Wednesday 25 March 2009

«Beti izan dut argi klasikotik etorrita ere txeloarekin nahi nuen musika joko nuela»

Maite Arroitajauregi, musikari.




Anarirekin eta beste hainbat talderekin biolontxeloa jotzen aritu den musikari eibartarrak diskoa grabatu du Mursego izenarekin, txeloa, elektronika eta ahotsa nahastuta. Gernikan joko du gaur.

Hainbat talderekin txeloa jo izan du Maite Arroitajauregi musikariak (Eibar, Gipuzkoa, 1977), besteak beste, Lisabö, Anari eta Moraurekin. Bakarkako diskoa argitaratu du Mursego izenarekin. Biolontxeloa, elektronika eta ahotsa erabiltzen ditu, eta hainbat hizkuntza nahasten ditu piezatan. Gaur, Gernikan joko du, 22:30ean, Astra gaztetxean.

Zuretzat, antza, ez dago arazorik txeloa rock musikan sartzeko. Beti izan duzu argi txeloarekin halako musika egingo zenuela?

Niretzat biak batera joan dira beti. Txelo ikasketak bukatu baino lehenago, Moraurekin grabatzen ari nintzen. Beti izan dut argi. Txelo jotzailea naiz, baina beti esan dut klasikoaren mundutik etorrita eta tresna klasikoa jota ere beti ahal duzula nahi duzun musika jo.

Mursego izena jarri diozu zure bakarkako lehen egitasmoari. Portugesez horrela ahoskatzen da saguzarra adierazteko hitza. Animalia horrekin identifikatzen zara?

Hitzaren soinua gustatzen zait. Horrez gain, omenaldi bat da BAP taldeari: 'Ni ondo nago, alderantziz zuek zaudete', abesten zuten, 'eszenatokia saguzarrez jabetu'. Batmanen kantaren bertsioa ere egin zuten. Animalia zatarra da izatez, baina gauza politak ditu, odola xurgatzearena, adibidez. Buruz behera zintzilik bazaude, mundua beste era batera ikusten duzu.

Diskoa apirilaren 8an grabatu zenuen, egun batean, eta Myspaceko orrian jarri dituzu kantak entzungai. Zergatik horren azkar?

Bat-batekoa izan da. Duela hilabete batzuk Bilbon bakarrik jotzeko proposatu zidaten. Hilabete bat pasatu nuen prestatzen bilduma. Jendeak oso ondo hartu zuen, eta Eibarko entsegu lokaletako estudioan grabatu nuen, beste talde baterako prest zegoela baliatuta. Orain pentsatzen ari naiz kopiak zelan egin eta zabaldu, baina argi dut CD gisa argitaratu nahi dudala.

Euskara, portugesa, gaztelania, ingelesa eta beste hainbat hizkuntza nahasten dituzu kantetan. Zergatik?

Kantuek beraiek eskatzen didatelako. Tanqueray kantak, esaterako, errusieraz edo polonieraz izan behar zuela iruditu zitzaidan, halako kutsua duelako. YouTuben, mutil bat topatu nuen errusieraz nobela bat irakurtzen, eta esaten zuena transkribatu nuen. 'Gora igo nahi dut Esne Bidean pasiatzeko, eta behera jaitsi nahi dut infernu sutsua ezagutzeko', esan nahi nuen portugesez, Subir arriba baixar abaixo kantan, eta Interneteko hiztegi batekin itzuli nuen, ez dakit ondo edo ez.

Musika ordenagailuarekin egiten dituztenak egurtzen dituzu My Laptopista kantan. Elektronikaz sortzen dituzten hotsak ahotsarekin imitatzen dituzu...

Halako lagun asko egin ditut azken boladan. Egiten dutena gustuko dudala esaten diet kantan, baina nahiago ditudala erritmoa eta melodia dituzten kantak.

Gaur emanaldia duzu Gernikan. Zer joko duzu?

Myspacen ditudan kantak joko ditut, eta baita anaiak joan zen astean urtebetetzerako oparitu zidan berak eginiko ukelelearekin prestatu dudana ere. Horrez gain, Uruguaiko Whisky filmean agertzen den pertsonaia baten elkarrizketa erabili dut: alderantziz hitz egiten du, baina esaten duena ulertu egiten da. Nire musika bezalakoa da: erraza.

No comments:

Post a Comment