Sunday 22 March 2009

«Folk musikariok militante hutsak gara, eta, izorratuta egon arren, jarraituko dugu»


Bieito Romero, Luar na Lubre taldearen sortzaile.


Luar na Lubre


Luar na Lubre Galiziako taldeak 'Ao vivo' bilduma argitaratu berri du. Hiru diskotan jasotako emanaldian, 24 urteko ibilaldiko kanturik hoberenak bildu dituzte. Errepertorio bera joko dute gaur Donostian.

Duela 24 urte Luar na Lubre taldea sortu zuen Bieito Romero musikari galiziarrak (Coruña, 1964). «Munduko talde zeltarik hoberena» zela esan zuen Mike Oldfieldek, 1992. urtera aldera. Bieitoren O son do ar kantaren bertsioa argitaratu zuen Oldfieldek Voyager diskoan (1996). Luar na Lubrek Ao Vivo diskoa argitaratu berri du taldearen urteurrena ospatzeko. Gaur, Donostian aurkeztuko dute, Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.

Zuzeneko disko bat ez al da egiten dena ideia krisiak jota zaudenean?

Folk taldeek ideia berririk ez dutenean, kanta tradizionaletara jotzen dute. Galizia horretan hondorik ez duen putzua da; ez dira inoiz melodiak falta. Baina guk disko honekin zer edo zer ezberdina egin nahi genuen. Aurreko hamar diskoak estudioan grabatutakoak dira. Aspaldi genuen gogoa zuzenekoa grabatzeko, baina orain arte ez ditugu izan horretarako ezinbestekoak diren baldintzak, pertsonalak zein teknikoak. Izan ere, asko axola zaigu gure soinua eta gure produkzioa. Horrez gain, ikus-entzunezkoa egin nahi genuen, eta kontzertu osoaren irudiak ere sartu ditugu.

Rosa Cedron zuen txelo jotzaile eta abeslaria izan zen bederatzi urtez. Zergatik ez da diskoan agertzen?

Ez zitzaigun egokia iruditu Rosa Cedron diskoan egotea. Taldea utzi zuen, eta ez oso modu onean. Ez dugu inongo harremanik harekin, eta iruditu zitzaigun ez zuela zentzurik hura gonbidatzeak, jakinda ez ginela eroso sentituko ez bera eta ez gu. Horrez gain, ez dut uste ezer zor diogunik; abeslari ohia besterik ez da. Sara Louraçok oso ondo bete du haren lekua. Oso ahots egokia duelako aukeratu genuen. Lisboakoa da, eta fadoaren mundutik dator. Gure estiloa aberastuko zuela iruditu zitzaigun. Gainera, guztiz bat dator gure izateko moduarekin, Galizak eta Portugalek gauza asko partekatzen dute, besteak beste, saudade edo tristezia hori.

Diskogintzaren krisiak gehiago edo gutxiago eragiten dio folkari?

Berdin eragiten dio salmenta kopuruari, baina folk munduak min gehiago hartzen du, hauskorragoa delako. Dena den, gu militanteak gara, eta ez da erraza gu hondoratzea. Izorratuta egon arren, hor jarraituko dugu.

Lortu duzue nazioartean merkatua irekitzea galiziako musikarentzat?

Ez. Galiziako musika gure herrialdea bezalakoa da, antolaketarik gabekoa. Zaila da elkarrekin lan egitea. Halere, neronek inoiz ez nuen pentsatuko hainbeste bidaiatuko genuenik. 26 herrialde baino gehiagotan jo dugu.

Baina bazirudien Mike Oldfielden sostenguak ate horiek irekiko zizkizuela...

Mike Oldfieldena une bateko gauza izan zen. Asko lagundu zigun, baina batez ere Espainian zabaltzen. Izan ere, Oldfieldek garai hartan Espainian baino ez zituen diskoak saltzen. Brasilera eta Venezuelara joaten gara, eta han inork ez daki nor den Mike Oldfield.

Zergatik nahi duzu orkestra batekin grabatu?

Halako talde bat orkestra batean sartzeak oso emaitza interesgarriak izaten dituelako. Halere, ez dut uste Galizian halako gauza bat egiteko ahalmena dagoenik. Hemengo orkestretako jendeak aurreiritzia du oraindik folk musikaren kontra. Denborak kenduko du hori, musika guztiak folketik baitatoz.

No comments:

Post a Comment