Thursday 28 May 2009

«Banuen neure burua euskal kanta herrikoietatik behingoz askatzeko gogoa»

Miren Fernandez, musikaria.



Telebistan euskal kantak abesten hainbat urte eman ondoren, berak eginiko kantuak baino ez dituen errepertorioa aurkezteko urratsa egin du sortzaileak. Gaur Zarautzen arituko da taldearekin.

Urte ugari daramazki musikaren munduan, baina, lehen aldiz, soilik berak sorturiko abestiz osaturiko errepertorioa aurkezten ari da egunotan Miren Fernandez (Azpeitia, Gipuzkoa, 1977). Haren kantak entzuteko aukera egongo da gaur, 21:00etan, Zarauzko Euskalduna tabernan. Antxon Sarasuak lagunduko du pianoarekin, Iñaki Olidenek eskusoinuarekin eta Amaiur Cajaravillek kontrabaxuarekin.

Nolatan kostatu zaizu horrenbeste urte, euskal kanta tradizionalak uztea eta, azkenean, zeure kantak zuzenean jotzen hastea?

Azkenean, bai, hori da hitza. Bizitza guztia daramat kantatzen. Aita Valladolidekoa izan arren, euskalduna da, eta txikitan etxean beti entzun izan genituen euskal kantak. Telebistan, Izar Bila lehiaketan aritu eta gero, Sorginen Laratzan bost urtez jardun nuen euskal kantak abesten. Azpeitian kantaldia emateko eskatzen zidaten, baina ez nuen talderik. Azkenean, Zarautz inguruko musikariekin elkartu eta bertsio kontzertua egin genuen. Prefosta izena jarri genion taldeari. Kontzertuak ematen genituen bitartean, neure kantak egiten nituen.

Telebistak zaildu dizu sortzaile gisa agertzea?

Jendeak euskal kanta ezagunekin identifikatzen ninduen, telebistan ikusitakoarengatik. Bat-batean emanaldi bat osorik neure kantekin egitea entzuleentzat gogorra izango zela pentsatu nuen. Orduan, tartekatzen hasi ginen. Azkenean, banuen neure burua euskal kanta herrikoietatik behingoz askatzeko gogoa.

Diskorik grabatzeko asmorik?

Ez dago batere erraza. Zeuk grabatzen eta ekoizten baduzu, ez da horren zaila diskoetxe bat lortzea. Garai batean berehala grabatu eta promozioa egiten zizuten. Orain alderantziz da: promozioa egina izatea eskatzen dizute, jendeak entzunda izatea, eta, grabatzekotan, orduan grabatzen dizute. Gurpil zoroa da, diskorik gabe zaila delako kontzertuak izatea.

Barnera begirako kantak dira. Pianoarekin sortzen dituzulako?

Bai. Piano hutsez sortzen ditut. Kanta intimistak dira, musika lasaia, melodikoa, belarrira erraz sartzen dena. Gainera, formatu akustikoa eramaten dugu.

Ausartu al zara, azkenean, hitzak ere zerorrek sortzen?

Kantaren bat-edo bai, baina ez oro har. Bertsoak idazteko erraztasuna daukat, baina kanta baten hitzak egiteko poesia behar da. Pribilegio izugarria eduki dut, egia esan, hitzak egin dizkidate neure istorioak kontatzeko. Asier Serrano, Pako Aristi, Andoni Egaña, Xabier Euzkitze... Haiekin bildu naiz, istorioa kontatu diet, eta musika erakutsi eta hitzak sortu dizkidate. Musikarekin primeran elkartu dituzte.

Oh Happy Day lehiaketan ibili zara epaile azken boladan. Ez dizu beldurrik ematen epaile izatetik epaitua izatera pasatzeak?

Oso esperientzia ona izan da Oh Happy Day-koa. Besteena epaitzea eta ez da erraza, baina ni neure buruarekin oso kritikoa naiz, eta asko eskatzen diot.

Zer entzungo dugu gaur?

Neuk sortutako doinuak eta pare bat kanta Israelgo bi doinuekin, Pako Aristiren hitzekin. Beti izan dut oso maitea Israelgo musika. Ordubete inguruko kontzertua izango da. Euskal musika tradizonalen moldaketetatik urrun eta jazzetik gertuago.

No comments:

Post a Comment