Wednesday 7 May 2014

«Sexurako desira izugarri ari da jaisten bikoteetan, oro har, krisiarengatik»

Begoña Labaien, sexologoa.



Bikote harremanetan ekonomiaren egoerak eta gizarteko giroak duten eraginaz mintzatuko da Labaien aditua. Bere esperientziaren berri emango du, kontsultan jasotzen dituen kasuekin ikasitakoa.
Begoña Labaien sexologoa da (Barañain, Nafarroa, 1977). Quiero una cita liburua argitaratu zuen duela bi urte, eta Una puta habla de sexo a su hijo plazaratuko du aurten. Gaur, El impacto de la crisis en las relaciones de pareja hitzaldia emango du, 19:30ean, Barañaingo liburutegian. Ondoren, 20:30ean, Leire Arraiza aktoreak ipuin erotiko saioa egingo du.

Argi duzu etortzen zaizun jende askoren sexu eta bikote arazoak krisiak eragin dituela?

Bai. Krisia eragina izaten ari da, bai harreman bat hasteko orduan, bai amaitzerakoan. Esaterako, norbait gustuko dut, baina ez dut harreman bat hasiko, beste pertsonaren lan egoera ez delako oso argia: agian ez du lanik, eta Mexikora joan beharko du, edo ez du egonkortasunik harreman bat hasteko. Krisiak, azken batean, beldurra eta tentsioa sortzen digu; zapuztu egiten gaitu. Urduriago zaudenean, askoz errazago hasiko zara liskarrean bikotekidearekin. Dirurik ezarengatik, gainera, gustuko ekintza gutxiago egin ditzakegu tentsioa kentzeko.

Nola eragiten du sexualitatean?

Izugarri jaisten ari da sexurako desioa bikoteetan. Ez da harritzekoa: triste edo gogogabeturik bazaude, normala da sexurako gogo gutxiago izatea. Tentsioak sekulako eragina du erekzio arazoetan, eiakulazio goiztiarrean zein orgasmora heltzeko zailtasunetan.

Lanik gabe daudenek pairatzen dute sindromea, edo orokorra dela uste duzu?

Langabezia edo krisiaren beste kalteak zuzenean pairatzen ez badituzu ere, heltzen zaizu eragina: airean dago, albisteetan, jendearen elkarrizketetan... Gabonetan berdin gertatzen da: kontsulta bete egiten da Gabonez ustez paso egiten duen jende urduriaz. Giro bat dago, eta kalte egiten dizu.

Berdin eragiten die horrek gizonezkoei eta emakumezkoei?

Ez nuke esango aldea dagoenik.

Eta sexu bereko bikoteetan?

Horiek zailtasun gehigarri bat dute, krisia gorabehera, ez dutelako kalean elkar musukatzeko askatasun bera. Ikusi ditudan hainbat kasutan, etxea ezin ordaindu eta lagunekin bizitzera joan behar izan dutenek etxean ere zailago dute maitasuna adieraztea. Horrez gain, gogorrago jotzen die krisiak, hainbat lekutan ez dituztelako kontratatzen homosexualak direla jakinez gero; eskola batzuetan, esaterako.

Aurre egiteko, zelako estrategiak proposatzen dizkiezu bikoteei?

Giroa oso ezkorra denez, barruko baliabideak indartu behar ditugu, gizartean dagoen beldurrari aurre egiteko. Zer gauza onuragarri ari diren sustatzen krisiaren harira? Jendearen arteko elkartasuna, esaterako. Psikologikoki horrenbesteko kaltea egiten digun indibidualismoak bazterrean geratu behar du orain. Hitz egin eta gertatzen zaiguna partekatu behar dugu. Kontsumismoak ematen zizkigun pozak beste batzuekin ordezkatu behar ditugu, aurreko belaunaldiek egin zuten bezala. Utzi biktima izateari eta ekin lanari, etxe kaleratzeen aurkako edo beste edozein taldetan. Horrek sekulako mesedea egiten digu psikologikoki.

Eta bikotearen barruan?

Kontu handiz ibili behar dugu, krisiak barrutik hiltzen gaituelako apur bat. Bizipoza kentzen digu. Gizarte gisa elkarrekin bat egin behar dugun bezala, bikotearen barruan berdin: «Talde bat gara» esan, «elkarlanean gabiltza, indartsuak gara...». Gure aitona-amonek hala egin zuten.

No comments:

Post a Comment