Friday 29 May 2009

«Eskolan ez digute Gurseko kontzentrazio esparruaz hitz egin, hementxe egon arren»

Pierre Johann Suc, koreografoa.



Oroimen istorikoarekin nola jokatzen dugun aztertzeko, 'road movie' bat egin du dantzariak, euskaldun askoren presondegi izaniko Gurseko atxiloketa gunetik Auschwitzerako bidaia kontatzeko.

Pierre Johann Suc koreografoak (Tarbes, Okzitania, 1978) De Gurs à Auschwitz filma aurkeztuko du gaur, 21:30ean, Hazparneko Ttattola Gaztetxean (Lapurdi). Eddy Crampes musikariarekin elkarlanean egindako errepide filma da lana, eta bi artistek Gourseko kontzentrazio esparrutik Poloniakora kamioi batean eginiko bidaia kontatzen du.


 


Nola sortu zen Gursetik Auswitzera bidaia egiteko eta filmatzeko ideia?

Duela hamar urte egin nuen bakarkako lan batetik sortu zen. Nire familiaren balizko judutasunaren inguruko lana zen. Galdera egiten nion neure buruari: «Judua naiz? Zer dakar horrek?». Ideia berriz hartu nahi nuen, eta galdera horiek azaleratzen dituzten lekuak bisitatzea zen erarik errazena. Gursekoa Frantziako atxilotze gunerik handiena zen, Birkenauren parekoa. Historiaren zentzua era ezberdinean hartu da Gursen eta Auschwitzen. Eskolan ez digute hitz egin Gursekoaz, hementxe egon arren; Auschwitzez, berriz, denok entzun dugu.

Ehunka euskaldun izan zituzten preso Gursen, eta horietako asko Auschwitzera eraman zituzten. Bidaia hori kontatu nahi izan duzue?

Gurs oso gune konplexua izan zen. Han egon ziren frankismotik ihes eginiko euskaldunak, espainiarrak eta naziengandik ihes egindako juduak zein ezkerreko alemanak... Guztiak guardia frantziarrek zainduta. Beraz, tokia esanguratsua da memoriaz hausnartzeko: nola kudeatzen da oroimena? Zer egin harekin? Bidean Vichytik igaro ginen. Jendeari galdetu genion ba ote zekien Petain mariskalak non hartu zuen agintea. Inork ez zekien. Antzokian hartu zuen boterea, eta hori oso interesgarria da guretzat, ikuskizun lekua delako.

GPS bat, hiru kamera eta grabagailu digital bat erabili zenituzten, bidaia dokumentatzeko. Zergatik tresneria hori?

5.800 kilometro egin genituen hamar egunean. Kamerek hiru plano grabatu zituzten: aurrera, ezkerrera eta eskuinera. Hiru pantailako sistema eratu dugu, ikuslea kamioiean senti dadin.

Bidean jendearekin hitz egin zenuten. Zer esaten digu jaso zenutenak oroimenaren inguruan?

Ez genuen artxiboko irudirik erabili nahi izan, baizik eta bertako jendeari galdetu. Edadekoei galdetzeko esaten ziguten batzuek. Beste batzuek, berriz, asko zekiten, baina ez zuten hitz egin nahi. Beste batzuk ez ziren isiltzen. Alsazian topatu genuen gerran ibilitako nire familiako azken kidea. Alemaniako armadan sarrarazi zuten, eta gerraren amaieran aliatuei azaldu behar izan zien bera ez zela alemaniarra. Nurembergen izan ginen, naziek mitin handiak erabilitako lekuan.

Nola bateratu duzue oroimen eta min hori, musika eta dantzarekin?

Filmeko musika guztia bidaian sortua da. Nik gertaeron biktima baten aurrean dantzatu nahi nuen hasieran bakarkako dantza pieza, baina gero ikusi nuen lanak gehiago zuela zerikusirik familiarekin eta oroimenaren transmisioarekin, holokaustoarekin baino. Beraz, nire aitaren aurrean dantzatu nuen, nire bost urteko alabaren ondoan. Hiru belaunaldi, beraz. Aitaren aurrean, berak ez zielako gurasoei galdetu, eta alabaren aurrean, oraindik ezin zaiolako azaldu, baina ezin diogulako ez kontatu.


No comments:

Post a Comment