreformak euskalduntzeari eta hezkuntza komunitateari ekarriko dion kaltea zertan den eta horri aurre nola egin azalduko du gaur Bilbaok, Lazkaon.
Edu Lartzanguren
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko burua da Paul Bilbao (Algorta, Bizkaia, 1971). LOMCE, otsoa dator. Zer da eta zer datorkigu? hitzaldia emango du, gaur, 18:30ean, Gerriko Txokoan, Lazkaon (Gipuzkoa).

Adierazpen kontrajarriak entzuten ditugu LOMCE legeaz (Wert legea esaten zaiona): alde batetik, larritasuna adierazten dutenak; bestetik, gurean eragina ez dela horrenbestekoa izango diotenak. Nori entzun behar diogu?

LOMCE legeak eragina izango du gurean, eta handia, bai hizkuntzaren trataeran, bai ikasleek aurrerantzean ikasi beharko duten edukiei dagokienez. Gaur, hizkuntzen eredua dugu Euskal Herriaren hegoaldean, eta egunen batean administrazioek eredu orokor bateratua jartzea erabakiko balute, Werten legearen Damoklesen ezpata izango lukete gainean. Curriculumari dagokionez, joan zen astean argitaratu zuten Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta kezkatzeko osagai asko daude. Gure kasuan, hiztun berriak, besteak beste, hezkuntza sistematik datoz. Benetan da geure hizkuntzaren aurkako erasoa, eta ez da gutxietsi behar hizkuntza berreskurapenean izango duen eragina.

Erreformaren zein puntuk erakutsiko lukete legegilearen azpiko asmoa?

Esaterako, ez du jartzen zein ikuztza gaitasuna izan behar duten ikasleek hizkuntza ofizialetan derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean. Trikimailuak dira benetako eztabaidari izkin egiteko; alegia, zein erreforma egin behar da hezkuntzan gaur, bi hizkuntza ofizial dituzten erkidego batean, ikasleek bietan gaitasun egokia izan dezaten. Eztabaida hori saihesten du.

«Otsoa dator», diozunean, beraz, ez duzu artzain gezurtia gogoan.

LOMCE otsoa da, zalantzarik gabe. Eskola komunitate osoa horren aurka agertu da hainbat arrazoirengatik: ez soilik hizkuntzari ekar diezaiokeen kaltearengatik, baita ikastetxetako autonomiari erasotzen diolako ere, besteak beste. Otsoa da arrisku besterik ez dakarrelako, eta litekeena da guk horrekin atzera egitea 30 urte. Hezkuntza izugarri garrantzitsua da gizarte batentzat, eta, gurean, azken 35 urteotan ez badira zazpi hezkuntza lege egon ez da batere egon. Ez da batere normala 5-6 urtean behin, modu ziklikoan, estatuak hezkuntza erreforma berri bat proposatzea.

Nola egin aurre horri ikastola gehienak itunpekoak badira?

Bai, berdin eragingo dio legeak publikoei zein itunpeko ikastetxei. Ikastolek euren curriculuma garatua dute, ikasleen gaitasunetan oinarrituta, ez edukietan. Eta, orain, atzera, edukietan oinarrituriko curriculuma ezarriko dio hezkuntza komunitate osoari. Nola egin aurre halako eraso bati? Benetan onartuko dugu ezartzea? Zer egingo dute erakundeek? Nafarroako Gobernuak jada esan du 2014-15ean ezarriko duela. Jaurlaritzak helegitea jarri dio, baina horrek ez du prozesua gelditzen. Gure ustez, adostasuna badago hezkuntza komunitatean, sindikatuetan, euskalgintzan zein hainbat erakundetan, badago benetako aukera guztiok batera honi aurre egiteko.

Arriskurik ez dago defentsa hutsean geratzeko, aurrera egin gabe?

LOMCEri aurre egiteko modurik hoberena zeurea abian jartzea da. Kontseiluak badauka jada ikasle euskaldunak lortzeko eredu orokor bat hezkuntza komunitatearekin adostuta. Goazen hori abian jartzera. Ez dago beste modurik.

No comments:

Post a Comment