Tuesday 6 May 2014

«Europako Batasuna sistema egonkor samarra da, oso maitatua ez bada ere»


Katerina Yiannibas, Nazioarteko Zuzenbide irakaslea.



Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak antolatuta, EBren eta honen etorkizunaren inguruko elkarrizketa zikloa abiatuko dute gaur Donostian, Europako Legebiltzarrerako bozak gogoan.
Greziako sendi batean jaio zen Katerina Yiannibas, Kanadan. AEBetan ikasi zuen, eta hainbat kontinentetan ibili da ikasten eta irakasten. Azken bost urteak Donostian igaro ditu, Nazioarteko Zuzenbidea irakasten Deustuko Unibertitatean. Los ladrillos de Europa mahai ingurua bideratuko du gaur, 19:30ean, San Telmo museoan. Gabriel Ruiz Mujika arkitektoa eta Juan Jose Alvarez Zuzenbide irakaslea izango ditu aldamenean.

Europaren eraikuntzaz mintzatuko zarete gaur. Galdeketen arabera, abstentzio handia izango da datozen Europako hauteskundeetan. Zergatik ez du jendeak hurbil sentitzen?

Ez dagoelako hurbil, izan ere. Erakunde politikoak geografikoki urrun daude, eta horrek sozialki, kulturalki, politikoki eta emozionalki urruntzen ditu herritarrengandik. Erakundearen konplexutasunak handitu egiten du urruntasuna. Baina abstentzioaren arrazoiak gehiago du zerikusia ulertzeko zailtasunekin. Europako batasuna ez da soilik zuzenbide edo politika afera; gure bizitzaren alderdi guztiekin dago lotuta, eta edonork uler dezake, ez duzu zuzenbideko lizentzia behar ulertzeko. Modu errazean eman nahi dugu ulertzeko informazioa ziklo honetan.

Duela urte gutxi arte, herrialderik europazaleenak hegoaldekoak ziren, eta eszeptikoenak, iparraldekoak. Hegoaldekoei azken urteotan ezarritako austeritate politikek ez diote azpia jan herrialdeon europazaletasunari?

Bai. Urte askotan Europa burbuila baten moduan ikusi egin dugu, eta azken boladan kolpea hartu dugu errealitatearekin. Halere, ez dut uste Greziaren mesederako litzatekeenik Europako Batasunetik kanpo egotea. Greziarrik abertzaleenek ere onartzen dute hori. Ni, esaterako, greziarra naiz, baina Donostian nago europarra naizelako. Beraz, nire legezko izaera bera ere Euskal Herrian lotuta dago Europaren batasunaren gaiarekin.

Ez al dute herritarra Europatik urruntzen mehatxatzen dutenean EBtik kanpo geratuko dela independentzia demokratikoki erabakiz gero?

Nazioarteko aferetan beti daude kontraesan horiek: erabakitzeko eskubidea defendatu nahi da, eta, aldi berean, mugen egonkortasuna. Alderdi guztiak hartu behar dira kontuan, nortasun nazionala, kasurako, eta zuzenbidetik harago dago hori. Beraz, ez dut esango gauza naizenik horri erantzuteko.

Europako zuzentarauak hemen ezarri nahi direnean interpretazio izugarri ezberdinak egiten dira, zaborren tratamendua esaterako. Horretaz ere mintzatu izan zara lehen ere. Hor ere urruntasunak zailtzen du EB ulertzea?

Alderdi politikoari baino gehiago, ingurumen ikuspegitik begiratzen diot nik gai horri. Zientziaz eta ingurumenaz izan beharko luke eztabaida, eta hori, askotan, ika-mika politizatua bihurtzen dugu. Eztabaida zabaldu behar dugu, garrantzitsuena ez baita nork duen arrazoi, baizik eta ingurumenean egiten ari garen kaltea.

Europa erronka bat da oraindik ere?

Europako Batasuna sistema egonkor samarra da, oso maitatua ez bada ere. Hausnartu behar dugu zergatik ez garen identifikatzen egitasmo horrekin. Batasuna sortzeko zeuden arrazoiak indarrean daude oraindik. Puntu ahulak ditugu; eraikina indartu egin behar da. Baina prozesu bat da. Zer edo zer lortu dugu, baina Erroma ez zen egun batean sortu.

No comments:

Post a Comment