Friday 25 April 2014

«Galdeketa egingo zela ikusi zutenean hasi zen zabaltzen independentziarako nahia»


Ander Larunbe Anderson, itzultzailea.

Eskozia eta Euskal Herria artean egiten du lan Ander Larunbek. Irailaren 18ko erreferenduma gogoan, hango historiaz eta independentziarako eginiko urratsez mintzatuko da gaur Iruñean.
Ander Larunbe Anderson (Iruñea, 1975) itzultzailea da, eta Eskoziarekin lankidetza egitasmo baterako aholkulari dabil lanean. Izan ere, ondo ezagutzen du hango errealitatea, besteak beste, ama hangoa duelako. Eskozia: atzo, gaur eta bihar hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Iruñeko Kondestable jauregian, Nabarraldek antolatuta.



Duela hamar urte norbaiti galdetuz gero Europan zein herrialde egongo zen independentziaren bidean, ziur asko, Eskozia ez zen zerrendan oso aurrean agertuko. Zer gertatu da?

Eskozian, independentziaren aldeko mugimenduak garapen azkar samarra izan du, gauzak beste era batera egin direlako: gobernuak gidatu du prozesua. Eskoziako Alderdi Nazionala iritsi zen gobernura 2007an, eta, geroztik, asko bizkortu da gaia.

Halakoetan, azken urratsa egin aurretik zorabioa izaten dute mugimendu independentzia zaleek. Eskoziaren kasuan, ordea, independentziari baietz bozkatzeko asmo dutenen kopurua handitzen ari da aurrera egin ahala. Nola uler daiteke?

Erreferendumerako galdera eta eguna plazaratu zutenean, orduan hasi zen independentziarako nahia zabaltzen. Hala gertatu zen, nire ustez, jendeak ikusi zuelako, bat-batean, egia zela, galdeketa egingo zela. Jendeak euren buruei planteatu behar izan zion benetan zer aukeratu behar zuen. Datozen hilabeteotan zer gertatuko den zaila da aurreikustea. Karta nagusiak jokatuko dira.

Diruaren gaia zen karta nagusietako bat. Eta duela pare bat hilabete iragarri zuten Eskozia independente batek libera esterlina erabiltzen jarraituko zuela.

Diruaren gaiak ezetzaren jarrera bultzatuko zuelakoan zeuden, eta badirudi alderantziz gertatu dela.

Erresuma Batuko diruarekin eta koroarekin jarraitzea independentzia da?

Nork esanen luke Austria, Herbehereak edo Frantzia ez direla estatu independenteak? Eta euroaren barruan daude. Aldea badago: euroguneko herrialde bat beste hemezortziren artean dago. Liberaren barneko Eskozia, ordea, bat biren artean legoke. Irlandak independentzia lortu zuenean libera esterlina erabiltzen jarraitu zuen 1960ko hamarkadara arte. Liberan jarraitzearekin aurre egin nahi diote zalantzari: zer gertatuko den pentsioekin, aurrezkiekin, esportazioekin...

Ezetzak irabazita ere, nola aldatuko litzateke Eskoziaren egoera?

Ezezkoaren aldeko alderdi batzuek egin dituzte proposamenak: Alderdi Laboristak proposatu du eskumen gehiago ematea Eskoziako Gobernuari. Galdera da noraino diren agindu horiek sinesgarriak. Edinburgok proposatu zuen hiru aukerako erreferenduma: independentzia osoa, statu quo-a edo autonomia osoa (defentsa eta kanpo harremanak izan ezik). Londresek ezetz esan zion hirugarren aukerari, eta independentziari bai edo ez erabakitzera behartu zuen. Hori ukatu ondoren, sinesgarri da pentsatzea eskumen horiek emango dizkietela arrazoizko epe batean? Boto-emaileek erabakiko dute hori.

Hango eta hemengo errealitateak ezagutzen dituzu.

Eskozia ez zuten inoiz konkistatu: muga egonkor eta lurralde onartua izan zuen beti. Eskozian ez da gatazka armaturik egon, eta metropolien jarrerak ezberdinak dira. Katalunian behetik gora ari dira. Eskozian goitik behera. Hemen prozesurik badago, ez da goitik beherakoa. Hemen erabakitzeko eskubidearen inguruan ari gara oraindik, eta hori han gaindituta daukate.

No comments:

Post a Comment