Saturday 21 March 2009

«Margotzea amaierarik ez duen bide bat da, baina beti zalantzatik abiatuta»

Mariano Arsuaga, margolaria.




Mariano Arsuaga margolariak (Irun, Gipuzkoa, 1954) Kaleidoskopioa+12 izenburuko erakusketa du jarria Tolosako Aranburu jauregian (Gipuzkoa). Arsuagaren lanak maiatzaren 16 arte egongo dira ikusgai. Horrez gain, Naturaldia jardunaldien barruko Artea Kalean ekimenean hartu du parte. Joan zen ostiralean zabaldu zuten Arsuagak eta Tolosaldeko beste zortzi artistak elkarlanean osaturiko irudi erraldoia, kultur etxeko eraikinaren kanpoaldean.

12 urte pasa dira zure lana zure eskualdean azkenekoz erakutsi zenuenetik, hortik Kaleidoskopioa+12 izenburua. Zergatik hainbeste urte?

Ez ditut inguruan ditudanak aspertu nahi. Hirutan erakutsi dut Aranburu jauregian, eta erakusketa bakoitzaren artean 12 urte pasa dira. Zoriz suertatu da 12 zenbaki hori, baina berriz gertatu denez, izenburuan jarri dut. Beste ideia kaleidoskopioarena da: 12 urteotan egin dudan lanaren mosaikoa edo kaleidoskopioa da erakusketa, azken finean.

Kaleidoskopioaz gain, zure laneko beste kontzeptu garrantsitsua labirintoa da. Galduta zaude?

Margolaritzan zein bizitzan etengabeko zalantza delako nagusi, egia iraunkorrik ez izatea, alegia. Labirintoak erabakia hartzera behartzen gaitu. Koadroak bi bloketan dauzkat jarrita: labirintoak eta ate sekretuak. Azken hori ere margogintzaren beste definizioa da. Margoaren bidez heldu naiz hainbat gauza jakitera, bestela ez nituzke ezagutuko. Halere, margoa hori eta askoz gehiago da: amaiarerarik ez duen bide bat, baina beti zalantzatik abiatuta.

Beti margotzen duzu lurrean, Pollockek bezala?

Ez beti. Koadro berean tartekatzen dut zutik margotzeko uneak eta lurrean margotzekoak. Batzuetan asko urtzen dut margoa, gardentasuna eta beste efektu bereziak lortzeko. Zutik margotuko banu, tantaka egingo luke.

Nola moldatu zarete bederatzi artisten artean Artea Kalean ekimenerako irudi handia egiteko?

Pare bat aldiz bildu ginen, eta askatasuna eman genien geure buruei. Hareazko erlojua osatu dut nire beste lan batzuetan hondakinekin. Naturari buruzko jardunaldietarako denez, naturaren baliabideak hondarra erlojuan bezala agortuko ditugula ohartarazi nahi dut. Denboraren gaia jorratu dut Bernardo Atxagaren poemen inguruan egin ditudan lanetan eta hareazko erlojuarekin jarraitu asmo dut.

No comments:

Post a Comment