Tuesday 26 May 2009

«Multinazionalen mundutik gatoz, eta badakigu haien tresnak erabiltzen»

Cynthia Viera, marketinean aditua.




Irudi agentzietan urteak lanean eman ondoren, publizitatearen armak hartu eta marken munduari beste begirada bat ematea erabaki zuen PSMJ bikoteak. Bilbon dute erakusketa, tartean zentsuratutako lanak.

PSMJ arte bikoteko kidea da Cynthia Viera (Las Palmas, Espainia, 1973). Irudi agentzien eta konpainia handien munduan lanean aritu ondoren, mundu horren inguruko beste begirada bat plazaratzea erabaki zuen Pablo San Joserekin batera. Bikoteak Berlindik egiten du lan egunotan, eta haien lana ikusgai dago, ekainaren 26a arte, Bilboko Marzana Espazioan.

Zer da PSJM, eta zergatik izen hori?

Izena erabiltzen dugu enpresa handia emateko. Enpresok bat egiten dutenean halako izenak hartzen dituzte. Merkataritza izen bat da, itxura hutsa. Gu enpresa baten egitura eta funtzionatzeko era dugu. Ni marketina, kudeaketa eta produkzio industrialaz arduratzen naiz.

Eta zer ekoizten duzue?

Hainbat baliabide erabiltzen ditugu. Marx arropa marka sortu genuen, esaterako, eta arropa denda bat eratu genuen. Marka horrekin, Karl Marxen erretratua dekorazio gisa duten jeans prakak, oinetakoak, alkandorak eta bestelakoak saldu genituen. Bilbon erakusten duguna, berriz, The Guardian egunkarian 2007an agerturiko albiste batetik hasi genuen: Errusiako Legebiltzarrak lege bat onartu zuen Gazprom eta Transneft multinazionalei euren armada izateko baimena emateko, arma edo kide kopururik mugatu gabe. Markek, beraz, euren armadak izango dituztela entzun eta erabaki genuen albiste hori zabaldu behar genuela marrazki, bideo eta eskulturaren bidez.

Gaia, orain arte, distopia futuristen eremuan jorratu izan da. Amesgaiztoko mundu hori gauzatzen ari dela salatu nahi izan duzue?

Dagoeneko albiste erreal batez ari gara. Bideoan aurreratzen dugu mundua nolakoa litzatekeen, munduko beste parlamentuek halako legea onartuko balute. Gu multinazionalen mundutik gatoz. Pablo sortzaile lanean aritu da Bassat Ogilvy agentzian. Nik telekomunikazio konpainientzat egin dut lan. Beraz, badakigu mundu horretako tresnak erabiltzen. Horregatik, beste artista batzuk ez bezala, ez ditugu kanpainen parodiak egiten, baizik eta benetakoak izan zitezkeen kanpainen simulakroak.

Zuen lana dagoeneko zentsuratu egin dute halako konpainia baten presioarengatik.

Asia egitasmoa ere ikusgai dago Bilbon. Marka ezagunen logoak jarri genituen honako lelo honekin: «Esklabuek egina, jende askearentzat». Gijonen Plaza Nagusian [Espainia] jarri zuten erakusketa. Bi egunen buruan Reebok etxetik deitu gintuzten. Artea kritika egiteko dagoela uste zutela esan ziguten, eta Thailandian euren lantegiak ikustera joatera gonbidatu gintuzten. Hurrengo egunean, erakusketaren komisarioak deitu zigun. Adidas etxeak esan zion salaketa prest zuela erakusketa kendu ezean. Udalak kentzea erabaki zuen, isunaren beldur. Gero jakin genuen, Adidasek Reebok erosi zuela.

Zer gertatuko da zuekin Adidasek bere armada duenean?

Gure ikusleak gutxi izango dira, baina gure lanen bidez jakin dute askok Errusiako Parlamentuaren erabakiaz, prentsan ez baita asko agertu. Ez dugu mundua aldatuko, noski.

No comments:

Post a Comment