Saturday 30 May 2009

«Zainketa aringarriak eutanasiaren antidotoa direla esatea gezurra da»

Luis Montes, sendagilea.



Espainiako eskuinak 'Heriotza doktorea' ezizena jarri zion Madrilgo Severo Ochoa ospitaleko larrialdietako buru ohiari. Epaitegietako batailak irabazita, eutanasiaz mintzatuko da gaur Donostian.

Madrilgo Severo Ochoa erietxeko larrialdi zerbitzuetako burua zen Luis Montes (Salamanca, Espainia, 1949), 2005. urtean, Madrilgo Autonomia Erkidegoko Gobernuak 400 gaixo hil izana egotzi zionean. Gaixoei lasaigarri dosi hilgarriak ematea egotzi zieten Montesen taldeko zortzi sendagileri. Kasuak eztabaida gogorra eragin zuen Espainiako gizartean. Hiru urteren buruan, salaketa baztertzea erabaki zuten epaileek. Muerte digna, mitos de los cuidados paliativos izenburupean, hitzaldia emango du Montesek gaur, 19:00etan, Kutxaren aretoan (Arrasate Kalea, 12).

Hilzorian dauden gaixoei emaniko zainketa aringarrien inguruan mitoak daudela diozu. Zein mito?

Min mota guztiei aurre egin diezaieketela, horra lehen mitoa. Hori gezurra da. Inongo adituk ezin du esan tratamendu horiek hilzorian den gaixo batek dituen min fisiko eta psikiko guztiei egin diezaiekeela aurre. Panazea bezala aurkezten dituzte zainketa aringarriak, baina hori mito bat da. Zainketa aringarriak eutanasiaren antidotoa direla, horra beste mito bat. Diotenez, zainketa aringarriak denengana helduz gero, inork ez luke eutanasiarik eskatuko. Batzuk oraindik uste dute hobe dela gaixoari zer duen ez esatea. Azken mitoa: etxean hiltzea da hoberena. Argi dago heriotzak ahalik eta erosoena izan behar duela. Etxea izan daiteke lekurik hoberena, landa-etxe bat edo larrialdi zerbitzuak. Hiltzeko ez dago errezetarik.

Gaixoaren askatasuna beste ezeren aurretik dago?

Askatasuna eta gaixoak zer duen jakitea da funtsezkoena, eta legeak hori bermatzen dizu. Bazter ditzagun pitokeria mistikoak: gaitz hilgarria baduzu eta zure heriotza izugarri mingarria izatea litekeena bada, alferrik dira zainketa aringarri guztiak. Haatik, eskubide osoa duzu laguntza eskatzeko zure bizitza amaitzeko, uste baduzu ez zarela duintasunez bizitzen ari. Gaixoak erabaki behar du, ez medikuak.

Hiru urteko gurutzebidea pairatu zenuen epaitegietan. Gaia eztabaida mahaian jartzeko balio izan zuela uste duzu?

Europa osoan jarri da gaia mahai-gainean azken boladan, hainbat kasuk bultzatuta: Chantal Sebire Frantzian, Eluana Englano Italian, Hannah Johns Ingalaterran. Espainian, Ramon San Pedrok ireki zuen. Gure erietxearen kasuan, piztia bezala sartu zen eskuina, Elizaren ideologiaren tresna gisa, heriotza gai minberan.

Manuel Lamela, zu salatu zintuen Madrilgo osasun sailburuak auzitegian erantzun beharko du. Federico Jimenez Losantosi 132.000 euroko bermea ezarri zioten asteazkenean zu iraintzeagatik. Zauria ixten laguntzen du horrek?

Madrilgo gobernuak antolatu zuen kanpaina, ez Lamelak. Hedabideen kanpaina ez zen soilik Losantos: El Mundo izan zen, La Razon, TeleMadrid... Ez nau pozten horrek, baina hiritarren eskubidea da irainei aurre egitea. Oso gogorra izan zen. Gure taldeko kide batzuek Madrildik atera behar izan dute. Zauria ez da horren erraz itxiko, denbora beharko du.

Denbora kontua da ere, Herbehereetako eredua Europan zabaltzea?

Ez da denbora kontua, eztabaida kontua baizik. Espainiako Gobernuaren jarrera salagarria da, legealdi hau garaia ez dela dio. Eztabaida ez badago, ez gara inoiz prest egongo. Hiritarroi dagokigu, indar politikoen aurretik jarri eta eztabaida irekitzea.

No comments:

Post a Comment